Areto futbola

Javi Saldise Tafatrans taldera

Guaixe 2020ko mai. 12a, 10:47

Jokalari irurtzundarrak 2. B mailako Ibarrako Lauburu taldea utzi eta maila horretara igo den Tafallako Tafatrans taldera pasako da

Xotan trebatutako Javi Saldise jokalariak 2. B mailako Ibarrako Lauburu taldea utzi eta datorren denboraldian 2. B mailara igo den Tafallako Tafatrans taldean ariko da. Jokalari irurtzundarrak 27 urte ditu, 4 urte zeramatzan Ibarrako Lauburun eta Tafatrans taldean aro berri bati ekiteagatik ilusio handia duela adierazi du. 

Javi Saldise Xotan trebatu zen eta lehen mailako taldean aritu zen, Imanol Arregiren aginduetara. Xotako jokalari izandako Leandro Fernandezen esanetara ariko da datorren denboraldian mailaz igo den Tafatrans taldean. Leandrorekin aritzea da taldez aldatzearen arrazoietako bat, Saldisek aitortu duen moduan. Maila berriari egokitzeko aldaketak eta fitxaketak egin beharko ditu Tafatransek, eta hor kokatzen da Javi Saldiseren fitxaketa. “Bi taldeek, Lauburuk eta Tafatransek, kirol maila berbera dute eta helburua berbera da, lehen lau postuetan sailkatzea. Baina Leandro entrenatzaileaz gain, aurretik berarekin jokatu nuen Iñigo Amezketa dago, eta Irurtzungo beste jokalariren bat. Tafallako zaleek pabilioia betetzen dute eta hori ere motibazioa da niretzat. Aldaketa egiteko gogoa dut, eta Tafatranseko proiektuak ilusioa piztu dit” aipatu du Javi Saldisek Diario de Noticiasen. 

Javi Saldisek hitz politak ditu Ibarrako Laubururendako. “Nire bigarren etxea izan da” dio. Baina gogotsu dago hurrengo denboraldian Tafatransen hasteko. “Ahalik eta lan onena egitea” eta “taldeak nigan dituen itxaropenak gauzatzea” dira bere helburuak.