Espainiako Kopa jokatzetik bueltan Peñiscolaren kontrako ligako partida ari zineten prestatzen koronabirusarengatik guztia geldirik geratu zenean.
Espainiako Kopan koronabirusari buruzkoak entzuten ziren, baina Kopa jokatu ahal izan genuen. Bueltan, Peñiscolaren kontrako partida prestatzen hasi ginen eta asteazkenean esan ziguten ligako ondoko bi jardunaldiak ateak itxita jokatuko zirela. Egia esan, partidak ikusle eta zalerik gabe jokatzeak ez zuen zentzurik, azkenean bi jardunaldiak bertan behera geratu ziren, eta gero entrenamenduak, abisatu arte guztia gelditu arte.
Zer eskatu dizuete taldetik? Norberak bere kabuz entrenatu dezala?
Azken entrenamendu egunean sekulako entrenamendua egin genuen, topera aritu ginen; bagenekien zer etorriko zen. Etxean gabiltza entrenatzen: gure entrenatzaile fisikoak ariketak bidaltzen dizkigu, egin beharreko lan handia dugu. Etxean ariketa asko egin daitezke. Uste dut taldeko inork ez duela korrika egiteko zintarik, baina badago bizikleta estatikoa duenik, eta kasu horretan bizikleta egin dezakezu eta gero ariketak, abdominalak eta beste asko.
Baina etxean egiten duzuena ez da entrenamendu normal batean egiten duzuena. Egoera normaltasunera itzuli eta lanera itzultzen zaretenean, beherakada sumatuko duzue? Erritmoa hartzea kosta egingo zaizue?
Nahiz eta etxean ariketa asko egin, ez da entrenamendu batean egiten duzun berbera, inola ere ez. Baina nik uste dut, bueltatzerakoan, aste bateko epean berriro aurreko sasoia izango dugula. Hau bizikletan ibiltzearen antzekoa da; ez bazara ibiltzen ere, ez da ahazten, eta uste dut aste batean aurreko sasoia lortu daitekeela.
Espainiako Kopan Barçaren kontra erori zineten final laurdenetan, baina burua tente. Imanolek esan zuen jokalariei “ezin zitzaiela gehiago eskatu”. Hala uste duzu?
Bai eta ez. Imanolek arrazoia du, ahal genuen heinean partida ona egin genuen, jokalari asko ukituta zeudela kontuan hartuta; jokalariek dena eman genuen, eta, hortaz, ezin zaigu ezer gehiago eskatu. Baina talde honek askoz gehiago eman dezake; beste baldintza batzuetan askoz ere gehiago estutu izango genuke Barça. Errotazio gutxi genituen, baina Araça pneumonia pasatzetik zetorren, Rafak kolpea zuen belaunean… Xotaren ezaugarria da egoera konplikatuetan eta jokalari gutxiago gaudenean partida hobeak egiten ditugula, eta jokalari guztiek euren onena ematen dutela. Talde hau eta jokalari hauek elkarrekin egongo ginen azkeneko Kopa zela jakitun ginen, eta zerbait polita egin nahi genuen. Baina ezinezkoa izan zen.
Asteburu honetan Barça hartu behar zenuten Anaitasunan, ligako partidan. Azken bi partida hauek gero jokatuko dituzue edo behin betirako bertan behera geldituko diren ba al dakizue?
Ez dakigu ezer. Nik uste dut geldirik ematen dugun denboraren araberakoa izango dela partida hauek atzeratu edo bertan behera gelditzen diren.
Imanolek azaldu zuen orain helburua ligako titulua jokatu ahal izateko play-offetan sailkatzea dela. Zenbait jokalarik taldea utziko dutela kontuan hartuta, ziklo hau ahalik eta hobekien despeditu nahi duzue?
Bai, nahiko genuke. Denboraldia ez da bukatu eta play-offetan sartzeko lehiatuko gara. Seigarrenak gara sailkapenean, ongi kokatuta gaude, baina partida asko gelditzen dira tarte laburrean. Ongi aritu beharko dugu, eta play-offetan sailkatuz gero, liga ongi despeditzeko dena eman beharko dugu.
Atezain bikaina zara, Asier, eta sarritan zure geldialdiak goraipatzen dituzte eta atezain onenen artean kokatzen zaituzte. Nola hartzen dituzu aipamen horiek?
Beti motibatzen zaituzte, baina ezin zara soilik laudorioekin geratu, huts egiten duzunean horrekin geratzen baita jendea. 100 geldialdi egin ditzakezu, akats bat baduzu soilik huts egin duzun jokaldiarekin geratuko direlako. Hortaz, guztia hartu behar duzu kontuan, gauza onak, txarrak, eta bereziki zure burua zaindu, lasai egon eta gainontzeko guztiaz ahaztu.
Nola daramazu etxean itxita egotea? Zer egiten duzu ez aspertzeko? Gomendiorik?
Bidali nizkizun argazkietan egiten ari naizenarekin (kar, kar…). Goizean etxeko lanak eta garbiketak egiten ditugu eta arratsaldean ariketa fisikoa egin, play stationean jokatu, txakurra kalera atera, txakurra dugula probestu behar baitugu kalera pixkat atera ahal izateko, eta ezer gutxi gehiago. Play zale amorratua naiz, eta play-an ongi jokatu beharra dago, ohiko mandoa atzean geratu zen (kar, kar…).