Nafarroako Gobernuak Trinitate kalearen 19. zenbakian duen partzelari buruzko Hiri Jarduketarako Plan Berezia abiarazi du Irurtzungo Udalak. Kamineroen edo Errepideen Mantentze Zerbitzuaren partzela da hori eta udalak herriaren zati bihurtu nahi luke. Esaterako, honakoak egiteko: Artadia eta Ardantzeta kaleei Trinitate kaleraino segida emateko, oinezkoek kale horien arteko lotura hobea izateko, ibilgailuendako aparkalekuak sortzeko, Artadia eta Ardantzeta kaleen artean eta Trinitate kaleraino berdegunea sortzeko, Erga kalearen inguruan zuhaitzak dituen gunea sortzeko, bertan etxebizitzak eraikitzeko (gehienez behe solairua+2+atikoa) eta bestelakoetarako.
Horregatik, Irurtzungo Udal ordezkariak Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Estrategia Proiektuetako kontseilari Jose Mari Aierdi Fernandez de Barrenarekin harremanetan jarri ziren. Eta gaur egun Etxebizitza eta Ondare Zerbitzuen arteko bileraren emaitzaren zain dago udala. Aitor Larraza Carrera alkateak jakinarazi digunez, “Nafarroako Gobernuari proposatu diogu Trinitate kaleko 24an eta 26an dauzkan bi etxebizitza blokeetako 16 pisuak saltzeko eta lortutako diruarekin urbanizazio lanak egitea”. Horrela, etxebizitza premiari ere erantzunen lioke operazioak. Udalak, gainera, Erabide industrialdean Bideak Mantentzeko Zerbitzuarendako erabilgarri izan daitekeen partzela gordea du.
Partzelaz
Nafarroako Gobernuaren lur sailak 7.301,77 metro karratuko azalera du. Errepideen Mantentze Zerbitzuaren kamioiak eta istripua izan duten ibilgailuak gordetzeko erabiltzen da besteak beste. Irurtzungo hirigintza planak ez du onartzen bestelako erabilerarik ematea, ezta dagoen eraikina handitzea, nahiz eta Mantentze eta Ingurumen Zerbitzuek halako eskaerak egin dituzten. Irurtzungo Udalak 2017ko lastailean lur sailaren egoerari buruzko txostena egin zuen eta inguru hori pitteka hondatzen ari dela nabarmendu zen.
Horregatik, Hiri Jarduketarako Plan Berezia sustatu du udalak, partzela herriaren zati bilakatzeko. Udal arkitektoak inguruaren banaketa izan litekeenaren zirriborroak egin ditu eta www.irurtzun.eus web gunean ikusgai daude. Plan horri ekarpena egin nahi dioten herritarrek irurtzun@irurtzun.eus e-postara idatzi dezakete.
Bulegoak
Nafarroako Gobernuak Trinitate kalean dituen bi etxebizitza blokeetako beheko solairuetan bulegoak ditu. 24an Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikaduraren eskualdeko bulegoa dago, eta 26an basozainena. Erabidea industrialdeko sarrerako eraikina, Inasako atezainarena, ilbeltza akaberan berritzen hasi zen foru administrazioa eta lanak apirilerako despedituko ditu. Eraikinak basozainen biltegia hartuko du, eta aldamenean jarriko duten eraikuntza aurrefabrikatuan zerbitzu horren bulegoa.