Txirrindularitza

Irurtzungo La Peluso txirrindularitza martxa bertan behera utzi du antolakuntzak

Guaixe 2020ko api. 8a, 13:44
Aurreko urteko La Peluson egindako omenaldia.

Maiatzaren 9an zen jokatzekoa eta 1.400 txirrindulari baino gehiago zeuden izena emanda, baina Irurtzun Bi Ahizpe Txirrindularitza Elkarteak proba bertan behera utzi du COVID-19ak sortutako osasun-krisiarengatik. 2021erako izena ematea mantendu egiten da

Aurreko urtean antolatu zen lehenengoz La Peluso txirrindularitza martxa Irurtzunen, arrakasta handiz, eta izandako erantzuna ikusita aurtengo maiatzaren 9rako  II. La Peluso martxa antolatzea erabaki zuen Irurtzun Bi Ahizpe Txirrindularitza Elkarteak. Bi ibilbide prestatu zituzten, luzea, 138 km-koa, eta laburra, 89 km-koa. Izena ematea zabaldu bezain pronto hasi zen mugimendua eta guztia martxa onean zihoan, 1.400 txirrindulari baino gehiago baitzeuden izena emanda. Baina COVID-19 birusak sortutako osasun-krisia dela eta, egoera nolakoa den ikusita, La Peluso martxa bertan behera uztea eta 2021 urtera atzeratzea erabaki du antolakuntzak, egoera hau noiz arte luzatuko den ez baitago jakiterik eta halako moduko proba bat prestatzeko txirrindulariek ez dutelako beharrezkoa den denbora izango kontuan hartuta. 

Izena ematea mantendu egiten da 2021erako
Horrela, 2021ean jokatuko da II. La Peluso txirrindularitza martxa, maiatzaren 9an. Izena ematea mantendu egiten da hurrengo urterako, eta baja eman nahi dutenek ere aukera izango dute, 2021eko ilbeltzaren 31era arte.