Areto futbola

Osasuna Magnari azken segundotan egin dio ihes finalerdiak

Guaixe 2020ko eka. 24a, 17:06

Lehen Mailako ligako titulua erabakitzeko play-offetako final laurdenean talde irurtzundarra 0 eta 4 aurreratuta egon eta gero, Viña Albali Valdepeñasek sekulako erremontada egin du eta launa berdindu du, finalerdietarako sailkatuz

Lehen Mailako Areto Futboleko ligako titulua erabakitzeko play-offeko final laurdenetan, gaur, 15:00etan, Malagako Martin Carpena pabilioian Osasuna Magna Xotak Viña Albali Valdepeñas zuen aurkari. Partida zirraragarrian, talde irurtzundarrak duen guztia eman du eta lehen zatian 0 eta 3 aurreratu dira berdeak. Valdepeñasek ere jokaldi arriskutsuak sortu ditu, baina Asier Llamas atezainak hutsik mantendu du talde berdearen atea. 11. minutuan Roberto Martil kapitain irurtzundarra izan da taldea aurreratu duena, eta hiru minutu beranduago Eric Martelek bigarren gola sartu du. Erasoan jarraitu dute Imanol Arregiren mutilek eta saria lortu dute, 16. minutuan hirugarren gola sartu baitu Bynhok. Horrela, hiru goleko errentarekin atsedenaldira joan dira Osasuna Magna Xotako jokalariak.

Modurik krudelenean
Baina 2. zatian Valdepeñasek partida irauli du. Imanol Arregiren jokalariak ongi hasi dute 2. zatia, eta 21. minutuan atzera ere Eric Martel izan da Valdepeñasekoen atea zulatu duena. 0 eta 4 aurreratuta, larunbateko finalerdiak gertu ikusten zituzten irurtzundarrek. Eta akaso hori izan da akatsa. Valdepeñasek ez du etsi eta atezain-jokalari formula erabilita, erasora pasa da. Bynhok zorigaiztoko jokaldian ate propioan sartutako golaren atzetik, Valdepeñasek beste gol bat sartu du eta ia konturatu gabe 2 eta 4 gerturatu da Valdepeñas. Partida bukatzeko minutu baten eta 33 segundoren faltan Valdepeñasek hirugarren gola sartu egindu eta hortik aurrera izugarri estutu da lehia. Nola edo ahala eustea, hori izan da Osasuna Magna Xotaren helburua azken segundo gorabeheratsu horietan, baina talde berdeak ez du zortea alde izan eta Valdepeñasek laugarren gola sartu du partidako azken segundoetan, partida berdinduz eta larunbatean jokatuko den finalerdietarako sailkatuz. Tamalez, modurik krudelenean play-offetatik kanpo geratu da talde irurtzundarra. Azken segundoetan egin die ihes garaipenak, 0 eta 4 aurreratuta egon eta gero, Valdepeñasek launa berdindu eta play-offetarako finalerdietarako sailkatu baita. 

Jasotako makilkada galanta izan da. Osasuna Magna Xotako 6 jokalarik utziko dute taldea eta joan baino lehen zaleei poztasuna emateko gogotan zeuden, taldea gorenean uztea zen euren ilusioa. Baina ezinezkoa izan da eta azken segundoetan, modurik krudelenean, txapelketatik kanpo geratu dira berdeak. Atseden hartu, altxatu eta hurrengo denboraldian pentsatzen hastea da orain dagokiena.