Aitor Larraza Irurtzungo alkatea da.
Irurtzunen nola sortu zen Elkartasun Sarea sortzearen ideia eta zergatik?
Zergatia argia da: nagusienei laguntzeko beharra ikusi zen. Halako egoerek pertsonen txarrena baina baita ere onena ateratzen dute. Eta kasu honetan onena izan da. Udaletxean mezuak jasotzen hasi ginen, lan hauek egiteko euren burua eskaintzen zuten herritarrek, eta sare sozialetan ere ikusi genuen jendea bere laguntza eskainiz. Ikusi genuen elkartasun sare bat antolatu beharra zegoela. Eta argi genuen elkartasun sare horrek berme guztiak izan behar zituela. Horrela, igandean bertan bando bat prestatu genuen esanez boluntario izan nahi zuten guztiek izen-ematea zabalik zutela, eta bitartean segurtasun protokolo bat egingo genuela, osasun zentroarekin eta ondoan dauzkagun teknikari, erizain eta pertsona jakitunekin, guztia behar bezala antolatzeko.
Zenbat boluntario daude Irurtzunen?
Momentu honetan 29 boluntario ditugu. Izena ematerakoan euren ordutegi librea eskatu genien eta, horrela, ordutegiaren arabera txandakatzen joango dira. Jendearen harrera oso ona izan da.
Informaziorako zein bide erabili duzue? Kartelak, buzoneoa, sare sozialak...
Bide guztiak erabili ditugu. Sare sozialak boluntarioak lortzeko garrantzitsuak ikusten genituen, baina sare sozialak adineko jendearengana ez dira horrenbeste ailegatzen. Ekimena udalaren aplikazioan igo genuen, web orrian eta gero whattsapeko taldeetan ere.
Norbaitek zerbitzua jaso nahi badu zer egin behar du?
Irurtzungo udaletxera deitu, udaletxe ordutegian (948 500 051). Administrariek egingo diote harrera. Momentuan izena abizenak eskatuko dizkiote eta helbidea. Gero erabiltzailearekin kontaktuan jarriko gara eta prozesu guztia azalduko diogu. Udal ordutegitik kanpo deitzeko ere beste telefono bat dago (618 636 199).
Dagoeneko eskaeraren bat jaso duzue?
Igandean boluntarioak hasi ziren antolatzen, protokoloa astelehen arratsaldean zehaztu genuen eta astearte goizean jada bi erabiltzailek jaso zuten zerbitzua. Bata zerbitzu sozialetik eskatutakoa izan zen, eta besteak udaletxera deituta.
Egunak luzatu ahala, jende gehiagok eskatuko du.
Egoera honen hasieran gaude; hasiera batean jendean oso animoso dago, baina luzera doa, eta zerbitzua luzera mantendu behar da; garrantzitsua da honek herrigintzan duen eginbeharra. Holako elkartasun sareak herria egiten du eta hori da egoerari atera behar dioguna. Auzolana.