Areto futbola

Kopa: Osasuna Magna Xotak ezin izan zuen Barçaren kontra

Guaixe 2020ko mar. 9a, 10:25

Espainiako Kopako final laurdenetan Barçak 3 eta 1 irabazi zion talde irurtzundarrari. Imanol Arregi bere taldeak egindako lanarekin kontentu azaldu zen eta bere taldeari “ezin diola gehiago eskatu” nabarmendu zuen. Ligan play-offetarako sailkatzea izango da hurrengo erronka

Asteburuan areto futboleko Espainiako Kopa jokatu da Malagan. Osasuna Magna Xotak ilusio handia zuen. Jakina da taldean baja garrantzitsuak egongo direla aurten –Dani Saldisek eta Eric Martelek taldea utziko dute, eta Araçak ere talde berdea utziko duela azaldu berri du–, eta jokalariek kopan lan handia egin nahi zuten elkarrekin. 

Final laurdenetan Barçarekin aritzea egokitu zitzaion Osasuna Magna Xotari. Bazekiten arerio gogorra izango zela, baina talde irurtzundarrak Barça irabazi izan du, eta ilusio horrekin ekin zioten partidari. Horrerarako, Malagara hurbildu ziren 200 zaleren inguruko babesa izan zuten berdeek. Ongi jokatu zuten Imanol Arregiren mutilek, eta erasora atera ziren hasieratik; aukera ederrak izan zituzten, baina barkatu zuten eta garesti ordaindu zuten, 7. minuturako 2 eta 0 aurreratu baitzen Barça. Hala ere, berdeek ez zuten etsi, baina Barçak dominatu zuen lehen zatia. Bigarren zatian Araçaren golarekin partidan sartu ziren Imanol Arregiren mutilak. 2 eta 1, irekita zegoen lehia. Baina gutxi iraun zuen pozak, Barçak hirugarrena sartu zuelako. Bukaerara arte gogor saiatu zen talde irurtzundarra, baina markagailua ez zen gehiago mugitu eta 3 eta 1 galdu eta gero, Kopari agur esan behar izan zioten. Hain zuzen ere Espainiako Kopa Barçak irabazi du, final ikusgarrian Valdepeñasi 3 eta 4 irabazi eta gero. 

Taldeari ezin diola “gehiago eskatu” dio Imanolek
Imanol Arregi entrenatzailea pozik zegoen taldeak egindako lanarekin. “Ezinezkoa izan da. Ongi hasi gara, baina ez dugu aztatu eta bi gol jaso ditugu. Araçaren golarekin partidan sartu gara, baina Barçaren hirugarren golak min handia egin digu. Saiatu gara, eta taldeari ezin diot gehiago eskatu. Bukaerara arte dena eman du, talde honek ez du inoiz lehiatzez uzten. Pena da, Kopa hau taldearendako berezia zelako, baina hau da dagoena. Orain ligan jarraituko dugu, eta play-offetara sailkatzea, hori da gure hurrengo helburua, ziklo honi behar bezalako ginda jarri ahal izateko” azaldu zuen Imanolek. 

Peñiscolaren kontra, ostiralean
Asteburuan Lehen Mailako areto futboleko 24. jardunaldia jokatuko da eta Peñiscolaren kontra ariko da Osasuna Magna ostiralean, 21:00etan, Peñiscolan. Sailkapenean Movistar Inter da liderra (56 puntu) eta Osasuna Magna 6. postuan dago (39 puntu). Peliscola 11. postuan dago, 26 punturekin.