Pilota

Retegi Bi, Irurtzun klubeko pilotari berria

Guaixe 2020ko ots. 6a, 16:16

Irurtzun kluba Euskal Herriko Kluben Arteko VI. Txapelketa Nazionaleko aurrefinaletarako sailkatu da

Retegi Bik Asperekin pilotari profesional izateari utzi zion. Bere despedidan, ez duela pilota utziko adierazi zuen iruindarrak, eta afizionatuen mailan aritzea erabaki du, hain zuzen ere Irurtzun klubean. Bada, Euskal Herriko Kluben Arteko VI. Txapelketa Nazionalean, larunbatean Irurtzun kluba Tolosako Aurrera klubaren kontra aritu zen Zumagarrako Beloki pilotalekuan, txapelketako final laurdenetan, eta Irurtzunek sekulako maila eman eta finalerdietarako sailkatu zen. Retegi Biren bueltak ikusmin handia sortu zuen. 

Irurtzunek eta Tolosako Aurrera klubek larunbatean jokatutako final laurdenetan, lau eta erdian, Irurtzun klubeko Josu Olaetxeak Eneko Labaka (Aurrera) mendean hartu zuen, tanto bakarreko aldearekin (18 eta 17), emozioz betetako partidan. Zumarragan zeuden pilota zaleak harrituta utzi zituen Olaetxeak, azken hilabeteetako prestakuntza fisikoaren ondorioz gihartu eta indartu delako eta ikaragarri aritu zelako Labaka bezalako kaiolako espezialista baten kontra. 

Ondoren, Buruz Buru Retegi Bik ordezkatu zuen Irurtzun. 16 urteko Amiano (Aurrera) izan zuen aurkari, eta nahiz eta Amiano 1 eta 5 aurreratu, Retegi Bik partidari buelta eman zion eta 18 eta 7 gailendu zen. Bukatzeko, Binakakoan, Ongayk eta Bergerak (Irurtzun) 22 eta 17 hartu zituzten mendean Elola eta Telletxea (Aurrera), partida ikusgarrian. 

Horrela, final laurdenetako 3 puntuak lortuta, Euskal Herriko Kluben Arteko Txapelketa Nazionalean aurrera egin du Irurtzunek eta martxoaren 8an, goizeko 11:00etan hasiko den jaialdian, finalerdiak jokatuko ditu. Oberena eta Paz Ziganda klubek igande honetan, otsailak 9, goizeko 11:00etatik aurrera Zumarragan jokatzen duten final laurdenetako irabazlea izango da Irurtzunen arerioa finalerdietan. 2019an Euskal Herriko Nazionaleko txapela jantzi zuen Irurtzunek, eta aurten ere txapela hori nahi du.