Ekainaren 23tik 30era bitartean 1. Mailako Areto Futbol Txapelketako titulua erabakitzeko Play-Offak jokatuko dira Malagan, formatu azkarrean. 8 taldek hartuko dute parte, tartean Osasuna Magna Xotak, eta Imanol Arregik zuzentzen duen taldeak atzo egin zuen konfinamendu osteko lehen entrenamendua, Anaitasunan. Pistan elkarrekin entrenatu zuten jokalariek, baina elkarren artean ukitu gabe eta distantziak mantenduz, horiek baitziren eskakizunak.
Imanol Arregi entrenatzaile irurtzundarrak aipatu zuen ezin dela taldearen egoeraren baloraziorik egin. “Taldearen lehendabiziko kontaktua izan da gaurkoa, zirkuitu fisiko teknikoak egin ditugu eta ezer gutxi gehiago. Niretzako entrenatzea dena ezin izan dugu egin” adierazi zuen teknikariak.
Play-Offak jokatu bitartean egunero entrenatzeko asmoa du Osasuna Magna Xotak. “Ahal den dinamika landuko dugu, ez egin beharrekoa. Geldirik egotetik gatoz eta hori kontuan hartu beharrekoa da” gaineratu du teknikari irurtzundarrak. “Play-Offak ahalik eta hobekien prestatzen saiatuko gara, bizi dugun egoera ezohikoak sortu duen egoera kontuan hartuta” nabarmendu du Imanolek.
Antigorputzetan 3 positibo
Bezperan COVID-19 antzemateko testak egin zituzten Osasuna Magnako jokalari eta teknikariek. Imanol Arregi entrenatzaileak, Asier Llamas atezainak eta Kubala teknikariak positibo eman zuten antigorputzetan. Nonbait, Imanol Arregik eta Asier Llamasek gaixotasuna pasa omen zuten, baina gainditu dute eta ez dute inolako arazorik entrenatzeko eta ohiko bizitza egiteko. Kubala delegatuaren kasua konplexuagoa da, PCR testa eta serologikoa egin behar izan zizkioten. Emaitza horien zain daude oraindik COVID-19 gaixotasunak jota dagoen edo hura gainditua duen jakiteko.