Roberto Martil

“Talde honek bihotza handia du, kasta ateratzen du eta helburu potoloak lortzen ditu”

Maider Betelu Ganboa 2020ko ots. 21a, 12:23

Osasuna Magna Xota Lehen Mailako talde umilenetakoa izango da baina, zailtasunak zailtasun, 10 urte daramatza Espainiako Koparako eta play-offetara sailkatzen. Taldeko kapitaina da Roberto Martil irurtzundarra eta klubaren oraina aztertu dugu berarekin

Xota areto futbol taldea Irurtzungo lagun koadrila batek sortu zuen 1978 urtean. Altsasuko festetan Gipuzkoako neska koadrila batek hala deitu zien irurtzundarrei eta horregatik jarri zioten “Xota” izena. Ordutik taldeak gora egin zuen etengabe, eta 1997-1998 denboraldian kategoria gorenera iritsi zen, Ohorezko Mailara. Ibilbide bikaina du talde irurtzundarrak. Roberto Martil Fernandez irurtzundarra da taldeko kapitaina. 

Zenbat urterekin hasi zinen Xotan?
6 urterekin. Irurtzunen Xotarekin lotura estua dago. Gogoratzen dut txikitatik jarraitzen genituela Xotaren partidak. Pentsa, egun adin guztietako 200 neska-mutiko baino gehiago trebatzen dira bertan, herriko kirol talderik garrantzitsuena da. Areto futbolaz gain, karatean ibiltzen nintzen, nire aitak, Luis Martilek gidatzen baitzuen Irurtzungo Shotokan karate taldea. 18 urtera arte bi kiroletan ibili nintzen. Nafarroako karate txapelduna izan nintzen eta Espainiako Karate Txapelketetan ere aritu nintzen, baina 18 urterekin kirol bat hautatu behar izan nuen eta areto futbola aukeratu nuen, aitari disgustua emanez (kar, kar…). 

Karatea ongi etorri zaizu areto futbolerako?
Bi kirolek ez dute zerikusirik, baina karateak balore asko ditu, txikitatik iltzatuta geratu zaizkidanak, errespetuarena bereziki. Kumitean arerioarekin borrokatzen zinen baina gero izugarrizko errespetua zegoen karateken artean. Balore horiek guztiek karateak eman dizkit eta areto futbolean praktikan jartzen saiatzen naiz. 

Ohorezko mailan Xotarekin debutatu zenuen?
2. mailako Xota B mailan nengoela, 2005-2006 denboraldian 8 partida lehen taldearekin jokatu nituen eta gainontzekoak 2. mailan. Talde nagusirako saltoa handia zenez, Imanol Arregik aipatu zidan aukera ederra litzatekeela niretzat kanpora ateratzea. Javier Noveleta irurtzundarrarekin batera 2. mailako Salou taldera joan ginen eta 2006-2007 denboraldia egin genuen bertan, gustura. Etxetik ateratzea ongi etorri zitzaidan. Gero, itzuli eta Lizarran hasi nintzen, 2007-2008 denboraldian. Baina 2008ko ilbeltzean Imanolek Xotako talde nagusian aritzeko deitu ninduen. Eta ordutik nago Xotarekin, lehen mailan. Urteak pasatzen dira, konturatu gabe…

Imanolen konfiantzazko gizona zara, atzelari-hegala, eta kapitaina.
Bai, urte asko eman nituen bigarren kapitain. Javi Eseverri zen orduan gure kapitaina, jokalari bikaina eta taldeko erreferentea, eta hura erretiratu zenean nik hartu nuen erreleboa. 

Zein da kapitain baten lana?
Jokalari guztien izenean hitz egiten du kapitainak, bai pistan eta baita kanpoan ere. Rafa Usin eta Araça dira bigarren eta hirugarren kapitainak. Finean beteranoenak izaten gara kapitainak, eta jokalari berriak gidatzen eta babesten saiatzen gara. Orain Ion Cerviño irurtzundarra behetik igo da, eta aholkuak ematen eta bera laguntzen saiatzen zara, bera ongi sentitu dadin. 

Lehen mailako talde askorekin alderatuta, Xota herri txiki bateko klub xumea da. Hala ere, beti dago goian, play-offetarako eta Espainiako Koparako sailkatzen. Horrek meritu handia du, ezta?
Sekulako meritua du, guk ere ez diogu duen garrantzia aitortzen. Klub umila da gurea. Inter Movistar, Barça eta El Pozo Murcia dira ligako ahaltsuenak, izugarri gainetik daudenak, eta gero badaude beste lauzpabost talde gure gainetik daudenak: Valdepeñas, Cartagena, Levante, Jaen… eta urtez urte azken hauen gainetik egotea lortzen dugu. Beti errepikatzen dut: harrigarria da 2.000 biztanleko herri batetik lehen mailan eta talde berean lau irurtzundar egotea: Asier, Saldise, Ion Cerviño eta ni. Ez dut halakorik ezagutzen. Kluba Irurtzungoa da, staffa edo talde teknikoa baita ere, Imanol Arregi entrenatzailea esaterako, eta zuzendaritza gehiena Irurtzungoa. Oso polita da duela horrenbeste urte sortu zen taldeak irautea, eta maila gorenean. Bere garaian partidak Irurtzundik Iruñera eramateak min pixka bat eragin zuen, baina erabakia hartu beharra zegoen, pabilioi handiagoa behar baitzen. Eta nahiz eta partidak Iruñean jokatu, taldea Irurtzungoa da, eta zale irurtzundar ugari joaten da Anaitasunara gu animatzera. Eta garrantzitsuena da oraindik ere Xotako harrobitik lehen mailara iristen diren jokalari irurtzundarrak sortzen direla. 

Irurtzundarren babesa sentitzen duzu?
Bai, izugarria. Anaitasunan pistara berotzera ateratzen garenean irurtzundarrak ikusten ditugu berehala, taldea animatzen. Eta kalean jendeak animatzen zaitu. Hori oso polita da. Herritarrak herriko taldearengatik kezkatzea ona da. Lehen mailan jokatzen dugu, baina Irurtzunen bizitza normala egiten dugu, herrikoa, beste edonork bezala. Pikun geratzen gara zerbait hartzera, Iratxo elkartean afaltzera… herriko bizimodu lasaia daramagu. Taldeko kanpoko jokalariak Iruñean bizi dira eta han egiten dute bizitza, baina batzuetan nik Iratxora afaltzera gonbidatzen ditut. Araça udan egun batean igerilekuetara etorri zen egun pasa eta herriko haur guztiekin igerilekuetako futbol zelaian jolasten aritu ginen… polita da beraiek Irurtzunen ikustea. Herritarrak gu ikustera ohituta daude, baina herritik kanpo bizi diren jokalariak datozenean aztoratu eta poz-pozik jartzen dira neska-mutilak, eta polita da. 

2023ko ekainera arte luzatu dizute kontratua. Kontentu egongo zara, ez?
Oso kontentu. 33 urte beteko ditut datorren astelehenean, eta 36 urterekin bukatuko nuke kontratua. Adin horrekin, sasoiez ongi jarraitu dezakezu edo maila jaisten hasi, ez dakizu ongi gorputzak nola egingo duen aurrera. Klubak egin zidan proposamena eta oso eskertuta nago, eman didaten konfiantzagatik. Ea konfiantza hori bueltatzea dudan. 

Tatono Arregi presidenteak aurreko astean esan zuenez, hurrengo denboraldian Xotak atzera ere bere burua “berrasmatu” beharko du, eta zuk ere prozesu horretan zurea eman beharko duzu.
Taldeak izango dituen bajekin zer gertatzen den ikusi beharko da, baina azkenean betikoa da, lanak ongi egiten ditugu eta talde handiak gure jokalarien bila datoz eta eramaten dituzte. Tatonok esan zuena, atzera ere taldea berrasmatzea dagokigu. Egoera konplikatua da, krisiak kirolean eragiten jarraitzen du, eta prentsaurrekoan azaldu nuen bezala, nik ez dut inolako arazorik hurrengo denboraldian izango dugun taldearekin. Dugun taldea izanda, helburua gogor borrokatzeko kontzientzia piztuta izatea izango da, ahal dugun guztia ematea. 

Garai hobeagoak edo okerragoak izanda, zailtasunen gainetik beti aurrera egitea izan da taldearen ezaugarrietako bat.
Zuzendaritzak une oso gogorrak izan ditu babesleak bilatzen, guztioi soldatak ordaindu ahal izateko. Junta jokalariak arazo hauetatik kanpo mantentzen saiatzen da, gu jokoan kontzentratzeko, baina euren lana txalotzekoa da eta guk kantxan dugun guztia ematen dugu. 10 urte jarraian daramatzagu Espainiako Koparako eta play-offetarako sailkatzen. Normaltzat jotzen da, baina honek sekulako meritua du, eguneroko lan itzela dago atzean, eta ea horrela jarraitu dezakegun. Akaso iritsiko da uneren bat ezinezkoa izango dena, baina guztia eman eta egindako lanarekin kontentu egotea da gakoa, eta gertatu beharrekoa gertatu dadila. 

Gaizki ohituta gaude, urtero maila bikainean aritzen zaretelako…
(Kar, kar…). Normaltzat ematen da. Espainiako Koparako bospasei jardunaldiren faltan sailkatu ohi gara, eta hori ez da batere normala. 15 jokalari dituzten plantillen kontra ari gara borrokan, eta guk 12 jokalariko taldea dugu, aurten 11 gara eta filialetik igotzen den mutila…

Zer esaten dizuete beste taldeko jokalariek?
Oso plantilla motza dugula. Nik beti esaten diet ahal dugun plantilla dugula. Errealistak izan behar dugu, eta iristen zarenera iritsi. Ezin diozu jokalari bati duzuna baino gehiago eskaini. Dena den, talde honek bihotza handia du, arraza ateratzen du eta helburu potoloak lortzen ditu. Eta gainontzeko taldeek balio hori eman eta aitortzen digute; jokalari gutxi gara eta lesioak daudenean hiru aldaketarekin jokatu behar dugu, aurreko egunean Inter Movistar liderrarekin egin genuen bezala, Ion Cerviño eta Iñigo Fernandez jubenilekin. Bestalde, polita da eurek partida garrantzitsu horretan jokatzeko aukera izatea, egoera beste begi batzuekin ikusita. 

Movistarren kontra galdu egin zenuten baina bikain aritu zineten.
Bai, Imanolek esan zigunarekin geratzen gara. Esan zigun gure lanarekin oso kontentu zegoela, sekulako partida jokatu genuela eta gol aukera asko izan genituela. Baina talde ahaltsu hauekin gol aukera horiek gauzatu behar dituzu, eurek 2 aukerekin gol bat egiten baitizute. Guk aukera asko izan genituen baina ez genituen gauzatu. Pena izan zen, etxean indartsuak garelako. Baina akatsak zuzendu eta aurrera. 

Aste gogorra duzue. Asteazkenean Levanteren kontra jokatu zenuten eta larunbatean Valdepeñasekin ariko zarete, biak etxetik kanpo eta biak sendotu diren taldeak.  
Asko indartu diren taldeak dira biak. Levantetik zuzenean joan ginen Valdepeñasera. Puntuak lortuz gero, aurki jokatuko den Espainiako Koparako animoak hartzeko bikaina litzateke. 

Espainiako Kopa martxoaren 5etik 8ra jokatuko da eta final laurdenetan talde potoloaren kontra aritzea tokatu zaizue: Barça. 
Niretzat Espainiako Kopa areto futboleko torneo politena da. Lehen itzuliko lehen zortzi talde sailkatuek jokatzen dute, aurten Malagan. Talde guztiak hotel berberean egoten gara eta sekulako giroa egoten da. Barça egokitu zaigu, talde indartsuenetakoa, baina ilusio handia dugu, ez litzateke irabazten diegun lehen aldia izango…

Talde potoloen kontra aritzea gogoko duzue, pizten zarete…
Argi dago, ez? (kar, kar…). Joan den urtean Peñiscolaren kontra aritu ginen, gurea bezalako taldea, eta partida hori ateratzea asko kosta zitzaigun, penaltietan egin genuen aurrera. Barça tokatzen bazaizu badakizu guztia eman behar duzula eta beldurrik gabe ateratzen zara, jakinda gauzak ongi eginez gero irabazi ahal dugula, beti modu positiboan. 

Imanol Arregi entrenatzailea Xotaren erreferenteetako bat da.
Argi dago Imanol, bere anaia Tatono presidentearekin batera, Xotaren zutabeetako bat dela. Sekulako eskaintzak izan ditu baina ez da Xotatik joaten, talde honekin duen loturak eta kolore hauekiko maitasunak bulkatuta. Ni bere produktu bat naiz. Haur bat nintzenean hartu eta trebatu ninduen, eta ni gaur naizena berari esker da. Oso gertukoa da, berarekin edozertaz hitz egin daiteke, gurekin afaltzera dator… oso pertsona ona da eta ahal duenean laguntzen zaitu, kirol kontuetan eta maila pertsonalean, eta aldi berean, laguntzen uzten da. Pertsona bezala, 10 bat. 

Abenduan Aspil Vidal Ribera de Navarra taldearen kontra Tuteran jokatu zenuten partidan zale batek Araçaren kontra egindako oihu arrazista bat entzun zenuen eta ikuslearengana joan zinen, taldekidea defendatzera. Arbitroak txartel horia atera zizun. Irudi horiek sare sozialetan buelta eman zuten.
Izan nuen erantzunarekin pozik nago eta berdin pentsatzen jarraitzen dut. Halako irain arrazistak ezin dira onartu inoiz eta inon, ez kirolean ez bizitzan. Guztiz salagarria da eta espero dut inoiz halakorik ikusi behar ez izatea. Itsusia da. Araçak gola sartu zuen, ospatzen ari zen, zendu berria zen aitari eskaintzen, gora begira, eta pertsona bat horrela jartzea… Paperak halako moduan galtzen dituzten pertsonek, edukaziorik gabekoak, ez lukete inolako kirol partidetara joan beharko. Nik ezin nuen hura onartu. Horren gainetik egon behar nuela esaten zidaten beste taldekoek, lasaitzeko, baina nik ezetz nioen, berdin zitzaidala kantxatik kanporatzea, baina ni ez nengoela halako portaeren gainetik. Kirolariak izateagatik ezin ditugu ahalako irainak onartu, ez arrazistak direnak ez gure senitartekoen kontra entzun behar ditugunak ere. Sarrera bat erosi izanagatik ikusleek ez dute iraintzeko eskubiderik. Gauza horiek ez ditut onartzen. 

Babes handia izan zenuen Twitterren eta sare sozialetan.
Hurrengo egunean sare sozialetan sartu eta notifikazio pilo bat nituela ikusi nuen. Harritu nintzen. Eskertuta nago. Eta klubetik ere hasieratik babestu ninduten. Araçarekin lagun handiak gara, bidaietan logela partekatzen dugu eta asko hitz egiten dugu. 

Nolakoa da zure egun normal bat?
Astelehen, astearte eta asteazkenetan arratsaldez entrenatzen dugu, 16:00etatik 18:30era, gutxi gorabehera, eta ostegun eta ostiraletan goizez. Asteburuko bidaiak eta partidak gehitu behar dira, eta astez, tokatzen direnean. Lehen NUP-eko pabilioian jokatzen genuen, goizez okupatua zegoen eta horregatik arratsaldetan entrenatzera ohitu ginen. Familiarekin egoteko tartea badaukat. 4 hilabeteko alaba daukagu eta bikotea oraindik bajan dago, baina aurki hasiko da lanean eta nola edo ahala, moldatuko gara. 

Bidaiak luze egiten dira?
Autobusez egiten ditugu beti, La Burundesarekin. Niri ez zaizkit luze egiten, gustura egoten naiz. Kartetan jokatzen orduak eman ditzaket, eta bestela taldekideekin hitz egin, pelikularen bat ikusi, musika entzun…

Osasuna Magna Xota zale gehien mugitzen duen taldea izango da lehen mailan.
Zalantzarik gabe. Sarritan talde ahaltsuenek baino zale gehiago biltzen ditugu gure partidetan. Barçak 2.500-3.000 zale izaten ditu bere kantxan, El Pozok ez ditu ikusle asko, Inter Movistarrek bai, baina guk Anaitasuna betetzen dugu. Gure zaleei berdin zaie noren kontra aritzen garen. Barça, Inter edo halakoak datozenean lehenago saltzen dira sarrerak, baina edozein talde etortzen dela, Anaitasuna gehienetan bete egiten da. Sekulako zortea dugu dugun afizioarekin. 

Nola ikusten duzu Xotaren etorkizuna? Harrobiarena eta talde nagusiarena?
Talde nagusian uste dut gauzak ongi egiten ari direla, errealistak direla. Duela urte batzuk zenbait taldek 4 urteko kontratuak eskaintzen zituzten, oso ongi ordainduak, baina bi urtera soldatak ezin ordaindu egoten ziren. Hemen, zuhurrak dira eta gauzak ongi egiten dira, buruarekin. Ea urte luzez horrela jarraitu dezakegun. Eta harrobian sekulako lana egiten ari da. 200 neska-mutiko baino gehiago trebatzen dira klubean. Duela 5 urtera arte ez zegoen nesken talderik, baina orduan nesken senior talde bat atera genuen, nik entrenatzen ditut, eta horren atzetik emakumezkoen beste hiru talde sortu dira: kadeteena, haurren mailakoa eta kimuena. Emakumekoek aurrera egin dezaten ikustea oso polita da. Seniorrei beti esaten diet erreferentea direla, neskatila txikiek beraiei ikusita areto futbolean hasi nahi dutela. Xotaren harrobia hazten doa eta kluba lan bikaina ari da egiten.