Areto futbola

Osasuna Magnak ostiralean Movistar Inter liderraren kontra jokatuko duen partidarako sarrerak salgai jarriko dira bihar

Guaixe 2020ko ots. 12a, 13:30
Tatono Arregi, Xotak atera duen Espainiako Koparako bideoan.

Ostegunean, 10:00etatik 12:00etara eros daitezke sarrerak Xotak Irurtzunen duen bulegoan

Espainiako areto futboleko selekzioaren konpromisoengatik Lehen Mailako Areto Futboleko Ligak atseden hartu zuen, baina hurrengo jardunaldiaren atean gaude. Hain zuzen ere, ostiralean, Lehen Mailako ligako sailkapenean 6. postuan dagoen Osasuna Magna Xotak Movistar Inter liderra hartuko du Anaitasunan, 21:00etatik aurrera hasiko den partidan. Goi mailako partida, beraz, Imanol Arregiren taldearendako. Azkeneko jardunaldian Cartagenaren kontra 7 eta 6 galdu ondoren, liderraren kontra aritzeko gogotsu daude jokalari berdeak, halako hitzorduetan hazi egiten da Osasuna Magna Xota, eta kantxa faktorea alde, liderrari hozkada emateko prest dago talde irurtzundarra. 

Sarrerak
Ostiraleko partida Klubaren Eguna izendatu du Xotak, eta, hortaz, Abonu Unibertsala ez duten bazkide eta babesleek euren sarrera erosi beharko dute, prezio merkeagoan. Sarrerak bihar, osteguna, jarriko dira salgai, Xotaren Irurtzungo bulegoan, Lizarra kaleko 5. zenbakian, goizeko 10:00etatik 12:00etara eta Iruñeko bulegoan, Ermitagaña kaleko 11. zenbakian, 18:00etatik 30:00etara. Abonatu eta babesle helduek 10 euro ordaindu beharko dute, abonatu gazteek 5 euro, eta abonatuak ez direnek, helduek 20 euro eta gazteek 15 euro. Anaitasuna pabilioiko txarteldegia partida egunean zabalduko da, 19:00etatik aurrera. 

Espainiako Koparako bideoa
Martxoaren 5etik 8ra Lehen Mailako Areto Futboleko Espainiako Kopa jokatuko da Malagan, eta bertan aritzeko sailkatu zen Osasuna Magna Xota. Zozketak erabaki zuen Kopako final laurdenetan talde berdeak Barça izango duela aurkari, martxoaren 6an jokatuko den partidan. Gainontzeko partidetan El Pozo Murcia Levanteren kontra ariko da, Movistar Inter Palma Futsalen kontra eta Jaen Paraiso Interior Viña Albali Valdepeñasen kontra. Osasuna Magna eta Barçaren arteko talde irabazleak El Pozo Murcia eta Levante taldeen arteko garailea izango du aurkari finalerdietan. 

Bada, Osasuna Magnaren Kopako parte-hartzea girotzeko, bideo berezia egin du talde berdeak, Osasuna Magna Xotaren eta Irurtzun herriaren arteko lotura goraipatzen duena. Taldean lau jokalari irurtzundar daudela aipatzen da: Roberto Martil atzelaria eta taldeko kapitaina, Dani Saldise hegaleko jokalaria, Asier Llamas atezaina eta aurten talde nagusian debutatu duen Ion Cerviño atzelaria, harrobiko jokalaria. “Harrigarria da gurea bezalako herri txiki batean lehen mailan aritzen diren lau jokalari, entrenatzailea eta talde tekniko guztia egotea. Hori ez da beste tokitan ikusten” dio Roberto Martil kapitainak bideoan. “Urte oso gogorrak ziren, drogak eta beste zirela, baina guretako kirola izan zen gure lagun arteko lotura, Xota. Hortik aurrera gora egin zuen. Egun, orduan 15 urterekin areto futbolean hasi ginenetatik zenbaitek jarraitzen dugu Xotan, 57 urte ditugunak, eta oraindik profesionaletara iristen diren gazteak ateratzen dira” gaineratzen du Tatono Arregi presidenteak. Irurtzunen Xota areto futbol klubak duen garrantzia nabarmentzen da bideoan. 

Xotako www.xota.es web gunean ikus daiteke bideoa.