Donostian ebatsitakoa Irurtzunen agertu

Guaixe 2020ko urt. 27a, 10:33
Foruzaingoak berreskuratutako telefonoak eta dirua.

San Sebastian egunean Donostiako Alde Zaharrean lapurtutako 53 telefono mugikor Irurtzungo hotel batean ostatu hartutako lau pertsonen esku agertu ziren.

Foruzaingoak hiru gizonezko eta emakumezko bat atxilotu zituen Irurtzungo hotel batean ostegunean. Telefono mugikorra ebatsi zioten Aretxabaletako emakumezko batek telefonoaren geolokalizatzailea bere tabletarekin sinkronizatuta zuen. Horri esker jakin zuen bere mugikorra Irurtzunen zegoela eta Ertzaintzari jakinarazi zion. Hark gaztigatuta foru polizia Irurtzunera jo zuen eta lau pertsonei testigantza hartu zien. Poliziek lauen bertsioetan koherentzia eza sumatu zuten. Haiek miatzean hiru telefono eta zatitan eta proportzionalki banatutako 766,54 euro atzeman zieten. Horregatik, atxilotu eta Iruñeko polizia-etxera eraman zituzten. Atxilotuen autoaren miaketan salatzailearen telefonoa agertu zen. Eta gelan ezkutatutako motxila batean, berriz, 43 telefono gehiago opatu zituzten foruzainek. 

Atxilotutako lau pertsonak 21 eta 30 urte artekoak dira eta antzeko ebasketengatik aurrekari ugari dituzte, gehienak Bartzelonan. Atxilotutako gizonezko bati ere agiriak faltsutzea ere egozten diote, sorterriko gida-baimena faltsutzeagatik. Foruzaingoak jakinarazi zuenez, “kaleratze txostena dutenez, estatuan egoera irregularrean daude, horregatik, pasaportea kendu zaie”.

Aretxabaltarrak Iruñean berreskuratu zuen bere mugikorra eta gainerako 52 gailuak ere bueltatzen hasi da Foruzaingoa. Poliziak telefonoetako urrutiko geolokalizatzailea piztea aholkatu du, kokapenaren ezarpenaren edo lokalizaziorako propio sortutako aplikazioen bidez. “Galduz edo ebatsiz gero informazio baliagarria ematen dute, GPS, GSM edo WPS bidez gailuaren arrastoari segitzeko aukera baitago”.