Iritsi da eguna. Lehen mailako areto futbol txapelketako ligako titulua jokatzeko play-offetako final laurdena jokatuko du Osasuna Magna Xotak Viña Albali Valdepeñasen kontra, Malagan. Partida 15:00etan jokatuko da eta GolTV eta LaLigaSportsTV kateetan ikusi ahal izango da, zuzenean.
Talde irurtzundarrak atzo berriro ere COVID-19 antzemateko testa pasa behar izan zuen, eta arazorik gabe, jokatzeko prest daude Imanol Arregiren 13 mutilak. Denboraldia ongi bukatu nahi du taldeak, kontuan hartuta sei jokalarik taldea utziko dutela are gehiago, eta lan polita egin nahi dute, finalerdietara sailkatu. Imanol Arregik taldea "ongi" ikusten du. “Ongi entrenatu dugu, baina egia esan, ez dakigu lehiaketaren orduan nola egongo garen” nabarmendu du teknikariak. Hala ere, partida irabaztera aterako direla gaineratu du irurtzundarrak. “Gu beti bezala aterako gara kantxara, lehen unetik irabaztera aterako gara” adierazi zuen Imanolek.
Asier, Araça, Bynho, Mancuso eta Dani Saldise izango da Osasuna Magna Xotaren hasierako taldea. Mario Almagro, Juninho, Roberto Martil, Rafa Usin, Eric Martel, Alex Llamas, Iñigo Fernandez eta Ion Cerviño bankilloan egongo dira, errotazioen zain. Ea talde berdeak Valdepeñasen kontra irabazi eta larunbateko finalerdietarako sailkatzen den.