Areto futbola

Osasuna Magna Xotak ez du COVID-19 testengatik ordaindu behar izango

Guaixe 2020ko eka. 1a, 09:29

Espainiako Futbol Federazioak bere gain hartuko ditu Areto Futboleko Play-Offetako taldeei eta futboleko 2. B eta 3. mailetako taldeei egin beharreko COVID-19 testak. Oraindik ez da zehaztu noiz eta non jokatuko diren Play-Offak

Espainiako Futbol Federazioak azaldu du areto futboleko play-offetan parte hartuko duten 8 taldeetako jokalariei eta 2. B mailako eta 3. mailako igoera faseetan parte hartuko duten taldeetako jokalariei COVID-19 birusa duten antzemateko testak bere gain hartuko dituela; hau da, aipatu lehiaketan arituko diren areto futbol edo futbol taldeek ez dute koronabirusaren testengatik ordaindu behar izango. Espainiako Futbol Federazioak gaineratu du aipatu testak entrenatzen hasi baino lehen egingo direla eta jokatu beharreko lehen partida baino lehen. 

Espainiako Futbol Federazioak oraindik ez du erabaki areto futboleko 1. mailako titulua erabakitzeko Play-Offak noiz eta non jokatuko diren. “Gertatuko denaren inguruko berririk izan gabe jarraitzen dugu. Ez dakigu noiz egingo dizkiguten COVID-19 antzemateko testak, ez dakigu noiz hasiko ditugun taldekako entrenamenduak eta ez dakigu Play-Offak noiz eta non jokatuko diren. Aurreko asteetan bezala jarraitzen dugu. Play-Offak ekainaren azken astean jokatuko direla entzuten da, baina ezinezkoa izango da, txapelketan parte hartuko dugun 8 taldeetatik 4 oraindik entrenatzen hasi gabe gaudelako eta 8 taldeetatik 3 Aldi Baterako Enplegu Erregulazio Espedientearekin daudelako” azaldu du Osasuna Magnako entrenatzaile Imanol Arregik. 

Nolanahi ere, Imanol Arregik COVID-19 birusa antzemateko testak klubendako dohain izatea eskertu du, klubak ekonomikoki “oso ukituta, minimoetan” daudelako.