Aurreko astelehenean Aste Santuko oporrak amaitu ziren, eta Saray Ongay irurtzundarrak 9:00etarako ordenagailuaren aurrean egon behar zuen. Aurretik altxatu zen, gosaldu, eta bilera bat bestearen atzetik izan zuen: Zuzendaritza eta zikloetako beste koordinatzaile batzuekin lehenengoa, ondoren, hirugarren zikloko beste bilera bat eta bukatzeko seigarren mailako lankideekin. Ongay Iruñeko Txantrea auzoko Bernart Etxepare ikastetxeko 6. mailako irakaslea da, eta konfinamendua hasi zenetik etxetik lan egiten du. Normalean ez dituzte hainbeste bilera. 12 urteko alabarekin eta aurten 7 urte beteko dituen semearekin bizi da. Konfinamenduaren hasierako bi asteak “oso gogorrak” izan zirela aitortu du Ongayk; “orain ohitzen ari garelako edo lasaiago eta errazago pasatzen ditugu egunak”.
“Egia da pixka bat erlaxatu naizela. Modu desberdinean bizitzen da egoera, pertsonaren arabera”. Hasieran oso gaizki pasa zuela aitortu du Ongayk. Telelana, haurren zaintza eta etxerako lanak uztartu behar zituen. “Nire lana aurrera atera behar nuela ikusten nuen, eta beste aldetik, nuen. Alaba DBHn dago, oso autonomoa da eta bera arduratzen da eta berak bakarrik egiten ditu gauza guztiak. Baina semea LH 1. mailan dago eta bere gainean egon beharra dago”. Haien irakasleek egunero etxerako lanak bidaltzen dizkiela esan du, “matematika, ingelera…” eta, ondorioz, oso egoera “latzak” bizi izan dituela: “Oso urduri jartzen nintzen haurra mugitzen hasten zelako, letra bat idazten zuen eta gero gelditu egiten zen…”. Bere gainean egon behar da, izan ere, irakurtzen eta idazten ikasten ari da eta gauza batzuk egitea kosta egiten zaiola esan du Ongayk. Baina poliki-poliki egoerara moldatzen joan dira, eta “zentratu da eta askoz hobeto gabiltza. Bera zentratu dela eta ni lasaitu naizela izan daiteke”. Egoera beste modu batera planteatu zuen: “Orain ez badu egiten gero egingo du pentsatu nuen”.
Konfinamendua haurrendako egoera berria eta desberdina da. Martxoaren 14tik ez dira kalera atera. Ongayren haurrek tarteka zerbait komentatzen dute, txikiak batez ere: “Agian orain oporrak izan direla eta oporretara joan behar ginenez ikusi zuten ezin ginela joan eta zerbait komentatu dute”. Uda ere haurren kezketako bat da: “Batez ere txikiak galdetzen du ea zer gertatuko den igerilekuekin, bere urtebetetzea ere hor dago…”. Plazara noiz aterako diren ere galdetzen du. “Kalera ateratzeko nik haiek baino gogo gehiago dudala uste dut”.
Goizez lanak egiten dituzte eta arratsaldea “aisialdirako” tartea da Ongayren etxean. “Ohituta gaude goizez lan egitera”. Errutinak jarraitzeko egutegi bat egin zuen konfinamenduaren lehenengo asteburuan, “baina gero ez dut aurrera eraman”. Hala ere, errutina batzuk jarraitzen dituzte: altxatu, gosaldu, lanak egin eta arratsaldea “pixka bat” libre. “Hasieran zehaztu nuen eskolako egutegia bezala: 9:00etan euskara, 10:00etan matematika… baina ezinezkoa zen. Ezinezkoa da hori jarraitzea”. Hasieran ere altxatzeko ordutegia mantentzea pentsatu zuen, baina “erotu zara, lo egin dezatela” pentsatu zuen gero. “Egia da ez diedala berandu oheratzen uzten. Oheratzearena mantetzen dugu. Baina altxatzearena ez. Helduak lan karga handiagoa duenez altxatzeko eskatzen dit, baina txikiari uzten dio”. Hala ere, iratzargailu naturala izango balu bezala, 9:00ak baino beranduago ez dela altxatzen esan du irurtzundarrak. “Alde horretatik erlaxatu naiz. Altxatzen denean ez badu berehala gosaldu nahi, beranduago gosalduko du. Pixka bat jolasten du, ohea egin eta gero lanak egiten ditu. Ondoren, jolasten ibiltzen da, zirikatzen du edo dena delakoa”.
Esku lanak, errezetak, gozogintza… konfinamenduan denborari aurre egiteko hamaika irtenbide bilatu ditu jendeak. Ongayren familiak ere “egunen batean errezetaren bat egin dugu, galleta batzuk”, baina ez da egunero errepikatzen duten zerbait. “Gehienetan libre izaten da”. Eguna “ia-ia konturatu gabe” eta “nahiko azkar” pasatzen zaiela aitortu du Ongayk. “Telebista pixka bat ikusten dute, tabletarekin ibiltzen dira, mahai jokoetara, dametara... jolasten ibiltzen dira”. Horrela pasatzen dute denbora. “Nik kirola egiten dut. Ez nuen inoiz horrela egingo nuenik pentsatu, baina Interneten topatutako errutina batzuk jartzen ditut eta zerbait egiten dut”. Jolasak eta jokoak ez ezik, “liskarrak” ere egoten dira: “Horrelako tarteak izaten ditugu ere”. 10 edo 15 mintutako “tentsio momentuak” izan ohi dira, baina “ekaitzaren ostean barealadia” datorrela dio Ongayk.
Izan ere, haurrek haien sentimentuak eta mugimenduak nolabait atera behar dituzte eta Ongayren ustez, modu horretan “deskargatzen” du bere semeak barruan duena. “Egoera normalean, ni etxera 17:00etan iristen naiz eta 19:30ak arte plazan egoten gara. Haiek ere eskolan, jolasaldian, gorputz heziketa saioetan eta abarrean mugitzen dira. Orain ez dago aukera hori”. Energia hori guztia “nire txikiaren” gorputzean pilatzen joaten da, “eta momenturen batean atera behar du”. Zirikatzen, bronka botatzen eta haserrea adierazten da bilatzen duen modua, Ongayk azaldu duenez. “Ea datorren astelehenetik aurrera uzten diguten ordutxo bat ateratzen. Tentsioa deskargatzeko, behintzat”.
Espainiako Gobernuak atzotik haurrak kalera ordu bat atera ahalko direla adierazi zuen. Erabakiak eztabaida handia piztu zuen, izan ere, asteartean egindako agerraldian haurrak supermerkatuetara, banketxetara eta farmaziatara gurasoak edo helduak laguntzera joan ahalko zirela esan zuten. Azkenean, Espainiako Gobernuak atzera egin zuen eta astelehenetik aurrera haurrek “paseotxo txikiak” emateko aukera izango dutela esan zuen.
Ikasgela birtuala
Ordenagailuaren aurrean pasatzen ditu goizak Ongayk. “Eta eskerrak alaba DBH 1. mailan dagoela eta Chromebook-a eman ziotela. Bestela, ezingo ginateke biak batera lanean ibili”. Ikasgela deitutako aplikazio baten bidez egiten dute lan. “Ikasleei lanak prestatzen dizkiegu, haiek bertatik egiten dituzte eta bueltatzen dizkigute guk begiratzeko, zuzentzeko edo dena delakoa”. Etxetik ez dituzte klaserik ematen, baina bideodeiak egiteko aplikazio baten bidez ikasleekin kontaktua izaten duela esan du irakasle irurtzundarrak. “Elkarrekin jende nahikotxo hizketan egoteko aukera ematen du. Egia da pixka bat eromena dela, denek batera hitz egiten dutelako eta ez gara gehiegi enteratzen batak edo besteak esaten duenaz”. Oporren aurretik “errepaso ariketak” egin dituztela esan du; “hemendik aurrera antzera ariko gara”.
“Lehenengo eta bigarren astetan ordu gehiago sartu genituen. Askoz gehiago”. Izan ere, irakasleendako ere plataforma berria zen eta ez zutela oso ongi kontrolatzen esan du Ongyak. “Nik aspaldi ikastaro batzuk egin nituen, baina ez baduzu erabiltzen, dena ahaztu egiten da”. Beraz, martxa hartu arte egun batzuk, “24 ordu baino gehiagokoak” izan zirela esan du. “Orain martxa hartuta errazago eramaten da”. Ikasleek plataforma erabiltzen primera ikasi dutela esan du: “Nahiko ongi moldatzen gara”.
Teknologia berriak hezkuntzan erabiltzearen eztabaida ez da oraingoa. Baina bat-batean jarri behar izan dira horrekin. “Ikastaroa egin nuen nik nahi nuelako. Informatika gustatzen zait eta ez zait batere kostatzen ordenagailu baten aurrean egotea eta saltseatzea”. Ikastaroa “oso interesgarria” iruditu zitzaion, baina ez “orain erabiltzen ari garen moduan erabiltzeko”. Tarteka egitea proposatzen du Ongayk: “Kontuan izan behar dugu gaur egungo ikasleak ordenagailuarekin zerikusia duen guztiaren aurrean askoz motibatuago egoten direla”. Hala ere, “lan izugarria” prestatu behar dela esan du irakasleak, eta ikasturtea hasten denean eta egunerokotasunean sartzen direnean “ez dugu minutu bat bera ere beste gauza batzuetan pentsatzeko. Biharko uzten duzu eta azkenean iritsi da eguna, erabili ez duzunez ahaztu duzuna”. Egoera honek alde horretan trebatzeko eta ikastaro horiek berriz hartzeko aukera eman dio.
“Sartuta jarraitzen badugu eta erabiltzera ohitzen bagara, ez egunero eta orduro, baina astean pare bat ariketa modu honetara egiten baditugu, tresna polita da”. Koronabirusak sortutako egoera honek aldaketak ekar ditzake hezkuntzan. “Esandakoa, ikasleei ordenagailua hartu behar dutela esan bezain pronto beste gogo batzuekin egiten dituzte gauzak”. Hala ere, gelan duten “gertutasuna” ez dela galdu behar argitu du Ongayk: “Berehala konturatzen zara nor dagoen adi, nor ez, hurbildu zaiteke eta berriz azaldu…”. Bestela, ikasle asko “hor geldituko” zirela esan du. Hortaz, klasean tratua “pertsonalizatuagoa” da, eta Internet bidez harreman hori lortzea “ezinezkoa” da.
Internet bidez klaseak emateak beste eztabaida bat sortu du: haur guztiek ez dute ordenagailua edota Interneterako sarbidea posiblerik. “Nire gelan zorionez denek dute ordenagailua erabiltzeko aukera eta konexioa”. Irurtzundarrak azaldu duenez, ordenagailua izatearena ez da arazo bakarra. “Etxean bi edo hiru pertsona daude ordenagailua behar dutenak eta ordenagailu bakarra dute”. DBH 1. mailatik aurrera Chromebook-ak banatzen dizkiete, eta horrek bere etxean gauzak erraztu die. “Alabak berak esan zidan 6. mailan egongo balitz ez zekiela nola moldatuko ginatekeen”. Ordenagailu bakarrarekin “arazoak” izango zituztela esan du Ongayk.
Martxoaren 13an eskolara joan ziren azken eguna izan zen. “Nik ez nuen uste honek horren luze joko zuenik”, eta aste baterako lana prestatu zuten. “Egia da lan nahikotxo jarri genuela, baina aste osoa etxean ezer egin gabe egon behar zutenez, pentsatzen genuen denbora izango zutela”. Gero etxean egiteko lan kopurua moldatzen joan direla azaldu du Ongayk. Ikasgela aplikazioa plangintza, proposamenak eta ariketak jartzen dituzte, eta ikasleek bertatik egiteko aukera dute. “Ez dugu oso estu eramaten. Nahi izan duenak egin ditu, nahi izan duenak ez…”. Familien egoera ere kontutan hartu behar dela esan du irakasleak: “Ikasle batzuk laguntza behar dute etxean, baina guraso guztiek ezin dute lagundu”. Hala ere, ikasleak erantzuten ari direla esan du, “gauzak egiten dituzte”.
2019-2020 ikasturtea
“Momentuz ez dugu etorkizunik ikusten. Apirilaren amaieran gaude eta ez dakigu nola bukatu behar dugun ikasturtea. Ez dakigu zer iritsiko den”. Ongayren ustez, ez dira eskolara itzuliko: “Behintzat ikasleak ez dira itzuliko”. Agian irakasleak azkeneko asteetan gauzak ixtera eta buletinak egitera joango direla aurreikusten du irurtzundarrak. “Grazia egiten dit aprobatu orokorrari buruz hitz egiten dutenean eta errepikapenak salbuespena izango direla esaten dutenean. Badirudi errepikatzen uzten ditugula buelta gehiegi eman gabe”. Irakasleak azaldu duenez, ikasle batek errepikatu behar duenean “mila buelta ematen” diotelako da, eta familiek aurretik badakite zein izango den erabakia: “Familia lehenengo hiruhilekoan jakinaren gainean jartzen dugu, aurreko ikasturtetik datorren zerbait ez bada behintzat. Bigarren hiruhilekoan, beranduz jota”.
Osasun krisialdia ikasturtearen azken txapan iritsi da. Hirugarren hiruhilekoa ebaluatzeko moduan oraindik ez direla hasi aipatu du Ongayk. “Suposatzen da departamentuak argibideak bidali behar dizkigula nondik jarraitu behar dugun jakiteko”. Irurtzundarrari ez zaio oso “bidezkoa” iruditzen konfinamendu egoera honetan ikasleak ebaluatzea. “Nire ikasle guztiek aukera dute ordenagailu batekin ibiltzeko eta konektatzeko, baina batek adibidez telefono mugikor batetik egiten ditu lanak. Nire kasuan bakarrik ematen da hori, badaude ordenagailurik ez duten beste batzuk ere”.
Lehenengo Hezkuntzako 6. mailako irakaslea da Ongay, beraz, datorren ikasturtean bere ikasleak DBH 1. mailara pasako dira. Institutura salto egingo dute. “Imajinatzen dut institutu guztietan berdin egongo direla datorre urtean iristen zaizkien 6. mailako ikasleekin”. Ikasturte honetako azkenengo ebaluazioan bizi izan duten egoera kontuan izan beharko dutela eta irakasgai batzuetan maila baxuago batetik hasi beharko direla azaldu du. “Haien jakintzetara moldatu beharko dira”. Alde onak izango ditu: “DBHra pasatzen direnean Departamentuak Chromebook-ak banatzen dizkie eta lan batzuk bertatik egiten dituzte. Hori ikasita eramango dute”.