Areto futbola

Osasuna Magnako jokalariek gaur pasatuko dituzte testak

Guaixe 2020ko eka. 8a, 09:32

Imanol Arregiren taldeak bihar eginen du lehen entrenamendua, ekainaren 23tik 30era jokatuko diren Play-Offak prestatzeko

Lehen mailako Areto Futbol Txapelketako urak indartsu datoz. Esamesa askoren ondoren, azkenean ekainaren 23tik 30era bitartean jokatuko omen dira 1. mailako Ligako titulua erabakitzeko Play-Offak, Malagako Martin Carpena pabilioian, Espainiako Futbol Federazioak albistea oraindik konfirmatu ez badu ere. Aurreko astean federazioak Play-Offak uztailean jokatuko zirela jarri zuen mahai gainean, baina hori ez zen talde gehienen gustukoa izan, besteak beste jokalarien kontratuak ekainean despeditzen direlako eta talde asko oraindik entrenatu gabe daudelako. Osasuna Magna Xotako presidente Tatono Arregik, esaterako, uztailean jokatuz gero txapelketari uko egingo ziola adierazi zuen. Baina azkenean Espainiako Futbol Federazioak erabaki omen du ekainaren bukaeran jokatuko direla Play-Offak, nahiz eta erabakia oraindik publikoa ez izan. Bertan parte hartuko du talde irurtzundarrak, nahiz eta hartutako erabakiaren moduekin –talde berdea sare sozialen bidez enteratu da Play-Offen dataz– eta egoerarekin konforme ez egon.

Gaur testak, bihar lehen entrenamendua
Play-Offetan lehiatuko diren 8 taldeak egoera oso ezberdinetan iritsiko dira txapelketara. Esaterako, El Pozo Murcia eta Palma Futsal taldeek 2 aste daramatzate entrenatzen, eta aurreko astean Inter Movistar eta Barcelona taldeak izan ziren euren entrenamenduei ekin zietenak. Osasuna Magna Xota, Jaen Paraiso Interios, Viña Alvali Valdepeñas eta Levante taldeek, aldiz, ezin izan dute entrenatu. Hain zuzen ere, Imanol Arregiren taldeak bihar, asteartean eginen du lehen entrenamendua, Anaitasunan. Gaur, astelehenean, COVID-19 antzemateko testa gainditu beharko dute taldeko jokalari eta teknikariek Iruñeko San Miguel Klinikan, 15:00etan –Ion Cerviñok Clinica Universidad de Navarran eginen du testa, federazioen erabakiak tarteko–.  

Areto Futboleko Liga Nazionaleko webgunean (www.lnfs.es) oraindik ez da jasotzen zein egunetan eta non jokatuko diren Play-Offak, baina lehen kanporaketak ekainaren 23an jokatu daitezke –Movistar Inter / Jaen eta El Pozo Murcia / Palma izan daitezkeela entzuten da–, eta ekainaren 24an bigarren kanporaketak –Barcelona / Levante eta Valdepeñas / Osasuna Magna Xota–. Ekainaren 27an, larunbatarekin, finalerdien txanda litzateke eta final handia ekainaren 30ean jokatuko litzateke. 

Tatonoren kritikak
Osasuna Magna Xotako presidente Tatono Arregi gertatutakoarekin oso kritikoa da. “Zergatik ez da futbolaren protokoloa jarraitu? Zergatik talde batzuk informazioa zuten eta beste batzuk ez? Jokatzea sekulako astakeria da, eta kirol medikuntzan aditua den edonor kontra legoke” adierazi du talde irurtzundarreko presidenteak. Taldeen egoerak desberdinak direla gaineratu du teknikariak. “Konfinamendua arintzeko fase ezberdinetan daude probintziak, taldeek prestaketa maila ezberdina dute eta honen guztiaren aurrean Jokalarien Elkartea mutu dago, ez ditu bere profesionalak defendatzen” nabarmendu du. 

Roberto Martilendako “eromena” da
Osasuna Magna Xotako Roberto Martil kapitaina kezkatuta dago. “Espainiako Kopa jokatu zenetik gaude baloia ukitu ere egin gabe. Ez dago ia ezertarako tarterik. Entrenatzeko horren tarte gutxi  izanda, eromena da Play-Offak jokatzea” dio kapitainak. Martilen kezketako bat lesioen arriskua da. “Hiru hilabete pasa daramatzagu geldirik, eta nahiz eta etxean entrenatu, ez dugu kantxarik zapatu ere egin eta pistan entrenatzea guztiz ezberdina da. Areto futbola kirol dinamikoa da, erasokorra, eta lesioak izateko aukera handia da. Beldur pixka bat ere ematen du” gaineratu du kapitainak. 20-25 eguneko prestaketa aurreikusten zen lehiaketara bermeekin iristeko, baina 15 egun izanen dira eta horrek kezka sortu du jokalariengan. Dena den jokalariek “ahalik eta hobekien lan egingo dutela” gaineratu du kapitainak, eta guztiek “%100” emango dutela.