Ander Goiatxe mediku irurtzundarrak martxoaren 18an "Covid-19aren hedapenak sortu duen egoeraren inguruko hainbat gako" izeneko kolaborazioa publikatu zuen GEDAR Langile Kazetan. Bertan, Covid-19 pandemia ez dela soilik medikuntzara mugatzen den arazo bat ondorioztatzen du, eta honek ekarriko duen krisiaren aurrean antolatzeko eta lan egiteko deia egin du.
ZER DAGO COVID-19AREN ATZEAN
GEDAR Langile Kazetan publikatu duzun kolaborazioan aipatzen duzu Covid-19 pandemia ez dela soilik medikuntzara mugatzen den kontu bat. Zer dago honen guztiaren atzean?
Lehenik eta behin birusa bera aztertzea ongi legoke, hori ikertzen dabil orain komunitate zientifikoa. Birus hau animalietatik datorren birus bat da, baina momentu batean aldaketa genetikoen mutazio bat izan du eta horrek eman dio gizakia erasotzeko gaitasuna. Eztabaida dago ea zergatik edo nola eman den mutazio hori. Bi hipotesi maneiatzen dira: lehena, naturan berez birus hori mutatu egin dela da, eta beste hipotesia litzateke birusaren mutazio hori manipulazio genetikoaren ondorioa dela, hau da, birusa gerra biologikorako beste erreminta bat bezala erabiltzeari begira mutatutako birus bat dela.
Naturak berez sortutako mutazioa dela baieztatzen bada, ez litzateke historian gertatuko litzatekeen lehen aldia.
Zazpi koronabirus ezagutzen dira gizakia erasotzeko gaitasuna dutenak. Zazpi horietatik lau orain arte gure artean ibili diren lau birus dira, udazken eta negu aldean hotzeria eta katarroa eragiten dutenak, ohikoenak direnak. Kontua da 2003 urtetik aurrera hiru koronabirus sortu direla katarro horiei pneumonia eragiteko gaitasuna dutenak. Lehenengo biak epidemia larriak izan ziren, egungo koronabirusak baino hilkortasun tasa handiagoekin, baina kontrolatzea lortu zen, eta hirugarren honek munduan zehar hedatzeko bidea egin du. Nahiko deigarria da 2003ra arte ez den egon pneumoniarik eragiten zuen koronabirusik eta nola 17 urtean bat batean 3 agertu diren. Bestalde, ikerlariek, birusaren azterketan, ikusi dutela pneumonia eragiten zuen aurreko koronabirus baten antza handia duela aurtengo birus honek, %80an identiboak direla, eta horrek atentzioa deitu du. Birusaren jatorria 2. hipotesia dela probatuko balitz, seguru inoiz ez genukeela jakingo, baina salatzeko modukoa dena da egun potentzia inperialistek birusen manipulazioa egiteko aukera bera izatea da, eta jendartearen parte handi bat arriskuan jartzen duten birusekin manipulazioak egitea. Koronabirusarekin manipulazioak egin izan dira, demostratuta dago, ikerketak daude. Eta naturan berez emandako mutazioaren hipotesia bada, kontuan hartu behar da birusak ez direla goizetik gauera mutatzen, badaude faktore batzuk hori errazten dutenak. Krisi ekologikoak, landare espezien edo animalien manipulazio genetikoak, transgenikoak, animalien konfinamendu masiboa produkzio granja masiboetan... horrek guztiak mutazioak egiteko ingurune egokia sortzen du. Beraz, bi hipotesi horiek erantzule berera eramango gintuzkete, sistema kapitalistaren eremuan gainjartzen diren sektore edo esparru horietara. Potentzia inperialistek duten irabazi-goseak eta gerra inperialistak markatuko nituzke egoeraren erantzule.
Beraz, sistema kapitalistaren eskua ikusten duzu atzean…
Halako izurriteak, plagak edo pandemiak ohiko gauzak dira kapitalismoan eta izaten jarraituko dute. 20, edo 30 urtero gertatzen dira, eta hau beste bat izan da. Aurrekoa duela oso gutxi izan genuen, 2009koA Gripearen pandemia, eta 11 urte besterik ez dira pasa ordutik beste pandemia baten aurrean egoteko.
Tarteka halako pandemiak egotea "komeni" zaio sistemari? Estrategia politikoak martxan jartzeko, halako erakustaldiak egiteko...
Komeni.. zaila da esatea. Nik uste sistema kapitalistari berezkoa zaion elementu bat dela, ezin dira ekidin. Halako pandemiek gerra inperialista horretan koiunturak goizetik gauera oso azkar aldatzeko aukera ematen dute, eta horrek ere potentziei aukera ezberdinak irekitzen dizkie. Potentzien artean koiuntura aldatzen da, posizioak irabazteari begira. Baina hori zaila da zientifikoki demostratzea.
IMMUNIZAZIOA LORTZEKO ESTRATEGIAK: TXINAKO EREDUA EDO BIRUSAREN ZABALPENARI MUGAK EZ JARTZEA
Pandemia honi aurre egiteko burgesiak jarraitu dituen estrategia politikoen inguruan aritzen zara txostenean. Txinan jarraitu diren estrategia politikoak aipatzen dituzu eta Europan zer nolako aldeak edo akatsak izan diren, estrategia-politiko horiek kopiatze aldera.
Akatsak baino ezintasuna, nik uste. Bi premisatik abiatuko gara. Lehen premisa: koronabirusak orain arte sasoiko birusak izan dira, udazken-neguan erasotzen zutenak. Dena den, zalantzan dago hipotesi hau, Ekuatorean dauden herrialde askotan birusa transmititzen ari baita, hego hemisferioan ere. Eta bigarren premisa: immunizazioa. Immunizazioa da, behin gaixotasuna izanda, gutxienez urte batzuez horren kontrako defentsa izatea. Eta hori lortzeko, bi modu leudeke: gaixotasuna bera pasatzea, edo txertoaren bidez immunizazio hori lortzea. Bi premisa horietatik abiatuz bi estrategia orokor markatu dituzte munduan. Lehena Txinan gauzatutakoa da. Txinan, helburua birusaren hedapena kontrolatzea izan zen. Horretarako, konfinamendu edo isolamendu neurriak modu zorrotzean aplikatu eta kasu bakoitzeko kontrol oso zorrotza egin zuten: kasu guztiak diagnostikatu, bai kasu larriak, sintomarik gabekoak edo sintoma oso gutxi dituztenak. Hori hemen ez da egin. Bestetik, produkzio ekonomikoa eten zuten, langileen arteko kutsadura ekiditeko. Txina gai izan da isolamenduan eta kontrolean oinarritutako estrategiarekin birusaren hedapena kontrolatzeko. Munduko Osasun Erakundeak eta beste osasun erakunde askok estrategia hori goraipatu dute eta gainontzeko herrialdeak estrategia hori jarraitzera deitu dituzte.
Europan Txinako estrategia jarraitu nahi izan dute.
Italiak, Espainiar Estatuak… Txinako estrategia jarraitu nahi izan dute, baina ez dute momentu batean ere Munduko Osasun Erakundeak zein Txinak berak jarraituriko estrategiaren funtsak bete; ez dute diagnostiko proba masiborik egin, ez dute gaixoen kontrola egin eta ez zuten hasieratik produkzio ekonomikoa gelditu, krisi ekonomikoan ez erortzeko.
Zein da immunizazioa lortzeko bigarren estrategia?
Bigarren estrategia, berriz ere indarra hartzen ari dena, hasiera batean Britainia Handiko presidente Boris Johnsonek aurkeztu zuena da: birusaren zabalpenari mugarik ez jartzea, ekonomia ez gelditzea, birusaren zabalpena bilatzea eta, jendeak gaixotasuna pasatzearen bidez, populazioa immunizatzea. Horretarako, ikerlariek diote populazioaren %50-60ak pasa beharko lukeela gaixotasuna. Estrategia honek jarraitzen dio "Laissez faire" (egiten uztea) kontzeptu liberal klasikoari. Erresuma Batuak badirudi atzera egin duela bere posizio ausart horretan, baina badirudi Trumpek estrategia honen alde egingo duela. Zer ekarriko du estrategia honek? Oso azkar, agian birusaren lehen agerraldian lortuko litzatekeela herrialdearen immunizazioa eta hurrengo negura begira, berriz ere birusa gurean dugunean, AEBak nahiko babestuta edo immunizatuta egongo direla,eta ekonomia gelditu gabe. Baina horren trukean, jakina, heriotza kopurua izugarri igoko litzateke.
Baina Txinak ekonomia gelditu eta 2 hilabete luzeren bueltan, egoera gainditu eta Txinako motorra berriro martxan da. Indar erakustaldi bat egin du, ez?
Egoera honetan, munduan bi estrategia horiek jarraitzen ari direnean, guztion gainetik Txina dugu. Txinak sekulako lezioa eman dio munduari. Gaixotasuna kontrolatzea lortu du, bere ekonomia gelditu eta hala ere hazten jarraitzeko gaitasuna izan du, eta gainontzeko estatu eta potentzia guztien gainetik kokatuta, kristoren aukeraren aurrean dago: batetik krisi sanitarioa kudeatzeko aukera du, erreskate zuzena emateari begira, eta etorkizunari begira aurreikusi daitekeen krisialdi ekonomiko berri batean babes edo laguntza ekonomikoa emateari begira. Sanchez eta beste hasi dira Marshall Plan berri baten aukera mahai gainean jartzen, baina oraingoz Alemaniak ezezkoa eman du, eta badirudi Txina hor egongo dela bere aukerak baliatzeko. Txinak bere hegemonia asko sendotu du, ez bakarrik arlo ekonomikoan, baita ere arlo zientifikoan eta humanitarioan. Koronabirus berri honen inguruan egiten ari diren ikerketa ia gehienak, dagoen informazio nagusia, txinatarrek garatu dituzte...
COVID-19aren kontrako txertoa lortzeko borroka ere martxan dago.
Egun txertoarena ez da aukera erreal bat; Munduko Osasun Erakundeak egindako aurreikuspenen arabera 12-18 hilabete beharko dira txerto fidagarria komertzializatu ahal izateko. Potentzia inperialistak, psikosi sozialaren eraginez, kristoren eskaria izango lukeen txerto horren aurrean martxan jarriak dira. Badirudi Alemania badirudi aurreratuta dagoela, eta Txina ere lanean dago. Baina txertoa ez da goizetik gauera egongo, eta hipotesiak zuzen badaude, sasoiko birusa izanik COVID-19aren beste agerraldi bat izango genuke hurrengo neguan, agerraldi gogorragoa. Ikertzaileen estimazioak dira Estatu Espainiarrean 3 milioi pertsona inguru erasoko dituela COVID-19ak aurten, populazioaren %6-7, eta talde immunizazioa lortzeko portzentaiak gizartearen %50-60 dira. Hurrengo negurako txertoa iritsiko ez denez, ikusi behar zein izango da egoera.
Hau ez da hasi besterik egin.
Hau guztia ez da komunikabideetan entzuten. Estatuak gezur galanta bota zuen hasieran alarma egoera 2 astekoa izango zela esaterakoan, bazekitenean hau ez zela bi astetan bukatuko. Txinak jarraitutako estrategiaren erdibidea jarraitzeak, nahi eta ezinaren egoera horrek, eragiten duena da honi ez zaiola frenoa jartzen. Lortzen dutena da osasun sistema ez saturatzea, heriotza-tasa ikaragarriak izatea ekidinez, baina asko luzatzen da egoera. Ikusi beharko dugu udan zein transmisio egoera dagoen, baina azaro-abenduan beste agerraldi baten aurrean egongo gara, gogorragoa izango dena.
KONTROL SOZIALA
Birusaren hedapena mugatzeko bideratu diren politiken artean garrantzitsuenetako bat kontrol sozial masiboa eta zorrotza gauzatzea izan da.
Hartu diren erabakiak ez dira erabaki mediku soilak izan, erabaki ekonomikoak eta politikoak hartu dira, batez ere botere politikoa bideratzen duten sektore sozialek, oligarkiak, bankuek eta enpresari handiek eginikoak. Badirudi pandemia egoera batean gaudenez eta "mediku-erabakiak" direnez, guk sumisio osoa zor diegula erabaki horiei eta ez dagoela koronabirusari aurre egiteko beste agertoki posiblerik. Horrela, goizetik gauera kristoren salbuespen-egoerak ezarri dituzte munduko toki askotan, alarma-estatuaren edo emergentzia-estatuaren karetaren azpian. Eta benetan harritzekoa da zein erresistentzia gutxi izan duten halako neurri ekonomiko eta politikoek. Koronabirusak ez du zertan halako alarma-egoerarik eskatzen; ez du zertan eskatzen poliziak eta militarrak kalean egotea. Eta aipatzekoa da jendartearen parte batek psikosi sozial, desinformazio eta komunikabideen gezurren baitan garatu duen elkartasunaren kontzepzioa.
Elkartasuna nola ulertzen da egun?
Elkartasuna badirudi Estatuaren sumisio posizio bat hartzera eta asistentzialismora murriztu beharra dagoela, eta estatuaren neurriak saltatzen dituenak seinalatu, denuntziatu eta poliziaren jakinaren pean jakin behar direla. Hori kritikatu beharreko posizioa da. Beharrezkoa da COVID-19aren atzean dauden elementu politikoak eta ekonomiak mahai gainean jartzea, ulertzeko bai hartutako neurriak ez direla benetan esan dituztenerako hartu, bai eta planteatu dituzten txoke plan hauek sakonean zer duten ikusteko, bai eta kontrol sozialak zer dakarren ikusteko. Eta horrek zein ondorio politiko uzten dituen etorkizunera begira, langileriaren kontrolera begira,... Salbuespen egoera honen aplikazioa egia esan beldurgarria da, zein erraz egin duten eta zein erresistentzia gutxi aurkitu duten.
Kontrol sozial horren atzean dagoenaz ohartuko gara?
Pixkanaka jendea honetaz guztiaz kontziente egin ahala, eta langileria eta sektore proletarioek dauzkaten ezintasunak agerian jarri ahala – jendeak ezingo du, kaleratuta egonda, bizitzaren erritmo honi jarraitu, argiaren prezioak gora egin du, urarenak ere...– ataka nahiko larrian kokatuko da langileria, eta tentsioak etor daitezke. Alarma-egoerak jarraituz gero, militarren presentzia gogortuko da. Argi izan behar dena da kontrol soziala eta alarma-egoera, militarren presentzia eta kamarak eta mugikorrak jarraipen orokortuetarako erabiltzea ez direla koronabirusa kontrolatzeko berezko neurriak, eta salatzekoa da hau guztia.
Nola ikusten duzu etorkizuna?
Koronabirusaren krisi sanitario honek ondorio ekonomiko larriak utziko ditu. Bi sektore nagusi kolpatuko ditu: berriz ere, langileek jasango dute pisu gehiena, baina klase ertainaren deskonposizio orokor baten aurrean egon gaitezkeelakoan nago, enpresa txiki eta ertainek, autonomo guztiek izan dezaketen egoera lazgarria izango delako. Krisi ekonomiko hau ez da hilabete honetan bizi dugunaren ondorio bezala ulertu behar, baizik eta datorrenak ireki dezakeen egoera lazgarri hori bezala. Funtsezkoa da, antolatzeari begira, zenbait elementu mahai gainean jartzea: alde batetik salbuespen egoera anulatzea eta askatasun politikoak bermatzea; bestetik COVID-19aren guzti honen dimentsio erreala benetan ezagutzea exijitzea, hau da, gezur antolatu horri aurre egitea; hirugarrenik, burgesiaren ofentsiba berri honetarako prestatzea, eta horretarako antolakuntza mekanismoak garatzea; eta bereziki, jendeari animoak ematea, egoera oso zaila ireki daitekeelako. Jendeari animoak eman nahi dizkiot, eta bereziki, sor daitekeen inpotentziaren aurrean lan egiteko deia egin nahi diot, politizatzeko deia, informatzeko deia. Egunero Teleberria ikusi beharrean bestelako informazioak irakurri ditzala. Animoak guztiei.