Areto futbola

Aurrera jarraituko du Magnesitas Navarrasen eta Xotaren arteko loturak

Guaixe 2020ko uzt. 16a, 10:17

2020/2021 denboraldian Magnesitas Navarras enpresak Xota babesten jarraituko du

Xotak Osasuna Magna Xota izenarekin lanean jarraituko du 2020/2021 denboraldian, Magnesitas Navarras taldeak beste urte batez klub irurtzundarra babesten segiko duelako. Atzo, asteazkena, bi aldeek urtebeterako akordioa sinatu zuten Magna enpresak Zubirin duen egoitzan. Xotako Tatono Arregi presidenteak talde berdea ordezkatu zuen, eta Magnesitas Navarras taldeko zuzendari nagusi Javier Creixell izan zen Zubiriko enpresako ordezkaria. Bi aldeak pozik zeuden sinatutako akordioarekin.

Fideltasuna eta balioak

Tatono Arregik esker oneko hitzak izan zituen Magnesitas Navarras enpresarendako, “garai gogor hauetan Magnaren babesletzaren jarraipena fideltasun keinu handia da, bihotzetik eskertzen duguna. Gure bideek elkarrekin jarraitzen dutelako oso pozik gaude; espero dezagun urte askotarako izatea” azaldu zuen presidente irurtzundarrak. Magnesitas Navarraseko Javier Creixell ere kontentu zegoen. “Osasuna Magna Xota bezalako klub garrantzitsu eta enblematikoa babesten jarraitzeagatik oso kontentu gaude. Nafarroan Xota erreferentea da, harrobiaren alde egiten du eta talde langilea da, dena ematen duena. Bere herriarekin konpromisoa duen taldea da, etorkizuneko ikuspegiarekin lan egiten duena, eta hauek guztiak gure enpresarekin partekatzen dituen balioak dira. Guretako plazer hutsa da Xotarekin lan egiten jarraitzea, egiten dugunean onenak izatearen pasio berbera baitugu” nabarmendu zuen Creixellek.

Magnesitas Navarras enpresak 11 denboraldi eginen ditu Xota babesten. Hasieran 2. mailako laguntzailea izan zen, baina 2013tik aurrera talde irurtzundarreko babesle nagusia da Magna.