Areto futbola

Gios Teamwear taldeak jantziko du Osasuna Magna Xota

Guaixe 2020ko mai. 26a, 10:35
Datorren denboraldian Gios Teamwear etxeko jantzia izanen du Xotak.

Talde irurtzundarrak hiru denboraldiko akordioa sinatu du kirol jantzi etxe italiarrarekin

Osasuna Magna Xota datorren denboraldirako xehetasunak isten ari da, gutxika. Horietako bat talde berdea jantziko duen kirol etxea erabakitzea zen. Osasuna futbol taldeak eta Osasuna Magna Xotak Hummel etxearen jantziak erabiltzen dituzte oraindik despeditu ez den denboraldi berezi honetan, baina talde gorritxoak Hummel etxearekin kontratua itxi du eta litekeena da datorren denboraldian Adidas izatea bere hurrengo jantzia diseinatuko duena. Osasuna Magna Xotak askatasuna du bere hornitzailea nor izango zen erabakitzeko eta hala egin du. “Futbolaren prezioak batzuk dira, eta gainontzeko kirolenak beste batzuk” azaldu zuen Xotako presidente Tatono Arregik maiatzaren hasieran egindako prentsaurreko telematikoan. 

Talde irurtzundarrak 5 kirol-etxeren eskaintza aztertu du, eta erabakia hartu du: Gios Teamwear talde italiarra izango da Osasuna Magna Xotaren 2020/2021 denboraldiko jantzia diseinatuko duen etxea. Talde irurtzundarrak hiru denboraldiko akordioa sinatu du Gios Teamwear taldearekin eta bi aldeak oso pozik daude hitzarmenarekin. “Gios Teamwear etxeak 70 urte baino gehiago daramatza kirol alorrean lanean eta sektorean duen esperientzia horrek sortzen duen konfiantza ezinbestekoa izan da euren alde egiterakoan” nabarmendu du Tatono Arregik. Gios Teamwear etxeak Lehen Mailako talde batek dituen beharrak primeran asetzen dituela gehitu du Xotako presidenteak, talde bakoitzak behar dituen “kalitate handiko diseinu egokituak” sortzen dituelako.

Gios Teamwear etxea ere kontentu dago hitzarmenarekin, munduan barrena kirol ekipazioak diseinatzeko estrategian aurrera pausua baita Xotak eurekin sinatu izana. “Espainiako areto futboleko liga munduko ligarik onena da eta liga horretan Osasuna Magna bezalako puntako talde batekin kontratua sinatzea oso albiste ona da guretako” adierazi du etxe italiarrak. 

Play-offak noiz jokatuko diren oraindik ez da zehaztu
Espainiako Futbol Federazioak Lehen mailako Areto Futboleko titulua erabakitzeko play-offak jokatuko direla iragarri zuen maiatzaren 6an, baina oraindik noiz eta non jokatuko diren ez da erabaki. Formatu azkarrean eta egoitza bakarrean jokatuko omen dira play-offak, eta Xotak Nafarroa Arena egoitza eskaini zuen bertan jokatu ahal izateko. Federazioak oraindik ez du erabakia hartu. Osasuna Magna Xotaren lehen arerioa Viña Alvali aldepeñas izango da.