Areto futbola

Osasuna Magna Xotaren garaipen ikusgarria

Guaixe 2020ko mar. 2a, 11:59

El Pozo Murcia talde ahaltsuari 4 eta 3 irabazi zion talde irurtzundarrak, tentsio handiko partidan. Asteburuan jokatuko den Espainiako Kopara animoz gainezka iritsiko dira berdeak

Ostiralekoa gau handia izan zen Osasuna Magna Xotarendako. Imanol Arregik zuzentzen duen taldeak El Pozo Murcia talde ahaltsua hartu zuen azken lau jardunaldietan garaipenik lortu gabe egon eta gero. Garaipenaren xendara itzultzea zen talde berdearen asmoa, eta tentsio handiko partidan helburua lortu zuten. El Pozo Murciak baino bankilo askoz xumeagoa zuen talde irurtzundarrak, baina zalantzarik gabe, bihotz eta adore handiagokoa, eta 3 puntu baliotsuak etxean geratu ziren. 

Bihotzarekin irabazi zuten
Anaitasuna beteta zegoela –3.000 ikusle– hasi zen norgehiagoka. Araça lesiotik osatu egin zen eta taldera bueltatu zen, baina Rafa Usinen azken orduko baja izan zuen Imanol Arregik eta hori ez zen talde berdearendako berri ona izan. Hala ere, Osasuna Magna lehiakor atera zen kantxara hasieratik, aurren Ligako talde indartsuenetako bat baitzuen. El Pozo taldea 3. minuturako aurreratu egin zen berdeen defentsa akats bati esker. Imanol Arregiren mutilek ez zuten behera egin; behin eta berriz saiatu ziren, eta jokaldi ikusgarriak sortu zituzten. 11. minutuan Martilek pasea egin zion Dani Saldiseri eta irurtzundarrak Marteli asistentzia bikaina egin zion; horrela, Martelek berdintzea lortu zuen. Baina pozak gutxi iraun zuen, atzera ere berdeen defentsa akats batengatik bigarren gola sartu baitzuen El Pozok. Eta egoera gehiago korapilatzeko, Diego Mancuso jokalari berdea lesionatu egin zen. 

Bigarren zatian El Pozok talde berdea estutu zuen, baina Asierrek ongi zaindu zuen atea. Ia errotaziorik gabe aritu ziren irurtzundarrak, eta Osasuna Magnak bere kasta guztia behar izan zuen partida aurrera ateratzeko; bihotzarekin jokatu zuten irurtzundarrek partidari eusteko. Dani Saldisek berdinketaren gola lortu zuen jokaldi pertsonal bikainean eta, handik minutu batzuetara, alderatze bat probestuz Osasuna Magnaren aldeko 3. gola sartu zuen Dani Saldisek. 3 eta 2 aurretik, erotu egin zen Anaitasuna. El Pozok Giustozzi atezain-jokalari jarri zuen baina ez zitzaion jokaldia ongi atera, Asierrek, geldialdi bat egin ondoren, jaurtiketa egin eta talde berdearen laugarren gola sartu baitzuen. El Pozok hirugarrena sartu zuen partida bukatzear zela, eta 4 eta 3 irabazita, merezitako garaipena lortu zuten berdeek. 

Imanol Arregi entrenatzailea oso pozik zegoen. “Hau garaipen garrantzitsu bat baino gehiago izan da; izan ditugun lesio eta ezbeharrak kontuan hartuta, are gehiago” nabarmendu zuen. “Taldeak partida aparta jokatu du primerako arerioaren kontra eta kontrako egoera askoren aurrean. Rafa Usinen lesioari Diego Mancusorena gehitu zaio, errotazio oso gutxi genituen eta jokalariak lehertuta zauden, baina hiru puntuak lortu ditugu eta kontentu gaude” gaineratu zuen teknikariak. 

Espainiako Kopan, ostiralean Barça aurkari
Lehen mailako ligan Movistar Interrek jarraitzen du lider (56 puntu), Barça bi puntura duela. Osasuna Magnak 6. postuan jarraitzen du (39 puntu). Ligak asteburu honetan atseden hartuko du, ostegunetik igandera bitartean Malagan Espainiako Kopa jokatuko delako. Final laurdenetan, ostiralean Osasuna Magnak Barça izango du aurkari. El Pozoren kontrako garaipena eta gero, animo handiarekin iritsiko da talde irurtzundarra, Barçaren kontra sorpresa emateko prest. Roberto Martil irurtzundarrak aitortu zuenez, ez litzateke Barçari irabazten dioten lehen aldia izanen, eta dena ematera aterako dira. 

Gainontzeko partidetan El Pozo Murcia Levanteren kontra ariko da, Movistar Inter Palma Futsalen kontra eta Jaen Paraiso Interior Viña Albali Valdepeñasen kontra. Osasuna Magna eta Barçaren arteko talde irabazleak El Pozo Murcia eta Levante taldeen arteko garailea izango du aurkari finalerdietan.