Hamargarren aldiz parte-hartze aurrekontuak

Guaixe 2020ko mar. 7a, 10:20
Irurtzundarrak udaletxe ondoko jolas parkean.

Irurtzundarrek gaurtik hilaren 15era arte dute aukera proposatutako lau proiektuen artean gogokoenaren alde botoa emateko. Aukeratutako proiektua gauzatzera udalak 35.000 euro bideratuko ditu.

Dagoeneko Irurtzungo etxe guztietara iritsi da parte-hartze aurrekontuen berri ematen duen esku-orria. Eta harekin batera botoa emateko orria ere. Tahona, Ana Mutiloa farmazia, Martirena-Gastearena farmazia, Lorena fruta-denda, Erosle, udaletxea, jubilatuen elkartea edo Pikuxarren dauden kutxetan jaso dira irurtzundarren botoak. Baina e-posta erabiltzeko aukera ere badago, preparirurtzun@gmail.com helbidea hain zuzen ere. Herritarrek aukeratutako proiektua gauzatuko du udalak. 

Irurtzungo Aurrekontu Parte-hartzaileen herritar taldea azaroan abiarazi zuen hamargarren edizioa. 2019an jasotako proposamen eta iradokizunetan oinarrituz, aurre-aukeraketa egin zen eta, azkenik, irurtzundarrei lau proiektu aurkeztu dizkiete, “interesgarrienaren edo beharrezkoenaren aukeratu” dezaten. Taldekideek zenbaketa egin ondoren boto gehien lortzen duen proiektua udalari aurkeztuko diote, aurrekontuetan sar dezan. 

Ekarpenak egiteko aukera 
Irurtzundarrek etxean jasotako bozketa-orrien beheko partean proposamenak egiteko aukera eskaintzen duen espazio bat dago. Talde sustatzailearen nahia litzateke botoa emateaz aparte, atal hori ere betea ikustea. “Nork bere kalean edo auzoan dituen gabeziak adieraztea, edo proposamenak egiteko, nahiz eta garrantzi txikiagokoak izan”. Taldekideek jasotakoen berri udalari ematen diote. “Joan den urtean 41 eskaera edo iradokizun egin ziren, horietako gehienak hurrengo hilabetetan burututa, kostu ekonomiko txikia zutelako edo berehala bideragarriak zirelako”. Horregatik, taldetik proposamenak egitera gonbidatu dituzte irurtzundarrak. Baita heldu den urteko parte-hartze aurrekontuetarako proposamenak egitera ere. Zehaztu dutenez, “komenigarria da bideragarritasun minimo bat izatea, eta ahalik eta zehatzena izan daitezen”. 

Lau proiektuak 


Irurtzun atseginago egiteko plana
Proiektuak helburu anitz ditu: Irurtzun atseginagoa, berdeagoa, erosoagoa eta oinezkoendako erabilgarriagoa lortzea. Zehazki, ibilgailuek espaloiak errespetatzea izanen du helburu, loreontzi, zutoi, eskudel eta beste hainbat elementu apaingarri jarrita. Horrekin batera, kaleetan dauden bidegurutze batzuetan espaloia eraikiko da errepideraino, oinezkoen segurtasuna bermatzeko. Gainera, proiektuak herrian autoa gutxiago erabiltzeko beharraz kontzientziatzea landuko du. 
Eta aurrekoa osagarri, herrian barna hainbat mural apaingarri eginen dira. 

 

Barraketako esparrua asfaltatu edo hormigoitu 
Azken urteetan herriko festetan barrakak jartzen diren espazio irekiko zoru zati batzuk asfaltatuak daude eta beste batzuetan hormigoi geruza bat dago eta gainerakoan hartxintxarra. Proposatzen dena da zorua berdintzea eta hobetzea. Horrela, aurrera begira, espazio hori erabili ahalko litzateke aparkaleku gisa, festetako barrakak jartzen segitzeko edo espazio irekietarako egokiak liratekeen beste zenbait erabileratako. 

Atakondoako patioan umeendako parkea 
Patioa, jolastokia izateaz aparte, hezkuntza espazioa da eskolarako eta aisialdi gunea herri osorako. Ikasturte hasieratik eskolako patioak bi zabu zahar besterik ez ditu Haur Hezkuntzako 102 ikaslerendako eta, praktikan, herriak parke bat galdu duela esan daiteke. Eskolaren eta herriaren eremu hori berreskuratzeko parke berri bat egitea proposatu da, erabilgarritasun eta segurtasun irizpide jakin batzuen arabera pentsaturik. 

Toilekan eta txakurrendako guneak 

Proiektuak bi ekintza ditu oinarri: toilekana erabiltzeko kontzientzia zabaltzea eta txakurrek jolasteko guneak egokitzea. Aurreneko kasuan, toilekanak erabiltzeko kanpaina eginen litzateke. Izan ere, prest daude txakurren gorotzak biltzeko puntu horiek. Bigarren jardunbidea litzateke estali gabeko txakurrendako jolasguneak itxiak egokitzea, beste herri batzuetan dauden bezala. Kokaguneak izan litezke: Plazaola ingurua, industrialdea eta igerilekuan baina zehaztu gabe oraindik. 

Parte hartze aurrekontuen bidez aukeratutako proiektuak
2011 Erreka eta Bi Haizpetako inguruak aisiarako berreskuratu.
2012 Espaloiak errespetatu. Seinaleak errespetatu.
2013 Igerilekuetako instalazioak hobetu.
2014 Atakondoak aldagelak.
2015 Karpa.
2016 Anbulantzietarako sarbidea egokitzea.
2017 Plazako zorua eta harmailak konpontzea.
2018 Igerilekuetako berdeguneak eta sarrerako hurbiltzea konpontzea.
2019 Igerilekuetako aldagelak konpontzea.