Pilota

Irurtzunek EHko Nazionalerako finalean egon nahi du

Guaixe 2020ko mar. 5a, 16:13
Irurtzun klubeko Retegi Bi, Josu Bergera eta Alberto Ongay.

Igandean Oberena izango du aurkari Euskal Herriko Kluben Arteko Txapelketa Nazionaleko finalerdietan, 11:00etan, Zumarragan, eta goi mailako kanporaketa espero da

Euskal Herriko Kluben Arteko Txapelketa Nazionala azken txanpara heltzen ari da. Joan den urtean Irurtzun klubak irabazi zuen txapelketa eta aurten ere txapela jantzi nahi du talde sakandarrak. Final laurdenetan Tolosako Aurrera kluba bidean utzi zuen Irurtzun klubak, eta finalerdietan Paz Ziganda irabaztetik datorren Oberena kluba izanen du aurkari Sakanako taldeak. Bi talde nafarrek igandean, goizeko 11:00etatik aurrera jokatuko dute finalerdia, Zumarragako Beloki frontoian. 

Katedrak azaldu duenez, “goi mailako pilota ikusteko” aukera izango da igandean Zumarragan. Hiru modalitateetan jokatu beharko dute bi klubek. Lau eta erdian Alberto Ongay satrustegiarrak ordezkatuko du Irurtzun eta Canabalek Oberena. Ongay pilotari ezaguna da, lau eta erdian eroso jokatzen du baina Canabal kaiolako espezialista handia da eta bien arteko lehia gogorra izango dela aurreikusten da. 

Buruz buru, Retegi Bi izanen da Irurtzungo ordezkaria eta Irurita Oberenakoa. Pilota profesionala utzi eta gero, txikitan trebatu zen Irurtzun klubera bueltatzea erabaki du Retegik eta ikusmin handia piztu du. Retegi Biren boteko joko klasikoaz gozatzeko aukera izango da igandean Zumarragan, baina arerioa, Irurita, antzekoa da. “Bi pilotari antzeko, ez da erraza noren aldeko pronostikoa egin, baina Julen Retegi egonda, bera da irabazteko faboritoa” azaldu du antolakuntzak. 

Eta, azkenik, binaka Olaetxea-Bergera arituko dira Irurtzun klubean eta Mata-Aldabe Oberenan. Pilotari bikainak lauak, goi mailako partida gogor eta borrokatu bat espero da. Olaetxea gazteak fisiko maila hobetzeko lan asko egin du, eta ofizio handiko atzelaria du alboan, Bergera arruazuarra. Baina Oberenako bikoa ere primerakoa da eta ikusi behar finalerdiak zer ematen duen. 

Jokoan asko dago, Euskal Herriko Nazionalerako finala. Kartel ikusgarria da eta ea egungo txapeldun Irurtzun fin ibili eta martxoaren 28an jokatuko den finalerako sailkatzea lortzen duen. Beste finalerdia Buruzgainek eta Lemoak jokatuko dute martxoaren 15ean.