Areto futbola

Osasuna Magnak galdu egin zuen Levanteren kontra

Guaixe 2020ko ots. 20a, 10:33

Levantek 7 eta 5 irabazi zion Imanol Arregiren taldeari, ligako 20. jardunaldian. Larunbatean talde irurtzundarrak Valdepeñas izango du arerio

Atzo Lehen Mailako ligako 20. jardunaldia jokatu zen. Osasuna Magna Xotak Levante izan zuen aurkari, Paterna pabilioian, 800 zaleren aurrean. Gauzak ongi hasi ziren talde nafarrarendako, Rafa Usinek bigarren minuturako talde berdea aurreratu baitzuen, baina Levantek egoerari buelta eman zion segituan eta bi minututan sartutako golei esker, 2 eta 1 aurreratu zen. Azken gola Mario jokalaria lurrean zegoela sartu zuen Levantek, eta, horregatik, hurrengo jokaldian gola sartzen utzi zen etxeko taldea eta Bynhok bina berdindu zuen. Joko garbiaren lezioa eman zuen Levantek. Hortik aurrera, etxeko taldeak atzera ere aldea hartu zuen eta ia konturatu gabe, atsedenaldiaren aurretik 4 eta 2 jarri zen aurretik Levante. Baina aldageletara joan baino lehen Eric Martelek berdeen hirugarrena sartu zuen eta 4 eta 3 ezarri zuen markagailuan. 

Beraz, bigarren zatian partida zabal-zabalik zegoen. Talde irurtzundarrak ongi ekin zion bigarren zatiari, Dani Saldisek launa berdintzea lortu baitzuen lehenengo minutuan. Baina gutxi iraun zuen pozak, handik gutxira Levante aurreratu baitzen, Senak, Pedro Torok (penaltiz) eta Ceciliok sartutako golei esker. Imanol Arregik Eric Martel atezain-jokalari jarri zuen, eta Roberto Martilek irurtzundarren bosgarren gola sartzea lortu zuen, baina partidak ez zuen gehiagorako eman eta hiru puntuak Levanten geratu ziren. 

Sailkapenean 3. postuan dagoen Valdepeñas da hurrengo arerioa
Movistar Interrek jarraitzen du lehen mailako lider (50 puntu), bi puntu eskasera Barça taldea duela (48 puntu). Hirugarrena Valdepeñas da (44 puntu), eta Osasuna Magna Xota 6. postuan dago (35 puntu). Hain zuzen ere larunbatean Valdepeñasen kontra jokatuko du talde berdeak, 13:00etan, Valdepeñasen. Partida oso lehiatua aurreikusten da, konplikatua, eta zuzenean ikusteko aukera eskainiko du telebistako Gol kateak.