Pilota

Irurtzun Euskal Herriko Kluben Arteko Nazionaleko finalera sailkatu da

Guaixe 2020ko mar. 9a, 14:12
Irurtzun kluba, joan den urteko finalerdietan.

Oberena kluba bidean utzi zuen Irurtzunek, jokatutako 3 partidak irabazita

Atzo Euskal Herriko Kluben Arteko Nazionaleko finalerdia jokatu zuten, Zumarragan, Irurtzun eta Oberena klubek. Irurtzunek aipatu txapelketako egungo txapelduna da, eta aurten ere txapela lortu nahi du. Bidean dago, atzo finalerdietan Oberena bidean utzi eta gero, final handirako sailkatu baita. 

Oberenaren kontrako finalerdian Irurtzun klubak ez zion aukerarik ere eman Iruñeko taldeari. Finalerdi paretsuago bat espero zen, baina Irurtzun gailendu zen guztiz. Lau eta erdiko partidan Olaetxeak (Irurtzun) 18 eta 10 irabazi zion faboritoa zen Canabali (Oberena). Horrela, gainontzeko bi partidetara lasaiago iritsi ziren irurtzundarrak. Buruz burukoan Julen Retegik (Irurtzun) sekulako errezitaldia eman zuen eta Aldave (Oberena) 18 eta 4 hartu zuen mendean. Eta azken partidan, binakakoan, Ongayk eta Bergerak (Irurtzun) 22 eta 14 irabazi zieten Mata-Iruritari (Oberena). 

Horrela, martxoaren 28an Zumarragan jokatuko den Euskal Herriko Kluben Arteko VI. Nazionaleko finalera sailkatu da Irurtzun. Bere arerioa igandean beste finalerdia jokatuko duten Buruzgain eta Lemoa taldeen arteko garailea izango da.