Irurtzun eta Arakilgo Gazte Asanbladak (IAGA) eta emakume taldeak deituta hainbat pertsonak manifestazioa egin zuten Irurtzunen atzo. Azaldu zutenez, “aurreneko Emakume Langileon Nazioarteko Egunetik ehun urte baino gehiago pasa diren arren, hasiera batetik helburu zuten mundu mailako iraultzaren beharrak bizirik dirau”. IAGAtik eta emakume taldetik nabarmendu zutenez, “antolakuntzan datza abian jarri behar dugun iraultza prozesua, eta emakume langileon askapena lortzeko bideak irekitzeko baldintza errealak jartzea ezinbestekoa dugu”. Helburu hori lortzeko “epe laburrean elkartasun eta autodefentsa sareak errotu eta soluzio errealak eta programa konkretuak garatu beharko ditugu”.
Manifestazioko deitzaileek nabarmendu zutenez, “guztiok gara ezinbestekoak, guztiok gara sistema kapitalista honen funtzionamenduaren parte. Geure buruak sisteman horrek inposatzen dizkigun harremanak eta eginbeharrak behin eta berriz errepikatzera behartuak gara”. Azaldu zutenez, egunerokoan “hainbeste eginbehar aurrera eramaten ditugun bitartean, gure bizkarretan emakume langilea izateagatik sentitzen dugu genero zapalkuntza, egunerokotasunean aurrera egitearen inpotentzian giltzaturik”.
Azpimarratu zutenez, “ez dago emakumezko langileon askapen posiblerik sistema kapitalista honek zapaltzen, jipoitzen, mespretxatzen eta katez lotzen gaituen bitartean. Gizarte osoaren arazoa dela ulertuz, bide honetan emandako erantzunak bateratua izan beharko du, langileria osoarena eta ez soilik emakume langileona. Izan ere, langileria osoaren askapen prozesuak ekarriko du emakume langileon askapena”. Gaztigatu zutenez, “prozesu horretan, baita genero zapalkuntzan ere, guztion ardura da buru-belarri lanean aritzea”.