Areto futbola

Osasuna Magna Xotak play-offak jokatzeari uko egingo dio, ekainean edo uztailean jokatzen badira

Guaixe 2020ko eka. 3a, 12:24
Tatono Arregi.

Play-offak abuztuan edo irailean jokatzea nahi du talde irurtzundarrak, erabakiak ukitutako gehiengoak bezala

Osasuna Magna Xotako presidente Tatono Arregik atzo egindako prentsaurreko telematikoan azaldu zuen Osasuna Magna Xotak aurtengo titulua erabakitzeko play-offak jokatzeari uko egingo diola play-offak uztailean jokatzen badira. Izan ere, Espainiako Futbol Federazioak 1. mailako areto futboleko play-offak ekainaren bukaeran edo uztailean jokatzea proposatu du, eta erabaki horrekin ez daude ados play-offak jokatu behar dituzten 8 klubak, tartean talde irurtzundarra. Talde guztiek nahiago dute play-offak abuztuan edo irailean jokatzea. 

Izan ere, egoera korapilatua du areto futbolak. Jokalarien kontratuak ekainean bukatzen dira eta jokalari askok beste talde batzuekin fitxatu dute hurrengo denboraldirako. Beste taldeetara joango diren jokalari gehienek ez dituzte play-offak uztailean jokatu nahi, lesionatuko ote diren beldur. “Gure kasuan, 6 futbolarik esan digute uztailean ez dutela jokatuko” adierazi zuen atzo Tatono Arregik. Arazoa ez da soilik talde berdearena, talde guztiena baizik. Horretaz gain, hainbat talde Aldi Baterako Kontratu Erregulazio Espedientean daude, Xota tartean, eta egoera ez da erraza. Horri gaineratu behar zaio alarma egoeran gaudenez talde batzuk ezin dutela behar bezala entrenatu, konfinamenduaren arintzeko fase desberdinetan daudelako taldeak. “Badaude duela 15 egunetik lanean dauden taldeak, eta beste batzuk, aldiz, ezin izan dugu entrenatzen hasi” gaineratu zuen presidenteak. 

Espainiako Futbol Federazioak atzo zirkularra bidali zien play-offetan ariko diren 8 taldeei. Bertan jasotzen zen taldeek osteguna bitarteko epea dutela play-offetan izena emateko. Tatonok azaldu zuen ez dutela tramitea beteko, “ez delako zentzuzkoa”. 

Velasco eta Zurdo, Xotako jokalari berriak
Osasuna Magna Xotak 2020/2021 denboraldirako taldea osatzeko lanetan dabil. Baja garrantzitsuak ditu talde irurtzundarrak –Araça eta Rafa Usin Levantera doaz, Dani Saldise eta Eric Martel Inter Movistarrera, Mario Almagro Betisera itzuliko da eta Alex Llamasek taldea utziko du–, baina dagoeneko errefortzu berriak iritsi dira, Cesar Velasco eta Dani “Zurdo”. Cesar Velasco 22 urteko hegala lehen mailara igo den Cordoba taldetik dator, eta Dani “Zurdo” 20 urteko hegala El Ejido taldetik. Bi jokalariak gazteak dira, Imanol Arregi entrenatzailearen etorkizunerako apustua.