Areto futbola

Osasuna Magnak hiruna berdindu zuen Valdepeñasekin

Guaixe 2020ko ots. 24a, 12:08

Talde irurtzundarrak partida bikaina jokatu zuen sailkapenean hirugarrena den Valdepeñasekin eta puntu garrantzitsua lortu zuen. Ostiralean El Pozo Murcia hartuko du talde berdeak Anaitasunan

Osasuna Magna Xotak partida oso zaila zuen jokoan larunbatean sailkapenean hirugarrena den Valdepeñasen kontra. Inter Movistar eta Levanteren kontra galdu eta gero, bide onera itzuli nahi zuen Imanol Arregiren taldeak, baina lan latza zuen aurretik. Baina talde berdeak ongi jokatu zuen eta puntu oso garrantzitsua lortu zuen Valdepeñasen. 

Valdepeñasek agindu zuen partida hasieran, eta gol aukerak bikainak sortu zituen, baina Osasuna Magna Xotak mustu zuen markagailua, Mancusok baloia lapurtu, lau jokalari atzean utzi eta Rafa Usini baloia pasa eta gero. Madrildarra bakarrik geratu zen Eduk zaintzen zuen atean eta talde nafarraren aldeko lehen gola sartu zuen. Hortik aurrera gora egin zuten Imanol Arregiren mutilek. Usinek eta Mancusok aukera bikainak sortzen jarraitu zuten, baina Valdepeñas ere ez zen atzean gelditu eta Xotako Asier atezainak geldialdi ederrak egin behar zituen. Falta baten jaurtiketarekin berdintzea lortu zuen Valdepeñasek, eta handik gutxira bigarrena sartu zuten etxekoek. 

Bigarren zatian partidari buelta emateko asmoarekin atera ziren kantxara Imanol Arregiren mutilak. Behin eta berriz saiatu ziren, baina Eduk ongi zaindu zuen Valdepeñasekoen atea. Azkenean, egindako lanak fruitua izan zuen eta Mancusok bina berdintzea lortu zuen, gol ikusgarri bat sartu eta gero. Bina berdindu zuen talde irurtzundarrak eta partida zabal-zabalik geratu zen. 

Baina gutxi iraun zuen pozak, Garciak Valdepeñasen hirugarrena sartu zuelako, baina berehala Martelek hiruna berdindu zuen. Bi taldeek garaipena nahi zuten, eta Osasuna Magnak atezain-jokalari formula erabili zuen. Bynhok garaipena eskutan izan zuen, baina baloia ez zen sartu, eta Martelek Valdepeñasen jaurtiketa bat hankarekin gelditu zuen. Azkenean, hirunako berdinketarekin despeditu zen lehia eta puntu baliotsua lortu zuen Valdepeñasen. 

Imanol Arregi entrenatzaileak partida “oso paretsua” izan zela nabarmendu zuen. “Partida ona izan da, gorabehera askorekin, ikusleendako oso polita” azaldu zuen. Berdinketa “justua” izan zela aipatu zuen, baina pena zuen gol aukerak gauzatu ez izanagatik. 

Ostiralean El Pozo hartuko du talde irurtzundarrak
Movistar Inter da lehen mailako liderra (53 puntu), Barçari 2 puntu aterata. Osasuna Magna 6. postuan dago (36 puntu). Ostiralean Osasuna Magnak 44 punturekin sailkapenean 4. postuan dagoen El Pozo Murcia talde ahaltsua hartuko du Anaitasunan, 20:30ean hasiko den partidan. LaLigaSportsTV telebista kateak zuzenean eskainiko du partida. Partida honetan ekimen solidarioa egingo du Xotak. Sergio de la Fuente Xotako zaleak gurpildun aulki elektronikoa behar du bere gaixotasunari aurre egiteko, eta partida egunean Xotako babesle den Embutidos Goikoak ogitarteko solidarioak eskainiko ditu. Ateratakoa gurpildun aulkia erostera bideratuko da.