Mendia

Sakanako Ibilaldia, bertan behera

Guaixe 2020ko api. 8a, 10:31

Apirilaren 25ean zen egitekoa Irurtzungo Elkartean antolatzen duen ibilbide luzeko martxa, baina koronabirusak sortutako egoeragatik bertan behera gelditu da

Irurtzungo Iratxo elkarteak antolatutako Sakanako Ibilaldia mendizaleek egutegian gorriz markatuta duten data horietako bat da. Aurten 31. edizioa zen burutzekoa, apirilaren 25ean, eta Iratxokoak aspaldi zeuden lanean guztia behar bezala prestatzeko. Baina gizarteak bizi duen COVID-19 birusaren pandemia dela eta bertan behera gelditu da Sakana zeharkatzen duen ibilbide luzeko martxa ezaguna. “Osasun-agintarien gomendioei jarraituz eta mendizaleen, zein laguntzaile, antolatzaile nahiz herritar guztien osasuna lehenetsiz, Irurtzungo Iratxo Elkarteak apirilaren 25ean egitekoa zen XXXI. Sakanako Ibilaldia bertan behera uztea erabaki du. Beraz, aurten ez da egingo Sakanako Ibilaldia, ez ezarritako datan ezta beste batean ere” azaldu dute Iratxo elkartekoek prentsa oharrean. Hori bai, hurrengo urtean, 2021ean, Sakanako Ibilaldia “indar gehiagorekin berriro gurekin egongo dela” berretsi dute antolatzaileek, eta urte hauetan guztietan Sakanako Ibilaldia antolatu ahal izateko euren laguntza eman duten erakunde, komunikabide, enpresa, mendizale, laguntzaile eta boluntario guztiei euren esker ona adierazi diete.