Txirrindularitza

La Pelusorako izena ematea zabalik

Guaixe 2020ko urt. 16a, 12:56

Maiatzaren 9an jokatuko da Irurtzungo Zikloturista Martxa eta izena ematea zabalik dago lasterketa www.rockthesport.com web gunean

Irurtzun Bi Ahizpe Txirrindularitza Elkarteko kideek La Peluso martxa antolatu dute, bigarrenez. Maiatzaren 9an izanen da, Irurtzunen, goizeko 8:30ean Irurtzungo Foru Plazatik abiatuta. Bi ibilbide izanen dira, luzea, 138 km-koa eta laburra, 89 km-koa. Ibilbideen informazioa eta trackak eskuragarri daude La Pelusoren web orrialdean (www.lapeluso.com). 

Iaz antolatu zuten lehenengoz La Peluso martxa. Peluso, Irurtzunen txirrindularitza sustatu zuen Jesus Legarraren ezizena zen, eta horregatik jarri zioten bere izena txirrindularitza martxari. 965 txirrindularik eman zuten izena eta guztiz arrakastatsua izan zen. Bestalde, antolakuntzak Irurtzunen txirrindularitza sustatu zuten Jesus Legarra “Peluso” eta Pello Alzueta zirenak eta Antonio Martinez omendu zituen, eta horretaz gain Irurtzunen Reynolds taldea sortu zenaren 40. urteurrena buruan, atzera egin eta garai haiek gogoratu zituzten. Besteak beste, Miguel eta Pruden Indurain, Arroyo, Sanz, Gorospe, Vidales, Esparza, Errea, Etxabarri, Ocaña, Atxa eta Iza igo ziren oholtzara. 

Horregatik, aurten ere Irurtzungo martxan aritu nahi dutenei lehenbailehen izena emateko gomendioa egin diete antolakuntzatik. 18 urtetik gorako txirrindulariek eman dezakete izena, www.rockthesport.com web gunean. Federatuek 20 euro eta federatu gabekoek 25 euro ordaindu beharko dituzte, izena ematea martxoaren 8an egiten badute. Hortik aurrera, apirilaren 30era arte eman ahalko da izena, baina federatuek 25 euro eta federatu gabekoek 30 euro ordaindu beharko dituzte. Aipatzekoa da La Pelusok txirrindularitza ekipamendu ederra diseinatu duela, culote eta maillotak, eta izena ematekoan bertan ere eros daitezkeela ekipamendu berezi hauek.