Areto futbola

Espainiako Kopa, Osasuna Magna Xotaren begi puntuan

Guaixe 2020ko mar. 6a, 10:00
Osasuna Magna Xotaren atzoko entrenamendua, Malagan.

Espainiako Kopako final laurdenetan, talde irurtzundarrak Barça izango du aurkari gaur, ostirala, 19:00etan (Gol Television). Espainiako Kopan aritzen den 15. aldia da aurtengoa. Taldea oso motibatua eta gogotsu dago 

Atzo hasi eta igandera bitartean jokatuko da 31. Areto Futboleko Espainiako Kopa, Malagan. Aurtengoarekin, Osasuna Magna Xotak 15. aldiz jokatuko du Espainiako Kopa, 1998 urtean lehen mailara igo zenetik 21 urtetan 15 aldiz, baina talde berdeak ez du lortu preziatutako Kopa jasotzea. Lehen itzulian lehen 8 postuetan sailkatuta dauden taldeek lortzen dute Koparako sailkatzea, aurten Barça, Movistar Inter, El Pozo Murcia, Viña Albali Valdepeñas, Levante, Palma Futsal, Jaen Paraiso Interior eta Osasuna Magna Xota, eta, hortaz, talde irurtzundarrak lortutakoa ez da makala. Aurrekontuaren aldetik talde xumea da Osasuna Magna, eta ia urtero talde ahaltsuenekin sailkatuta egotea ez da edonolakoa. Aurten Koparako oso ilusionatuta dago Imanol Arregiren taldea, oso gogotsu. 

Espainiako Kopan lehenik eta behin final laurdenak jokatuko dira, ondoren finalerdiak, eta, azkenik, igandeko final handia. Atzo Jaen-Viña Albali Valdepeñas eta Movistar Inter-Palma Futsal final laurdenak jokatu ziren, eta gaur, ostirala, Levantek El Pozo Murcia izango du aurkari eta Osasuna Magna Xota Barçaren kontra ariko da (19:00, Gol Television). Barça talde ahaltsua da, arerio oso gogorra, baina talde irurtzundarra hazi egiten da talde handien aurrean. Gogoratu behar da ostiralean El Pozo Murcia talde garrantzitsuari 4 eta 3 irabaztetik datorrela Osasuna Magna Xota kopara, animoak gainezka. 

Talde irurtzundarra “ilusio handiz” dago
Osasuna Magnako Roberto Martil kapitain irurtzundarrak Guaixeri egindako elkarrizketan aitortu zuenez, txapelketa “ederrena” da Kopa eta taldea “ilusio handiz” dago Barçaren kontrako gaurko partidarako. “Sekulako giroa egoten da Kopan. Barça egokitu zaigu, talde indartsuenetakoa, baina ilusio handia dugu, ez litzateke irabazten diegun lehen aldia izango. Barça tokatzen bazaizu badakizu guztia eman behar duzula eta beldurrik gabe ateratzen zara, jakinda gauzak ongi eginez gero irabazi ahal dugula, beti modu positiboan” aipatu du kapitainak, eta partida “oso lehiatua” dela aurreikusten du. “Gol gutxi jasotzea” eta “gure kartak ahalik eta egokien erabiltzea” izango dira final laurdenetan aurrera egiteko gakoa. Halaber, zale berdeen babesa eskertzen du kapitainak. “”Gure jendearekin hazi egiten gara. Kemen eta babes handia ematen digute zaleek; eta horrek asko laguntzen du” gaineratu du. 

Imanol Arregik bere plantila guztia du prest gaurko partida garrantzitsurako, Diego Mancuso izan ezik. Ostiralean zuntz-haustura izan zuen Mancusok. Rafa Usinek kolpe bat hartu zuen baina Koparako prest egongo da. Eta lau irurtzundarrak ere –Roberto Martil, Dani Saldise, Asier Llamas eta Jon Cerviño– Malagan daude, duten guztia emateko prest. 

Osasuna Magna Xotak, final laurdenetan Barça irabaziz gero, Levante eta El Pozo Murcia taldeen arteko irabazlea izango du aurkari larunbatean jokatuko den finalerdian (19:00, Gol Television). Eta finalerdietako irabazlea igandean jokatuko den final handirako sailkatuko da (18:30, Gol Television), eta beste adarreko finalista izango du aurkari. 

Mini Kopa
Lehen mailako taldeen Kopa jokatzen den bitartean, Kopara sailkatu diren talde guztien harrobietako haurren mailako taldeek ere Mini Kopa jokatuko dute, tartean haurren mailako Xota taldea.