Mendi lasterketak

Ergako Igoera birtuala

Guaixe 2020ko eka. 4a, 14:37
Joan den urteko kronoigoeran parte hartu zuten korrikalari guztiak Erga ermitaren aurrean. Argazkia: Utzitakoa.

Larunbatean Trinitateko Kronoigoera birtuala eginen du Guan Taldeak Irurtzungo Udaleko Youtubeko  kanealean, 12:00etan

Gauzak ongi, asteburu honetan Trinitateko festak ospatuko lirateke Irurtzunen. Baina COVID-19 birusarengatik aurten gauzak ez daudenez batere ongi, festak ez dira aurreko urteetakoak bezalakoak izango. Horrela, Irurtzungo Udalak egitarau alternatiboa prestatu du eta udalak berak Youtuben duen kanaletik prestatutakoa ikustera gonbidatu ditu irurtzundarrak. 

Guan taldeak antolatutako Trinitateko Kronoigoerak toki garrantzitsua zuen Irurtzungo Trinitateko festetan. Bizitzen ari garen egoera dela eta, aurten ezingo da osatu, baina Guan taldeak Trinitatera Kronoigoera birtuala antolatu du. “Bideo bat egin dugu, proba nola antolatzen dugun azaltzen duena. Horretaz gain, korrikalariek ere euren iritzia eman dute eta guztia ikusentzunezko batean jaso dugu. Larunbatean, 12:00etan jarriko dugu ikusgai Irurtzungo Udaleko Youtube kanalean” azaldu du Guan taldeko Roberto Martilek.