Areto futbola

Osasuna Magna Xotak Fabinho fitxatu du

Guaixe 2020ko eka. 30a, 10:05

Jokalari gazte brasildarrak hegalean jokatzen du eta Marreco Futsal taldean jokatu du azken bi denboraldietan

Hurrengo denboraldia prestatzeko lanetan dabil buru belarri Osasuna Magna Xota, eta lanbide horretan talde irurtzundarrak Fabio Junior De Lima “Fabinho” jokalari gazte brasildarra fitxatu du. Fabinho talde berdeak egin duen hirugarren fitxaketa da, Cesar eta Dani “Zurdo” jokalarien ondotik.  Hegal postuan jokatzen du eta azken bi denboraldietan Marreco Futsal taldean aritu da. 

Fabinhok azaldu du “oso pozik” dagoelako Osasuna Magna Xota bezalako klub batean jokatuko duelako. “Aurre denboraldia hasteko irrikan nago, taldeari lehenbailehen egokitzeko” adierazi du jokalari gazteak. Imanol Arregi entrenatzailearen esanetan Fabinho “jokalari gaztea da, esperientzia gutxirekin baina kalitate indibidual handiarekin”. “Ezberdina da, azkarra, espazio motzetan oso trebea, eta golegile petoa izan gabe, atea ikusteko erraztasuna du” azaldu du Imanolek Fabinhoz.