Areto futbola

Osasuna Magnak barkatu zuen, eta garesti ordaindu zuen

Guaixe 2020ko ots. 17a, 12:09

Imanol Arregiren taldeak gol aukera ugari barkatu zituen eta, azkenean, Inter Movistar liderrak 2 eta 5 irabazi zion. Asteazkenean Levanteren kontra ariko da talde berdea

Osasuna Magna Xotak Inter Movistar liderra hartu zuen ostiralean 3.000 ikuslerekin beteta zegoen Anaitasuna pabilioian. Giro pareagabea alde zuela, liderrari horzkada bat ematea eta hiru puntuak bereganatzea zen talde berdearen helburua, baina barkatzen duenak garesti ordaintzen du, eta hori gertatu zitzaion Imanol Arregiren taldeari. Izan ere, Osasuna Magnak dominatu zuen, gol aukerak izan zituen, kontrako atera iritsi zen, baina akats gehiegi egin zituen. Eta hori ezin da egin Inter Movistar bezalako talde ahaltsu baten kontra, garesti ordaintzen delako. 

Hasieratik erasora atera zen Imanol Arregiren taldea. Inter Movistar taldearen defentsa sendoa zen, baina, gutxika, defentsa gainditzen hasi ziren jokalari berdeak. Roberto Martilek, Mancusok eta Alexek gol aukera argiak izan zituzten, baina zurtoinak, langak eta Inter Movistarreko Alex atezainak euren asmoak zapuztu zituzten. Aldiz, Inter Movistarreko Pitok eta Gadeiak Asierrek zaintzen zuen atea zulatu zuten eta 0 eta 2 galtzen zihoazela joan ziren aldageletara jokalari berdeak. 

Bigarren zatian Inter Movistar estutzera atera zen Osasuna Magna. Movistarreko Pitok euren arean baloia defendatzen ari zela, Dani Saldisek hanka sartu eta baloia atean sartu zen. Horrela, 1 eta 2 hurbildu ziren berdeak, Anaitasuna betetzen zuten zaleen zoramenerako. Zaleen oihuen laguntzarekin, Eric Martelek bigarren gola sartu eta bina berdindu zuen talde nafarrak. Hortik aurrera jokatu zuen hobekien Imanol Arregiren taldeak. Erasoan murgildu ziren berdeak, eta Bynhok, Usinek, Martilek eta Mancusok aukera bikainak izan zituzten, baina zortea ez zegoen alde. Eric Martilek falta egin zuen, eta Movistarreko Gadeiak egindako jaurtiketarekin hirugarren gola sartu zuen Inter Movistarrek, sekulakoa. 6 minuturen faltan, Martel atezain-jokalari moduan jarri zuen Imanolek. Osasuna Magna kontrako atea zulatzen saiatu zen, baina ezin. Interrek baloi bat lapurtu eta Pitok Movistarren laugarren gola sartu zuen, eta Madrilgo taldeko Alex atezainak beste bat sartu zuen, atetik egindako jaurtiketa batekin. Horrela, azkenean 2 eta 5 galdu zuen Xotak, zigor handiegia. 

Arregik dioenez taldea “oso ongi” aritu da
Imanol Arregik azaldu zuenez, “porrota ez zen justua izan”. “Ezberdintasun bakarra kolpea izan da, tokea. Binakako berdinketaren ondoren aurreratzeko aukera izan dugu, baina eurek faltaz egin diguten hirugarren golak min handia egin digu. Jokoaren edo gol aukeren aldetik ez dugu galtzea merezi izan, baina talde handi hauetako batekin dituzun aukeretan gola sartu behar duzu eta ezin duzu akatsik egin. Eta azkeneko puntutxo hori izan da falta izan zaiguna, jokaldi horiek ez borobiltzea. Dena den, taldea oso ongi aritu da, oso partida exigentea baitzen hau” nabarmendu zuen Irurtzungo teknikariak. 

Nabarmentzekoa da Xotako jubenilen taldeko Ion Cerviño irurtzundarrak eta Iñigo Fernandezek partidan jokatu zutela. 

Aste honetan beste bi partida
Inter Movistar da areto futboleko lehen mailako liderra (50 puntu), Barça bigarrenari 5 puntu aterata. Osasuna Magna Xotak 6. postuari heltzen dio (35 puntu). Aste gogorra da hau areto futboleko lehen mailan. Asteazkenean 20. jardunaldia jokatuko du talde berdeak. Sailkapenean 7. postuan dagoen Levante izango du aurkari, 20:30ean, Paterna Pabilioian jokatuko den arerio zuzenen arteko partidan. Eta larunbatean, 12:00etan, sailkapenean hirugarrena den Viña Alvali Valdepeñasen kontra ariko da talde irurtzundarra, Valdepeñasko Virgen de la Cabeza pabilioian.