Dani Saldise

"Burua tente noa, talde honen alde guztia eman dudalako"

Maider Betelu Ganboa 2020ko uzt. 3a, 12:03

Xota herriko betiko taldea utzi, eta oraindik ofizialki konfirmatu ez bada ere, Inter Movistar talde ahaltsuan ariko da Dani Saldise hegal irurtzundarra

Asteazkenean 25 urte beteko ditu Dani Saldise areto futbol jokalari irurtzundarrak. Bere betiko herriko taldea utzi, eta oraindik ofiziala egin ez bada ere, Inter Movistar taldeko jokalaria izango da datorren denboraldian. Pena eta ilusioa, bi emozioak aldi berean borborka dituela aitortu du; eta orain atseden hartu nahi du, datorkion ibilbiderako prest egoteko. 

Noiz hasi zinen areto futbolean?
Nire lehendabiziko pausoak baloi bati itsatsita eman omen nituen. Txikitan, auzoan, areto futbolean aritzen nintzen eta nire anaia Javi jokatzen ikustera joaten nintzen. 5 urterekin herriko areto futbol taldean hasi nintzen klaseko lagunekin, eta talde hura Xota zela jabetu nintzen. Aldi berean, pilotan ibili nintzen. Irurtzunen pilota eta areto futbola txikitatik pasioz bizitzen dira. Egia esan, pilota gustuko nuen, ongi aritzen nintzen, baina aukeratu behar izan nuen; eta areto futbolaren alde egin nuen, baloiaren maitale amorratua naizelako. Gogoan dut txikitan poltsa baten barruan baloia eramaten nuela, eta poltsari ostikoak ematen joaten nintzela eskolara. Atsedenaldian jokatzen genuen, ondoren entrenatzera joaten nintzen, entrenatu ondoren ere futbolera… egun osoa baloiarekin. Eta, azkenean, nire bizitzaren zati garrantzitsua bilakatu zen, nire bizitzeko modua izan arte. 

Areto futboleko Xotako kategoria txikietan hasi, eta gutxika goraka egin zenuen, Javi anaiaren pausoak jarraituz. Noiz konturatu zinen areto futbola ez zela joko hutsa eta aurrera egiteko aukera zenuela?
Ez nuke jakingo esaten zein izan zen une zehatza; prozesu luzea da. Txikitatik ongi ibiltzen nintzen areto futbolean eta taldean nabarmentzen nintzen. Osasunatik deitu zidaten probak egiteko. Ez zen atera, eta Xotara itzuli nintzen. Xotan nengoela, futbolean probatzea erabaki nuen Amigo taldean. Lau urte haietan, futbolean jokatzeaz aparte, eskolako taldearekin entrenatzen uzten zidaten, hau da, Xotarekin.  Orduan konturatu nintzen gustuko nuena areto futbola zela. Kadeteen mailan futbola utzi, eta Xotara itzuli nintzen, gustura. Eta handik aurrera gora egin nuen, Nafarroako selekziotik deitu zidaten eta kadetea nintzela ere Xota B taldean aritu nintzen.  Inflexio puntua lehen taldean entrenatzera joateko deitu zidatenean izan zen. 

Noiz deitu zizuten Xotako lehen taldetik?
16 urte nituela deitu zidan lehenengoz Imanol Arregik lehen taldearekin entrenatzera joateko. Gogoan dut klasetik atera nintzela eta Roberto Martil “Palote”-k eraman ninduela. Gogotsu nengoen, baina, aldi berean, oso urduri, eta bihotza taupaka nuen, orduko 200 pultsazioetara, zinez (kar, kar…). Urte hartan pare bat entrenamendu egin nituen. Imanolek bikain egin zuen, taldean integratu ninduen. Hurrengo urtean Imanolek lehen taldearekin egunero entrenatzera joateko deitu zidan, taldean behar bezala integratzeko. Partida bateko deialdi batean ere sartu ninduen. Eta hurrengo urtean talde nagusiarekin jokatzen hasi nintzen. 

Noiz debutatu zenuen?
17 urte nituela, Errege Kopan, Sevillan. Ligako lehen partida 18 urte nituela jokatu nuen, etxean, Jumillaren kontra. Bi partidak ongi gogoratzen ditut; disfrutatzen da, baina beste modu batean. Ezingo nuke bat aukeratu, sentsazioak bereziak izan ziren. 

Xota 2009/2010ean ligako txapeldunordea izan zen, 2017an Errege Kopako finala jokatu zuen –bi finalak El Pozoren kontra galdu zituen– eta 2018/2019 denboraldian ligako hirugarrena sailkatu zen. Xotaren urrezko garaiak bizi izan dituzu. 
2009/2010eko ligako finala jokatu zenean, nik ez nuen Xotako lehen taldean jokatzen, partida harmailetatik ikusi nuen. Nire ustez, han hasi ziren Xotaren urte onenak eta bizpahiru urtetan taldean sartzeko zortea izan nuen. Final hura, Javi Eseverri kapitain handiaren garaiak, ondorengo 2017ko Errege Kopako finala… finean, nire irudikoz, azken 10 talde hauek izan dira klubaren onenak. Taldea hazten joan da, 2018/2019ean ligako hirugarrenak sailkatu eta aurten ere kanpaina bikaina egin arte. Meritu handikoa da. 

Xota talde umila dela kontuan hartuta, meritu hori are handiagoa da. Talde handiek Xotaren aurrekontua bikoiztu eta hirukoizten dutela kontuan hartuta, gorenean egotea nabarmentzekoa da. Hori Xota klubaren eta jokalarien meritua da, baina horren guztiaren atzean mago bat badago Imanol Arregi da, dituen bitarteko xumeekin sekulako taldeak sortzen dituelako…
Hala da. Imanolek eta Miguel Hernandezek, bigarren entrenatzaileak, tandem bikaina osatzen dute. Horrenbeste baliabide dituzten taldeen kontra lehiatzeko piezak bilatu behar dira eta urtero nork bere burua berrasmatu behar du. Eta guk Imanoli, Migueli, juntari eta jokalariei esker lortu dugu hori. Izan ere, urrezko garai hauetan jokalari bikainak izan dira taldean, beti sekulako mailan jokatu zuen Javi Eseverri kapitaina zenetik hasita, bere tokia hartu zuen Roberto Martil “Palote”-rekin jarraituz–errelebo bikaina, nire ustez–, eta Rafa Usin, Araça, Eric Martel, Asier Llamas atean eta ni bezalako jokalariekin segiz, urte hauetan neu ere jokalari moduan hazi bainaiz. Berrasmatzeko talde bikaina izan da hau. Titulu bat lortzea falta izan zaigu, baina nik beti esaten dut talde honetatik eramaten dudan titulurik onena nire taldekideak direla, lagun bilakatu direnak. Topikoa dirudi, baina bihotzez esaten dut. 

Pena da ziklo hau titulu batekin borobildu ez izana. Play-offetako final laurdenetan Valdepeñasen kontra 0 eta 4 aurreratu eta gero, azken segundotan partidak ihes egitea ederki amorraraziko zintuen, ez?
Kanporaketa hura oso mingarria izan zen, gertatu zen moduarengatik bereziki. Primerako aukera zen, ia bakarra, baina, egia esan, play-off oso arraroa izan da aurtengoa, COVID-19ak sortutako egoerak baldintzatutakoa. Uste dut, urteak pasa ahala, bukaeraraino bizirik iritsi izana baloratuko dugula; nolanahi ere, agerian geratu da Valdepeñas talde oso ona dela. 

Sei jokalari ezinbestekok utziko duzue Osasuna Magna Xota: Araçak, Rafa Usinek, Eric Martelek, Mario Almagrok, Alex Llamasek eta zuk. Taldearen ziklo bat despeditzen da, baita zuretzat ere, maila pertsonalean. Beti etxeko taldean jokatu izan duzu, baina hurrengo denboraldian beste talde batean ariko zara, talde handi horietako batean, gainera. Giroz aldatzeko beharra duzu?
Beste talde batera  joatearen arrazoi nagusia izan da nik beti jokalari moduan hazten jarraitu nahi dudala, eta horretarako aukera ezin hobea iritsi zait, une egokian. Nik uste dut nire jokatzeko moduarekin bat datorren talde batera noala; beti egon izan nahi dut talde horretan. Taldeak datozen egunotan emango du albistea modu ofizialean. Uste dut aldaketa egiteko une perfektua dela hau: 25 urte beteko ditut, adin egokia, jokalari moduan heldutasun handia dut eta betiko klubetik irten eta beste erronka batzuei ekiteko gai ikusten dut neure burua. Ongi edo gaizki aterako da,  baina ez dut probatu ez izanaren sentsazioarekin geratu nahi. Nire betiko klubaren alde, armarri honen alde, dudan guztia eman dut; horrela erakutsi dut egunero. Burua tente eta kontzientzia lasai dudala noa, talde honen alde guztia eman dudalako, gauzak ongi egin ditudalako eta beti aurpegia eman dudalako. 

Xotaren afizioa lehen mailako onenetakoa da, onena ez bada. Hasiko duzun ibilbidean zale berdeen babesa alde ez izatea kostako da, ezta?
Bai, zinez, Xotaren zaletuekin erlazioa oso berezia baita. Anaitasunan jokatzea eta bertan dauden 3.000 zaleen artean nire familia, lagunak eta 5 urte nituenetik nirekin egon den jendea ikustea, eta gola sartzean nik maite dudan jendea dagoen izkinara joatea.. horien guztien falta nabarituko dut. Talde berriko zaleek ere neu babestea espero dut, ni fitxatzen okertu ez direla erakusteko.  

Talde berriarekin Anaitasunara etorriko zaren lehen aldia arraroa egingo zaizu. 
Sentsazio arraroa izango da. Egia esan, partida hori noiz jokatuko den jakiteko gogo handia daukat, berriro Anaitan nagoela ikusi eta nerbio horiek sentitzeko. Profesionalak gara, hori beti, baina partida horretaz gozatzeko gogoa dut. Oraindik ez dakigu noiz hasiko den denboraldia, COVID-19 pandemia dela eta, baina nik uste dut abuztuaren hasieran ekingo diogula aurre denboraldiari. Beraz, orain 4 aste ditut atseden hartu eta pilak kargatzeko, buruz bereziki, denboraldia indartsu hasteko. 

Zein sentsazio dituzu? Pena etxeko betiko taldea utziko duzulako? Poza esperientzia berriaz gozatuko duzulako?
Alde batetik, pena handia dut, denboraldia nola bukatu den ikusita batez ere, baina, bestetik, denboraldia hasteko irrikan nago. Betidanik bete izan nahi dudan erronka da, eta hasteko gogotsu nago. 

Tatono, Imanol eta gainontzekoak Osasuna Magna Xota taldea birdiseinatzeko lanetan murgilduta daude. Noizbait taldera itzultzeko atea zabalik utzi duzu?
Inoiz ez dut etxeko taldera itzultzeko atea itxi; nork daki zer gertatuko den!

Xotaren zein oroitzapenekin geratu zara?
Une asko datozkit burura, baina Errege Kopako finalarekin geratuko naiz, El Pozo Murciaren kontra  galdu, baina gure zale guztiak gu animatzen zeudeneko unearekin. Handia izan zen.