Paris 365 proiektua babesteko asteburua

Guaixe 2020ko urt. 17a, 14:40
Iratxo elkartea.

Iratxo elkarteak Paris 365 jangela sozialaren aldeko elkartasun asteburua hartuko du. Paris 365 fundazioa ekonomia egoera “larrian” dago eta hura lagundu nahi dute.

Finantza arloak eragindako ekonomia krisi betean, 2009an, Gizakia Herritar fundazioak Paris 365 jangela soziala zabaldu zuen Iruñeko Alde Zaharrean. Erakunde publikoak ezin iritsi zeuden garaian sortu ziren, premiazko egoerari erantzuteko. Ekonomia, osasun edo gizarte arrazoiengatik elikadura egokia eskuratu ezin duten pertsonei euro baten truke gosaria, bazkaria eta afaria ematen diete Paris 365 jangela sozialean. Jangelaren leloa den “gizarte justiziaren alde, berdintasuna eraikitzen” leloari segituz hasi ziren lanean.

Hamar urtetan 278.000 gosari, bazkari eta afari baino gehiago eman dituzte. Jendearekin zuzeneko harremana izateak bestelako premiez jabetzera eraman zuen fundazioa eta, horrela, baliabide gehiago sortu zituen: despentsa solidarioa (haurrak dituzten familien elikadura bermatzeko), zopa beroa (negua kalean eta bakarrik pasatzen dutenei astean hirutan banatzen zaie), Paris 365 txokoa (egoera zaurgarrian dauden pertsonei baliabideak eskaintzen dizkiena), Garabato ikasketa komunitatea (Alde Zaharreko erakundeekin batera haurrei zuzendutakoa) eta Paris Etxea (premia duten pertsonei edo familiei aldi baterako etxebizitza eskaintzeko). Guztiak aurrera egiten du 1.700 boluntarioren lanarekin eta 500 bazkide baino gehiagoren ekarpenarekin.

Erakundeko buru Patxi Lasak jakinarazi duenez, fundazioaren egoera “larria da, eta jantoki soziala ixteko arriskuan dago, 67.000 euroko defizita baitugu”. Krisia bukatutzat ematen duten mezuak zabaldu dira gizartean eta ondorioz halako ekimenendako laguntzak behera egin dute. Nahiz eta eskaria dagoen eta neguan handitu egiten den. Hainbat neurri hartu dituzte eta lehentasunezkotzat jo dute elikadura baliabideak mantentzea (jatetxea, despentsa eta zopa beroa). SOS Paris 365 kanpaina abiarazi zuten abenduan eta otsaila bitartean 100.000 euro bildu nahi dituzte. 

Irurtzunen ekimena  
Makina bat irurtzundar boluntario lana egiten ari da Paris 365 jangelan eta sanferminetan zabaltzen den tabernan. Haietako bat da Txiki Iriarte. “Haien egoeraren berri jakin genuenean erabaki genuen zerbait egitea. Ez soilik dirua ateratzeko, kontzientzia zabaltzeko ere; prekarietatea hor dagoela salatzeko”. Iriartek esan digunez, “asteburuan Paris 365en lan egiten duten modua erakutsi nahi dugu eta, horregatik, boluntario lana modu askotara egiteko aukera eskainiko dugu: azokarako gauzak ematen, afarirako jatekoak ematen, afaltzera etorriz, azokan lagunduz…” Asteburuko ekimenen beste helburu bat da Gizakia Herritar fundazioarendako bazkide gehiago lortzea. 

Antolatutako egitaraua Iratxo elkartean izanen da eta, horregatik, elkarteari esker ona azaldu dio. Egitaraua zabaltzeko fundazioko kide diren Patxi Lasak eta Mikel Legarrak Paris 365n funtzionamenduaren berri emanen dute gaur, 19:30ean. Larunbatean, 21:30ean, elkarteak fundazioaren aldeko herri-afaria hartuko du. Erredakzioa ixterakoan 70 bat pertsona zeuden izena emanda. Iriartek azaldu digunez, “zero kostua izaten saiatzen ari gara. Jendeak eta denda batek jatekoak eman dizkigu”. Beraz, afariagatik ordaintzen diren 12 euroak zuzenean fundaziora joanen dira. Despeditzeko, igandean, Iratxo elkarteak Paris 365en aldeko azoka hartuko du. Arropa, musika, liburuak eta beste modu onean eskuratzeko aukera izanen da. Irurtzundarrek emandako materialekin osatutako azoka da eta 10:00etatik 15:00etara zabalik izanen da. Elkartetik pasatzen direnak, gainera, taberna zabalik opatuko dute, eta han edariarekin eta pintxoekin ateratako dirua ere fundazioarendako izanen da. 

Bakarren batek larunbateko afarirako jatekoak eman nahi baditu, edo igandeko azokarako materiala eman, Itziar Matxain eta Txiki Iriarterekin hitz egin beharko du.