Areto futbola

Modurik krudelenean

Guaixe 2020ko eka. 26a, 10:26
Asier Llamas atezaina ValdepeƱasen jaurtiketa bat gelditzen, alboan Roberto Martil kapitaina duela. Argazkia: RFEF.

Partida bukatzeko 4 segundoren faltan Valdepeñas taldea Osasuna Magna Xota play-offetako finalerdietatik kanpo utzi zuen. Talde irurtzundarra jota itzuli da Malagatik

Lehen Mailako Areto Futboleko ligako titulua erabakitzeko play-offeko final laurdenetan Osasuna Magna Xotak Viña Albali Valdepeñas zuen aurkari Malagako Martin Carpena pabilioian, asteazkenean. Partida zirraragarrian, talde irurtzundarrak zuen guztia eman zuen eta 0 eta 4 aurreratu zen, baina Viña Albali Valdepeñasek azken minutuetan partida irauli zuen, bukaerarako 4 segundoren faltan launa berdindu zuen eta finalerdietarako sailkatzeko txartela lapurtu zion talde berdeari. Imanol Arregiren taldea modurik krudelenean geratu zen play-offetatik kanpo. 

Taldea, jota
Talde berdeak jasotako kolpea galanta izan da. Osasuna Magna Xotako 6 jokalarik utziko dute taldea –Dani Saldise, Eric Martel, Rafa Usin, Araça, Alex Llamas eta Mario Almagro–, eta despedida polita egin nahi zuten, taldea gorenean utzita, bukatzear dagoen urrezko ziklo bati ginda jartzeko. Baina ezinezkoa izan da, eta azken segundoetan, modurik krudelenean, txapelketatik kanpo geratu dira berdeak. “Lehen zatian nagusi izan gara, baina atezain-jokalaria atera dutenean, badirudi jokatzeaz ahaztu garela. Azken minutuetan ez dugu jokatu. Play-off batean ezin da 14 minutuz defendatzen aritu eta estrategiako bi gol jaso” adierazi zuen Imanol Arregi entrenatzaileak, taldeak egindako lanarekin oso kritiko. Ez zuen arbitroen lana baloratu nahi izan eta Valdepeñas zoriondu zuen. 

Jokalariak jota zeuden. Dani Saldisek aitortu zuen “une oso gogorra zela” guztiendako. “Partida alde izan dugu eta azken lau segundotan joan zaigu… gogorra da. Orain guztia beltza ikusten dut. Urte arraroa izan da, baina nire bizitzako taldeaz despeditzeko aukera izan dut. Atseden hartzeko garaia da orain, ezin dut etorkizunean pentsatu” aipatu zuen hurrengo denboraldian Inter Movistarren ariko den irurtzundarrak. Asier Llamas atezainak aitortu zuenez “oraindik ezin dugu gertatutakoa sinetsi ere egin. Kanporaketa oso gogorra da hau, gertatu den moduagatik bereziki”. 

Partida bukatu eta berehala autobusa hartu eta etxera itzuli zen espedizio berdea. Atseden hartu, altxatu eta hurrengo denboraldian pentsatzen hastea da talde berdeari orain dagokiena.