Imanol Arregi

“Egoera latz honetan ezingo nuke taldea utzi”

Maider Betelu Ganboa 2020ko mai. 15a, 14:27

Osasuna Magna Xotaren egoera ez da batere samurra. Zazpi jokalarik utziko dute taldea eta datorren denboraldiko talde berria sortzea dagokio Imanol Arregi teknikariari. Azken urteetako erronkarik latzenetakoa du aurretik

Etxean harrapatu dugu Osasuna Magna Xotako entrenatzailea, Imanol Arregi. “Duela 5 urte egoera honetan egongo ginela esango baligute, flipatu egingo genuke, baina hau da egokitu zaiguna…” dio lehen mailako areto futboleko entrenatzailerik onenaren saria sarritan jaso duen irurtzundarrak. Umila eta langilea, datorren denboraldiko taldea prestatzen ari da. Xotaren egoera latza da 7 jokalarik taldea utzi eta gero, baina nahiz eta eskaintza garrantzitsuak izan, etxeko taldean jarraituko duela argi du Imanolek.

ATEZAIN IZATETIK ENTRENATZAILE IZATERA
1978. urtean sortu zuen Xota Irurtzungo gazte kuadrilla batek, inguruko herrietako areto futbol torneoetan aritzeko. 1984/1985 denboraldian sartu zinen taldean eta 2000/2001 denboraldira arte Xotako atezaina izan zinen. Zein da boteprontoan etortzen zaizun lehen oroitzapena?
Oroitzapen asko dira. 15 urte nituela soilik entrenatzen uzten zidaten, 16 urte izan arte ezin baitzen jokatu. Taldean sartzea sekulakoa izan zen niretzat. Beti dut gogoan sentipen hori. Eta jokalari izan nintzen urte luze horietako oroitzapen asko ditut: taldekideak, taldeak, pabilioiak, txapelketak, maila igoerak… Denetatik bizi izan dut, baina gehienetan oroitzapen onak dira burura etortzen zaizkizunak. 

Herriko taldea izatetik liga federatuan aritzera pasa zen Xota, eta kategorietan gora egin zuen taldeak. 1992/1993 denboraldian Zilarrezko Mailara igo zen eta 1997/1998 denboraldian Ohorezko Mailara, maila gorenera. Hura guztia bizi izan zenuen, taldeko atezaina zinela. 
Zure herriko taldearekin txikitan Etxarriko, Irurtzungo eta Txantreako txapelketetan aritzetik federatutako ligetan hastea pauso ederra izan zen. Hortik aurrera, taldea sendotu zen eta 2. mailara edo Zilarrezko Mailara igotzea handia izan zen. Orduan 1. Mailara edo orduko Ohorezko Mailara igotzeko gogor borrokatu genuen, maila gorenera igotzea lortu arte. Egun, 1. mailan urte gehien jarraian daramatzan hiru talderen artean dago Xota, eta hori sekulakoa da ni bezalako irurtzundar batendako. 

Taldeko atezaina zinen, baina argi zenuen entrenatzea gustuko zenuela. 2000/2001 urtean zure azken denboraldia jokatu zenuen MRA Xota Nafarroan, eta 2001/2002 denboraldian taldeko entrenatzaile lanetan hasi zinen, zuzenean 1. mailan. 
Xotako atezaina nintzela harrobiko nesken talde bat entrenatu nuen. Gustuko nuen, eta entrenatzaile titulua lortzeko ikasketa eta azterketa guztiak egin nituen. Atezain izateari utzi nionean nire helburua Xotako harrobiko gazte mailako taldea hartzea zen, gaztetxoak entrenatzeko, baina 2000/2001 denboraldia konplexua izan zen MRA Xota Nafarroarendako. 1. mailatik ez jaisteko borrokan ibili ginen, eta egoerari buelta emateko, kluba izen handiko hiruzpalau entrenatzailerekin jarri zen harremanetan hurrengo denboraldirako. Inork ez zuen etorri nahi izan, eta esperientzia handirik ez zuen entrenatzaile bat fitxatu beharrean, etxeko norbaiten alde egitea erabaki zuen klubak. Horrela, 2001/2002an talde nagusia entrenatzea proposatu zidaten. Errespetu handiz onartu nuen erronka, ardura handia baitzen, apustu itzela. Lehen urte hori maitasun handiz gogoratzen dut. Gainera, ongi joan zen; aldageletan egoera berrira berehala ohitu ginen, lan ikusgarria egin genuen eta Xota, historian lehen aldiz, Ligako titulua erabakitzeko play-offetarako eta Koparako sailkatu zen, sailkapenean bosgarrenak izan eta gero. Nire lehen urtean ligan horren ongi bukatzea ederki gozatu nuen. 

XOTA HANDIENEN ARTEAN
Taldearen ardura hartu zenuenetik Xotaren urrezko garaiak iritsi ziren. Esaterako, 2009/2010 denboraldian Ligako txapeldunordeak izan zineten, 2017an Errege Kopako txapeldunordeak –bi final hauek El Pozoren kontra galdu zenituzten– eta 2018/2019 denboraldian Ligan hirugarrenak izan zineten. Azken urteotan Ligako titulua erabakitzeko play-offetarako eta Koparako sailkatu zarete, ia zuen aurrekontua hirukoizten duten taldeekin batera. Movistar, El Pozo, Barcelona eta talde ahaltsu horiek zer esaten dizuete? Estimatuko zaituztete, ez al da hala?
Esango nuke areto futboleko munduan mugitzen diren talde eta zale gehienek estimatzen gaituztela. Nafarroan, zer esanik ez, eta baita Estatuan barna ere. Estatuan nolabait esatearren “guztion taldea” da Xota. Irurtzundik sortutako talde bat gara, goian dauden taldeak baino askoz ere bitarteko gutxiago ditugu eta beti hor gaude, goian. Polita da, baina bitarteko gehiago izanez gero talde erraldoi horien kontra desabantaila gutxiagorekin aritzeko aukera izango genukeenaren arantza hori sartua duzu. Baina hau da dagoena. Polita da hemendik kanpokoek gure taldea umila dela aitortzea, eta aldi berean 1. mailako lehen zortzi taldeen artean kokatzea. Gurea bezalako talde batean oso konplikatua da hori. 

Luxuzko zaletuak dituzue, marea berdea. Talde ahaltsu askok ez dute zuena bezalako afiziorik. 
Lehen Mailako afiziorik onenetako bat dugu, eta, horretaz gain, errespetu handiena duena. Eta hori ere oso garrantzitsua da. Gure zaletuek gurekiko eta arerioekiko ere errespetu handia dute. 2.300-2.400 bazkide ditugu eta ez dira gehiago Anaitasunak aforo gehiago ez duelako. Berdin du zein talde etortzen den, bete egiten da Anaitasuna. Hori eskertzekoa da, pistara atera eta zaletuak horrela ikustea oso polita baita. 


1. MAILAKO ENTRENATZAILERIK ONENA
Gizon umila eta langilea zara, profesional handia. Areto Futboleko 1. Mailako Ligako entrenatzaile onenaren saria jaso duzu, entrenatzaile onenaren Ramon Cobo saria, Nafarroako entrenatzaile onenaren saria… ba al dakizu zehatz-mehatz zenbat sari dituzun?
Nafarroako Federazioak emandako 2 sari ditut, Nafarroako Gobernuak emandakoa, 2 Ramon Cobo sari, Entrenatzaileen Elkarteko 2 sari eta Liga Nazionaleko sari bat. 

“Entrenatzailerik onena”, ez da txantxa. Horrek autoestimua puztu egiten du?
Zintzoki, ez. Norbaitek egin duzun lana balorean jartzea beti eskertzekoa da, hori jende guztiari gustatzen zaio. Baina areto futbola talde kirola da eta sari indibidualak taldeak egiten duenari baldintzatuta daude beti. Horregatik, sari hauek guztiendako dira: taldearendako, klubarendako eta urte luze hauetan taldetik pasa diren pertsona guztiendako. Bestetik, jendeak uste du gu ordu eta erdiz goazela entrenatzera eta kitto, baina ordu askoz ere gehiago ematen ditugu etxean pabilioian baino, bideoak prestatzen, estrategiak zehazten, jokalarien jarraipena egiten... Pribilegiatuak gara, gustatzen zaiguna egiten dugu eta ordaindu egiten digute, baina ordu asko daude atzean, eta sariak ordu horien aitortza dira. Eskertzekoa da, ilusioz jasotzen dituzu. Sari guztiak baloratzen ditut, elkartekoak, oso polita delako zure kide entrenatzaileek zu entrenatzaile onena izendatzea; Ligakoa baita ere, urte horretan finalean sartu ginelako; Nafarroakoak baita ere, etxeko sariak direlako; eta Ramon Cobo oso berezia da, sariak duen esanahiarengatik. 

Bideoak prestatzen sartutako orduak aipatu dituzu. Irudiak editatzen crack hutsa izango zara…
(Kar, kar). Gogoratzen dut entrenatzen hasi nintzenean irudiak 2 bideo aparailuekin prestatzen nituela, batean grabatzeko zinta sartu, bestean partidakoa, eta 2 mandoekin bueltaka bideoa editatzen nuen. Zoratzekoa zen. Orain horrela editatu behar izango banu… Teknologietan izugarri egin da aurrera. Ni autodidakta naiz, eta hanka sartzen ikasi dut editatzen. 

COVID-19
Urte luze hauetan denetariko egoerak bizi izango zenituen, baina COVID-19 birusak sortutakoak bezalako gutxi…
Oso egoera arraroa da hau, normaltasunetik kanpo dagoena, guztiok jokoz kanpo harrapatu gaituena eta jende askorengan eragina duena. Horrenbeste denbora etxean egon beharra, hori ez dugu sekulan bizi, eta euren senitartekoak galdu edo gaixotu direnendako oso gogorra izaten ari da. “Heriotza gutxien izan den eguna da gaur, ehun pasa hildako izan dira” entzuten duzu, albiste pozgarria balitz moduan, eta burura datorkizu ehunka pasatxo horiek pertsonak direla, ehunka familia dituztela eta milaka ezagun edo lagun. Hildakoen datuez horrelako hoztasunarekin hitz egitea izugarria da. Egoera gogorra da, inpotentzia sortzen duena. Birus honen inguruan ezer gutxi dakigu, osasun arduradunek ere ez dakite noiz arte luzatuko den, nola eragingo duen… Guztiondako egoera gogorra da eta ea lehenbailehen pasatzen den. 

Osasuna Magna Xotako jokalariak nola ari dira entrenatzen?
Taktikoki ezin dugu ezer egin; ezin dira taldekako entrenamenduak egin. Gure jokalari gehienek ez dute euren etxeetan entrenatzeko moduko espazio handirik ez bitartekorik. Miguel Hernandez prestatzaile fisikoak mantenu plan bat prestatu die jokalariei, eta bi egunez behin bideokonferentzia bidez ariketak egiten dituzte, fisikoa eta indarra mantentzeko. Momentuz ezin duzu gehiago egin. Jokalariak orain kalera atera daitezke ariketa egitera, baina bakoitza bere kabuz. Espainiako Futbol Federazioak aurreko astean esan zuen 1. Mailako Areto Futboleko ligako titulua erabakitzeko play-offak jokatuko direla, baina nik ez dut batere argi. 

PLAY-OFFAK
Play-offak jokatu ahal izango dituzuen ez al duzu argi?
Ez dut batere argi. Boteprontoan, uste dut uztailaren bukaerara arte ia ezinezkoa dela play-offak jokatzea, eta areto futbolean jokalariei ekainean despeditzen zaie kontratua. Ikusteko dago hori nola konponduko duten. Eta ez dakit Xotak taldean noiz entrenatu ahal izango duen. Ezjakintasuna handia da. 

Espainiako Futbol Federazioak ez zuen zehaztu zein datetan eta non jokatuko diren 1. Mailako Areto Futboleko play-offak, eta egutegia aurrera doa.
Play-off azkarra izango dela esan dute, baina ez dute datarik jarri. Zintzoki, denboraldi honi bukaera egokia ematea zaila da, baina ez dakit play-offak jokatuko direla ziurtatu daitekeen daukagun egoera ikusita eta datak, bete beharreko protokoloak eta beste zehaztu gabe. Garrantzitsuena osasuna da, jakina, baina egoera honetan egotea, zer gertatuko den edo jokatzeko aukerarik izango ote dugun jakin gabe… ez dut argi ikusten. 

Nafarroa Arena eskaini omen dute play-offak jokatzeko. Zer deritzozu?
Jokatuz gero, publikorik gabe jokatuko dira, eta hortaz, kantxa efektuak printzipioz ez du eraginik izango. Dena den, beti da polita etxean jokatzea. Konfinamendua arintzeko faseak kontuan hartuta, Nafarroa 1. fasean dago. Valdepeñas, El Pozo eta Barcelona taldeetako probintziak oraindik 0 fasean daude. Oker ez banago 2. fasera arte ez dira kiroldegiak zabalduko, eta fase horretan taldean entrenatzen hasi daiteke, baina kontakturik gabe. Areto futbolean hori ezinezkoa da. Dena den, orain 0 fasean dauden taldeak, gauzak ongi, 2. fasean ekaina erdialdean sartuko lirateke. Hortaz... play-offak jokatu ahal izateko uztailaren bukaeran edo abuztuan geundeke. Areto futbola ez da futbola. Futbolak dirutza izugarria eta interes asko mugitzen ditu, baita gobernu interesak ere, eta guk horrekin ez dugu zerikusirik. Federazio berberean gaude baina gure kirola guztiz ezberdina da, ez du horrenbeste diru mugitzen, eta ez dakit zein punturaino luzatu dezakegun play-offaren kontu hau. Kontuan hartu behar da ere datorren denboraldia prestatu behar dugula. Gertatzen dena gertatuta, aurtengo denboraldia izorratu da, ez du konponbide errazik, eta ez litzaidake gustatuko aurtengoa konpontzen saiatzeagatik datorren liga izorratzea. 

DATORREN DENBORALDIAZ
2020/2021 denboraldiari begira, baja oso garrantzitsuak izango dituzue. Egungo taldeko 7 jokalari garrantzitsuenetatik 4 badoaz –Araça, Rafa Usin, Dani Saldise eta Martel–, eta haiekin batera Mario eta Llamas. Tatono Arregi presidenteak aurreko astean esan zuen berriro ere taldeari “bere burua berrasmatzea” dagokiola eta lanean zaudetela “ilusioa piztuko duen taldea” sortzeko. 
Egoera oso konplexuan gaude. Alde ekonomikoari begiratuta, orain arteko helburu berberei eutsiko dion taldea berregitea oso zaila da. Uste dut 2008ko krisi ekonomikoan gertatutakoa etorriko dela, taldeen arteko ezberdintasunak oraindik ere handiagoak izango direla. Egoera honek talde guztietan izango du eragina, baina talde batzuek gehiago nabarituko dute. Azken 10 urteetan jarraian play-offetarako eta Koparako sailkatu gara, eta taldea utziko duten jokalari garrantzitsu horiek azken bospasei urteetan Xotan egon dira. Hortaz, jokalari horiek ordezkatzea zaila izanen da. Gehienak oso gazte etorri ziren, eta lehen mailako jokalari hemen egin ziren. Pena ematen dizu, kalitate oso handiko kirolariak baitira. Gure klubak dituen baliabide ekonomikoak kontuan hartuta, ezinezkoa da euren mailari gerturatzen diren jokalariak fitxatzea. Hortaz, berriro ere hasi eta apustua egin beharrean gaude, baina azken urteetako egoerarik zailenean gaudela onartu beharra dago, taldea berregiteko bitarteko gutxiago ditugulako eta taldeko jokalari garrantzitsuenak ordezkatu behar ditugulako. Lan oso zaila dugu. 

Hau harrobiko jokalariendako aukera bat izan daiteke?
Harrobian ditugun jokalariak oso gazteak dira oraindik. 2. B mailan edo 1. mailan jokatzea ez da gauza bera, aldea izugarria da. Hortaz, pazientzia izan beharra dugu. Denboraldi honetan Ion Cerviñok 15 urterekin debutatu zuen lehen taldean, eta Iñigo Fernandezek 18 urterekin. Gurekin entrenatzen jarraituko dute eta gertutik egingo diegu jarraipena, baina hortik maila hori duten jokalariak ordezkatzera saltoa handia da. Gauza bat da taldeko 9. edo 10. jokalari moduan sartzea, eta beste gauza bat da 1. mailan astero 20-25 minutu jokatzea. Hitz potoloak dira horiek. 

Hortaz, datorren denboraldia trantsiziokoa izango da? Edo zuen izaerari jarraiki, Xota berdea da eta beti irabaztera aterako da? 
Gure taldearen nortasuna berbera izango da baina, jakina, helburuak ezin dira berdinak izan. Hori ez litzateke errealista izango, eta taldera iritsiko diren jokalariendako ere ez litzateke justua izanen. Etorriko diren jokalari gehienak hasiberriak dira, eta 1. mailan 7-8 urte daramatzaten jokalariekin alderatzea ez da justua. Hortaz, beste helburu batzuk lortzeko borrokatu beharko dugu. Orain berriro taldea osatu beharra dugu, eta hori izaten da zailena. Historikoki, taldearen sendotasuna garrantzitsua izan da gurean, eta horretara jo behar dugu, taldea sortzera, jokalariek konfiantza har dezaten eta gutxika taldea hezten joan dadin.

Beste talde batzuk entrenatzeko eskaintza tentagarriak izan dituzu, baina etxeko klubean jarraitzeko apustua egin izan duzu beti. 
Kluba egoera latzean dago, eta orain ezingo nintzateke joan. Ongi ezagutzen dut nire burua, badakit nolakoa naizen eta nik ezingo nuke taldea egoera gogor honetan utzi. Hemen egon beharra dut, plantilla berritzen saiatu, ahalik eta tarte motzenean Xota talde onenen artean borrokan egoteko. Horretan saiatuko gara eta horretan gaude. Aurretik ez banaiz taldea uzteko kapaza izan, aurten ezingo nuke, eta arrazoia guztiz pertsonala da. Berdea naiz, hau da nire taldea, izorratuta gaude eta hemen egon beharra dut, beste behin taldea aurrera ahal izateko, berriro ere lehiakorrak izan gaitezen. 

Beste talde batera joateko tentaziorik ez al duzu sekula izan?
Batzuetan taldea uzteko puntuan egon naiz, baina pixka bat arraroa naiz; dirua baino, erronkek erakartzen naute. Argi dut nagoen tokian nagoela, nire taldeak irabazten duenean sentitzen dudana ez dudala inon sentituko. Profesionalak gara, lehiakorrak, eta beti irabaztera ateratzen gara, baina sentimendua ez litzateke berdina izanen Xotan edo beste talde batean banengo. Behin Xotatik ateratzekotan egon nintzen eta eskaintza oso onak izan ditut, baina gauza bat edo bestea zela, ez naiz atera. Eta orain, taldea izorratuta dagoela, are gutxiago. Beste talde batera joango banintz eta Xota gaizki ibiliko balitz gaizki sentituko nintzateke. Aldiz, geratzen banaiz eta gauzak gaizki ateratzen badira, gutxienik ahal dudana egin dudanaren sentipena izango nuke. Oraintxe bertan nire tokia hemen dago; ikusiko dugu etorkizunean non dagoen. 

Printzipio sendoak dituen pertsona zara
Berdea naiz (kar, kar). 

Urtero aipatzen duzu denboraldia hasteko gogoa izaten duzula. Aurten ere bai?
Aurten ere, jakina. Azken urteetako denboraldirik tristeena da hau, jokalari horiek ezin izan ditugulako taldean mantendu ahal izan eta ezin izan dugulako taldea indartu. Bestetik, erronkak bilatu beharra dago, eta orain dugun erronka itzela da. Puntako jokalariak apenas esperientziarik ez duten jokalariekin ordezkatuko ditugu, eta hori oso zaila da, baina, bestetik, entrenatzaile naizen aldetik erronka handia da, eta hori gustuko dut. Sentsazio ezberdinak ditut; tristura, batetik, klubean hazi diren jokalariak badoazelako; bestetik, ziklo berri baten aurrean gaude, eta ea bitarteko gutxiagorekin talde lehiakor bat egiteko gai garen. Azken urteetan izan dugun erronkarik handienetakoa da hau. 

Roberto Martil kapitainak taldean jarraituko du. 
Berdea da bera ere. Ikusgarria da Irurtzun bezalako herri txiki batetik aurten, 1. mailan Asier Llamas, Roberto Martil, Dani Saldise, Ion Cerviño, Txuma eta ni egon izana. Hori zeinen zaila den ez gara jabetzen. Gure artean txantxetan ibiltzen gara, irurtzundarrak ez direnak “kanpotarrak” dira guretako, eta behin taldean sartu, bertakoak egiten ditugu (kar, kar). Gure klubari urtero kromoak aldatzen ibiltzea ez zaio gehiegi gustatzen; talde sendoa sortzearen aldekoak gara, aldaketa gutxirekin, eta kanpotik datozen gure taldekideak etxekoak bezala sentitzen dira. Eta horretan jarraituko dugu.