Areto futbola

“Ilusioa piztuko duen taldea” sortu nahi du Osasuna Magna Xotak

Guaixe 2020ko mai. 8a, 09:42
Tatono Arregik bideokonferentziaz eman zuen prentsaurrekoa.

Araçak, Rafa Usinek, Dani Saldisek, Martelek, Mariok eta Llamasek taldea utziko dute. Tatono Arregik lasaitasun mezua luzatu die zaletuei eta Imanol Arregik gidatuta, “ilusioa sortuko duen taldea” sortzeko lanean daudela nabarmendu du. Federazioak play-offak jokatuko direla erabaki du eta horretan murgilduko da taldea

Lirikarendako ez omen dira garai onak. Ezta kirolarendako ere. Astelehenean Osasuna Magna Xotako presidente Tatono Arregik prentsaurreko telematikoa eskaini zuen eta talde berdeko etorkizun hurbilaz mintzatu zen. Orduan 2019/2020ko ligarekin zer gertatuko zen ez zegoen argi. "Badirudi liga erregularra despeditutzat emango dela eta lehendabiziko 8 taldeek titulua erabakitzeko play-offak jokatuko dituztela, formatu azkarrean eta egoitza bakarrean" aipatu zuen Tatonok. Talde irurtzundarra 6. postuan dago, play-off postuetan, eta partida horiek prestatzen hasi beharko du, Futbol Federazioak play-offak jokatuko direla berretsi baitzuen asteazkenean. Publikorik gabe jokatuko dira, eta litekeena da Las Rozasen izatea. Oraindik ez dira datak zehaztu eta entrenatzeko arazoak ditu Xotak, Anaitasuna itxita dagoelako. 

Zaleei lasaitasun mezua: talde berria, Imanol Arregiren esanetara
Talde berdeak 6 baja izango dituela baieztatu zuen Tatono Arregik. Araçak, Rafa Usinek, Dani Saldisek, Martelek, Mariok (Betisekin kontratua du eta hara itzuliko da) eta Llamasek, azken honek arrazoi pertsonalak argudiatuz, taldea utziko dute. Araça eta Rafa Usin Levantera joango direla aurreikusten da, eta Eric Martel eta Dani Saldise Inter Movistarrera. Xotan emandakoa eskertu die Tatonok, eta zortea opa die. Talde berdearendako baja garrantzitsuak dira, baina Tatonok lasaitasun mezua zabaldu zien zale berdeei. “Gure zaleak lasai egon daitezela; gure burua “berrasmatzea” dagokigu berriz eta ilusioa piztuko duen talde gaztea sortuko dugu. Horretan gaude. Egoera konplexuetatik sendoago ateratzen gara” nabarmendu zuen. Halaber, Imanol Arregik taldea zuzentzen jarraituko du, dituen beste eskaintzei muzin eginez, eta ahalegina eskertu zion Tatonok. “Gure frankizia da, klubeko baloreen erakuslea. Proiektu honen oinarrietako bat da, lan egiten ari garen guztiaren erakusgarri. Aukera asko baztertzen ari da, eta berak taldea utziko balu, hutsune hori izugarri nabarituko genuke” aitortu zuen Tatonok. 

Garai zailak datoz, baina Tatono Arregik gogoratu zuen Osasunarekin duten akordioa sendoa dela, 2021era artekoa eta Osasuna Magna Xotako babesleek eurekin jarraitzeko asmoa dutela. 

Hurrengo denboraldiari begira, publikorik gabe jokatu behar izatea “sekulako kolpea” litzatekeela uste du presidente irurtzundarrak, “gure babesle onenetakoak gure zaleak baitira”. Ikusleen mugatzea ere ez da ona talde berdearendako. “2.200 bazkide ditugu, eta Anaitasunako partida ia gehienak betetzen ditugu, eta aforoa jaistea… Momentuz ez dugu bazkideen kanpainarik egingo egoeraren garapena ikusi arte. Pentsatzen dut ekainerako zerbait gehiago jakingo dugula eta orduan hartu beharko ditugu erabakiak” gaineratu du Tatono Arregik. 

Jantzi berria
Bestalde, hurrengo urtean jantzia aldatuko du Osasuna Magna Xotak. Osasunak Hummel etxearekin kontratua hautsi du, eta litekeena da Adidas izatea talde gorritxoaren hurrengo jantzia diseinatuko duena. Osasuna Magnak kirol-etxea aukeratzeko askatasuna du eta hala eginen du. “Futbolaren prezioak batzuk dira, eta gainontzeko kirolenak beste batzuk” nabarmendu zuen Tatonok. Lehen ekipazioaren kolorea berdea izango da, eta bigarrenarena gorria, eta bietan Osasunako ikurra agertuko da. Tatonok azaldu zuenez, 5 kirol-etxeren eskaintza aztertzen ari da Xota, 3 firma espainiar, japoniar bat eta italiar bat, eta aurki hartuko da erabakia. 

Tafatransek filiala izaten jarraitu du
Osasuna Magna Xotak eta Tafatrans Vulcanizados Ruiz areto futbol taldeek aurreko urtean sinatutako hitzarmena beste urte baterako berritu dute eta Tafallako taldeak Osasuna Magna Xotaren eskumendeko kirol-kluba edo talde filiala izaten jarraituko du. Hitzarmen honi esker, Xotako harrobiko jokalariek 2. B mailan dabilen Tafatrans Vulcanizados Ruiz taldean jokatzeko aukera izango dute, lehen mailarako edo elite mailarako prestatzen eta trebatzen jarraitzeko bidean. Horren isla, Aitor Irujo atezaina Tafatransen aritu izan da eta Osasuna Magna Xotako Iñigo Fernandez eta Ion Cerviño jokalariak ere Tafatransen ibili dira, lehen mailako Osasuna Magna Xotarekin egiten duten lana uztartuz. 

Bi aldeak pozik daude hitzarmena berritu izanagatik. “Pribilegiatu batzuk gara Osasuna Magna Xota bezalako klub batekin aritzeko aukera izateagatik. Umilak dira, langileak eta zintzoak. Herritik sortutako kirol proiektu bat elite mailan mantentzeko kapazak dira, areto futbolean aitortua eta errespetatua den proiektua. Zalantzaz betetako egora honetan, aukera berriak sortu nahi ditugu, eta bi taldeen arteko harremana indartzeko apustua egin dugu” azaldu du Tafatrans Vulcanicados Ruiz taldeko presidente Esteban Martinok. Xotan iritzi berekoak dira eta Tatono Arregi presidenteak adierazi zuen oso pozik dagoela akordioa luzatu izanarekin. Bi taldeen arteko harremana sendotu nahi dute, etorkizunerakoa bi taldeendako onuragarri izango delakoan.