Atakondoako patioan umeendako parkea egin nahi dute irurtzundarrek

Guaixe 2020ko mai. 15a, 13:28
Atakondoako ikasleak patioan atsedenaldia. Artxiboa.

Parte-hartze aurrekontuetan aurkeztutako lau proiektuen artean parkearenak 178 boz lortu ditu.

Irurtzungo Udalak parte-hartze aurrekontuetarako zehaztutako 35.000 euroko diru-saila zertara bideratuko den erabaki dute irurtzundarrek herri-kontsultan. Herritarrek lau proiekturen artean aukeratu beharra zuten, eta gehienek, 178 irurtzundarrek, Atakondoako patioan umeendako parkea egitearen aldeko hautua egin dute. Hortaz, Irurtzungo Udalak aipatu diru-saila parkea egitera bideratuko du. 

Irurtzungo Parte-hartze aurrekontuen taldeak azaroan abiarazi zuen Aurrekontu Parte Hartzaileen 10. edizioa, eta 2019an jasotako proposamen eta iradokizunetan oinarrituz, lau proiektu aurkeztu zituen: Irurtzun atseginago egiteko plana (oinezkoendako Irurtzun atseginagoa egitea, horretarako loreontzi, zutoi, eskudel eta zenbait elementu apaingarri jarri, hainbat mural apaingarri margotu…), barraketako esparrua asfaltatu edo hormigoitu, Atakondoako patioan umeendako parkea egitea; eta Toilekanak edo txakurrendako guneak egokitzea. Irurtzundarrek martxoaren 15era arte botoa emateko aukera zuten, euren boza ohiko tokietan utziz edo preparairurtzun@gmail.com posta-elektroniko bidez, eta guztira 441 boza jaso dira. Horretaz aparte, 73 proposamen egin dituzte irurtzundarrek, batzuek auzo eta kaleetan dauden arazo txikien berri ematen dutenak. 

Irurtzundar gehienak (178), Atakondoako patioan umeendako parkea egitearen alde azaldu dira. Irurtzun atseginago egiteko planak 93 boz lortu ditu, barraketako esparrua asfaltatu edo hormigoitzeko proposamenak 84 boz eta Toilekan edo txakurrendako guneak egiteko proposamenak 74 boz. 

Irurtzungo Aurrekontu Parte-hartzaileen taldeak azaldu duenez, ez dakite zehatz-mehatz Atakondoako patioan umeendako parkea egiteko lanak 2020. urtean egingo diren edo 2021. urtera atzeratuko diren. “Bizitzen ari garen pandemiaren ondorioak direla eta, ez dakigu horrek 2020. urteko aurrekontuetako diru-sarreretan eta gastuetan izango duen eragina, eta momentuz ezin da jakin lan hauek aurten edo datorren urtean egingo diren” azaldu dute. 

Parte hartze aurrekontuen bidez aukeratutako proiektuak
2011 Erreka eta Bi Haizpetako inguruak aisiarako berreskuratu.
2012 Espaloiak errespetatu. Seinaleak errespetatu.
2013 Igerilekuetako instalazioak hobetu.
2014 Atakondoak aldagelak.
2015 Karpa.
2016 Anbulantzietarako sarbidea egokitzea.
2017 Plazako zorua eta harmailak konpontzea.
2018 Igerilekuetako berdeguneak eta sarrerako hurbiltzea konpontzea.
2019 Igerilekuetako aldagelak konpontzea.
2020 Atakondoa patioan jolas-parkea jartzea.