Areto futbola

Roberto Martilek dio ez dela Xotatik mugituko

Guaixe 2020ko ots. 14a, 11:50

Osasuna Magna Xota taldeko kapitain irurtzundarrari 2023ko ekaineraino luzatu dio kontratua Xota klubak

Roberto Martilek bere bizitzako taldean jarraituko du beste hiru urtez. Xota klubak eta kapitain irurtzundarrak kontratua sinatu dute eta, horrela, 8 zenbakia duen atzelari irurtzundarrak Osasuna Magna Xota taldean jarraituko du 2023 urteko ekainera arte. Roberto Martilek eta Xota klubeko presidente Tatono Arregik eman zuten erabakiaren berri, prentsaurreko bidez, eta bi irurtzundarrak oso pozik zeudela aitortu zuten. “Kontratua berritzeko negoziazioak ez zituen 16 segundo ere iraun. Garai zailak datoz, baina Roberto Martil kapitainak gurekin jarraitzea balore handikoa da taldearendako, eta ilusioa badugu” nabarmendu zuen Tatono Arregik. 

Izan ere, eta oraindik ofizialki konfirmatu ez bada, badirudi Eric Martel eta Dani Saldise jokalariak Movistar Inter taldera joango direla hurrengo denboraldian; jakina, bi baja horiek oso garrantzitsuak izango dira talde berdearendako. Ildo honetan, Movistar taldeak fitxaketak egiteko moduak ez direla onenak izan aipatu zen prentsaurrekoan. “Lehen mailako areto futbolean orekak apurtu dira, eta ustez Interviu taldearekin fitxatu duten bi jokalariekin ez dugu aukerarik ere izan. Diruak ez du klasea ematen: klasea izaten da, edo ez da izaten. Talde bikaina da, baina gauza bat predikatzen dute eta bestea egiten dute” aipatu zuen Tatonok Movistar Interri buruz. Hala ere, ostiraleko partidan Movistarreko zuzendaritzari harrera ona egingo dietela gaineratu zuen Tatonok, “klub honek beti duen edukazio eta portaerarekin”. 

Aurten hainbat talderen aurrekontuak nabarmen hobetu diren bitartean –Levante, Cartagena, Valdepeñas…– Xotan zailtasunekin jarraitzen dute, beti bezala. Horregatik, garai gogorrak datoz, eta atzera ere taldeak bere burua “berrasmatu” beharko dutela azpimarratu zuen Tatonok. “Xotan ongi zentratuta egon behar dugu, aurrekontuari begiratuta errealak ez diren gauzengatik borrokatzen ari garelako, eta gure aldagelak bulkatuta ekiten diogu borroka horri” nabarmendu zuen Tatonok. Halaber, nahiz eta Imanol Arregi entrenatzaileak eskaintza garrantzitsuak izan, teknikari irurtzundarrak taldean jarraituko duela berretsi zuen bere anaia Tatonok. “Imanolek berrasmaketa berde berria gidatuko du” adierazi zuen argi eta garbi. Halaber, Rafa Usin berritzeko lanetan daudela gaineratu zuen presidenteak, “hitzezko aurreakordio bat” dutela. 

Roberto Martil, oso pozik
Roberto Martil atzelari irurtzundarrak 32 urte ditu eta aurki 33 beteko ditu, eta Xotak bera berritzeko egindako esfortzua eskertu zuen. “Klubak nire aldeko apustua egin du; 33 urte beteko ditut aurki, eta adin horrekin ez da erraza hiru urteko kontratua eskaintzea. Dena emango dut fisikoki bikain egon eta taldearen alde lan egiteko. Ni ez naiz Xotatik mugituko” adierazi zuen jokalariak.