Areto futbola

Osasuna Magnak ezin izan zuen erremontada gauzatu

Guaixe 2020ko urt. 27a, 10:03

Cartagenak 7 eta 6 irabazi zion Imanol Arregiren taldeari. Partidari buelta ematear egon ziren nafarrak, baina ezinezkoa izan zen

Cartagenaren kontra aritu zen larunbatean Osasuna Magna Xota, ligako 19. jardunaldian, Murtzian. Baloiaren jabetza hartu zuen talde nafarrak, eta partida kontrolatu zuen, baina ez zen Cartagenaren atea zulatzeko gai izan. Defentsa bikaina egin zuen Cartagenak. Gutxika etxeko taldea esnatu zen, jokaldiak ontzen hasi, eta jokalari berdeak ia konturatu gabe 3 gol sartu zituen Cartagenak. 

Atsedenaldiaren ondoren partidak bere horretan jarraitu zuen eta laugarren gola sartu zuen Cartagenak. Imanol Arregiren mutilak saiatzen ziren, baina ezin zuten Cartagenaren atea gainditu. Azkenean, eskuin bandatik Eric Martelek egindako jaurtiketak Cartagenaren atean bukatu zuen eta markagailua mustu zuen Osasuna Magnak. Hala ere, honek ez zuen soka ekarri eta Cartagenak beste bi gol sartu zituen. Markagailuak 6 eta 1 zihoen Osasuna Magnak erantzun zuenerako. Araça atezain-jokalari jarri zuen Imanol Arregik, eta erasoan hasi ziren berdeak. Estrategia ongi atera zen, Rafa Usinek bigarren gola sartu zuelako, baina Cartagenak zazpigarren gola sartuz erantzun zuen. Baina Usinek hirugarrena sartu zuen, Mancusok laugarrena, Martelek bosgarrena, penaltiz, eta Mancusok seigarrena. Baina denbora bukatu zen eta 7 eta 6 galduta eta erremontada ia gauzatzear despeditu zuen partida Osasuna Magna Xotak. 

Imanol Arregi oso kritiko azaldu zen. “Ez gara ongi aritu. Lehen zati txarra egin dugu, eta bigarrenean erremontada gauzatzear egon gara, baina ez dugu partida ona egin. Egin dugun partida ikusita, ez dugu berdintzea merezi” aitortu zuen teknikariak. 

Sailkapen orokorrean, Movistar Inter da lehen mailako lider (47 puntu), 3 puntura Barça duela (44 puntu). Osasuna Magnak behera egin du sailkapenean eta 6. postuan dago (35 puntu). Hurrengo jardunaldian 27 punturekin sailkapenean 7. eta arerio zuzena den Levanteren kontra ariko da Osasuna Magna.