Areto futbola

Toni Escribanok Osasuna Magna Xota indartuko du

Guaixe 2020ko uzt. 2a, 11:04

Imanol Arregi ezinbestekoa izan da 21 urteko defentsa madrildarraren fitxaketa ixteko

Osasuna Magna Xotak datorren denboraldirako taldea indartzeko lanetan jarraitzen du. Jakina denez, sei jokalarik utziko dute taldea, orain arteko taldean ezinbestekoak zirenak –Dani Saldise, Araça, Rafa Usin, Eric Martel, Mario Almagro eta Alex Llamas–, eta taldea berritzeko lanetan murgilduta daude Xotako junta eta Imanol Arregi entrenatzailea. Dagoeneko hiru jokalari fitxatu dituzte, Dani Zurdo, Cesar Velasco eta Fabinho, eta Irurtzungo klubak atzo azaldu zuenez, Toni Escribano izango da talde berdea indartuko duen laugarren jokalaria. 

Toni Escribanok 21 urte ditu, defentsa da eta 2. mailako Ciudad de Mostoles taldetik dator. 19 urtez azpiko eta 21 urtez azpiko selekzioan aritu izan da eta estatuko areto futboleko promesetako bat da. Nonbait, Imanol Arregik konbentzituta etorriko da madrildarra Irurtzungo taldera. “Oso kontentu nago hartu dudan erabakiarekin. Imanol Arregiri eskertu nahi diot Osasuna Magna Xotara etortzeko neu konbentzitu izana, oso proiektu interesgarria duen klub handia baita” azaldu du atzelari madrildarrak, datorren denboraldia hasteko irrikan dagoela gaineratuz. “Dagoeneko berdea sentitzen naiz eta kamiseta honen alde %100 emango dut, nigan jarri duten konfiantza itzultzeko”. 

Bestalde, Imanol Arregik dio Toni Escribanok lan ona egin duela 2. mailan. “Defentsa hegala da, baloia ongi pasatzen du, oso lehiakorra da eta taktikoki oso argia. Gaztea da, denbora behar du baina gure jokora azkar egokituko delakoan nago. Denboraldiko sorpresa onenetako bat izan daiteke” nabarmendu du entrenatzaileak.