Pikuxar guztiz errotzeko bultzada

Guaixe 2020ko uzt. 21a, 11:45
Pikuxarrekoek antolatutako orga kronoigoeran 2017an parte hartu zutenak. Argazkiak: Itziar Matxain.

Gauzak ongi, egoitza berrian ospatuko du Pikuxarrek adinez nagusi dela. 100 bat irurtzundar elkartu dira eraikin berri bat zaharberritu eta kulturgintza, euskalgintza eta herrigintza ardatz dituen egitasmoari behin betiko habia emateko.

Pikondo berri bat landatzera doaz 100 bat bazkide Irurtzunen erdian, San Martin eta Lizarra kaleen bidegurutzearen ertzean. Hala ere, Pikuberri horrek izen zaharra mantenduko du: Pikuxar. Duela urte pare bat hasi ziren proiektu horrekin Pikuxar euskal txokoko kideak. Etxea erosi zuten eta orain berritzen ari dira. Jorge Iriarte Ollok, Irurtzungo Pikuxar euskal txokoko kideak gaztigatu duenez, “beti esan dugu garrantzitsuena barrukoa dela: elkartea, elkarkide guztiak eta guztion artean garatzen dugun kultur proiektua”. 

Pikuxar 2003. urtean abiatu zen, garai bateko Mabell taberna alokatuz. Haren aldean egoitza berria “handia” izanen dela nabarmendu digu Iriartek: “Ia etxe oso bat guretako izanen dugu. Hiru solairu izanen ditu. Behekoan taberna egonen da. Orain arte bezala, euskal txoko bat, arnasgune bezala herriari irekita”. Elkarteko kideendako bigarren eta hirugarren solairuak izanen dira. “Bigarrenean behar dugun tamainako jantokia eta sukaldea egonen dira. Hirugarren solairua pixka bat txikiagoa izanen da: terraza, jarduera anitzak hartzeko areto handia, haurrendako txoko txiki bat. Denetatik, disfrutatzeko”.  

Eraikuntza eta kudeaketa 
Lanak dirutza balio du. “Horregatik eman dugu hainbeste denbora hau martxan jarri arte”. Etxea erosiz hasi ziren. Horretarako, aurreneko gauza jendea biltzea izan zen. “Ea nor zegoen honekin motibatuta, bultzada bat emateko. Ez bakarrik auzolanetan, diru-ekarpenetan ere bai, noski”. 100 bazkide elkartu dira eta 20 urtera begirako proiektua egin dute. “Horrela, mailegu interesgarri bat lortu dugu, proiektua ekonomikoki bideragarria egiteko”. 

Galdor festa egin zuten garagartzaroaren 20an, beraz, eraikinak badu teilatua. Barruko guztia momentuz irekia dago. Barruko isolamenduko kartoi-kisuko plantxei heltzeko euskarriak (traslosatua) jarrita daude. Udan iturgintza, elektrizitate eta berogailurako hoditeria jartzeko lanak despeditzea espero dute. Ondoren, espazioak bereizteko paretak jarriko dituzte. “Udazkenean ikusiko dugu nola goazen, hornitzen hasteko”. Oraingoz ez dute mustutzerako datarik jarri nahi, “halako obra batean gauza asko sortzen direlako. Esaterako, koronabirusak lanak pixka bat moteldu ditu. Baina espero dugu urte bukaerarako ez bada, udaberrirako izatea”. 

Lanak despeditu bitartean taberna dena eta elkartea nola kudeatu aztertzen ari dira. “Lan handienak tabernak ematen dizkigu. Ez da erraza kudeatzea. Gu ez gara irabazi asmoa duen enpresa. Herriari arnasgune bat eskaintzen diogu: taberna bat non euskara bermatzen den”. Orain arte Pikuxarrek kontratatu ditu langileak, baina pixka bat harago joan nahi dute, “gehiago profesionalizatu. Agian entitate bat sortu, esaterako, kooperatiba bat… Ikusiko dugu nola kudeatu”. 

Nolaz 
Pikuxar non eta nola kokatu. Eztabaida hori 2003an sortu zuten sortzaileek. “Diru eta esperientzia faltagatik, taberna alokatu genuen. Baina beti esaten genuen egokia litzatekeela jabetzan zerbait izatea, alokairuan dirua ez botatzeko”. Finantza arloak 2008an eragindako krisiak ekonomia estutasuna eragin zien. Horri lotuta jendearen ohitura aldaketak etorri ziren. Gainera, kide batzuek, familia edo lan kontuengatik, Pikuxar utzi zuten, eta beste herri batzuetara joan ziren bizitzera. 

2016an bi aukera jarri zituzten mahai gainean: “hau itxi edo handira jokatu. Hainbat aukera aztertu genituen, eta egungo etxea erosteko aukerarekin egin genuen topo. Kokapena egokia zen gure kultur proiektua garatzeko. 2016an gauza pixka bat argitu zen, eta 2017ko hasieran erabaki genuen honekin aurrera egitea”. 

Egitasmoak aurrera egiteko bazkidetza kanpaina jarri zuten martxan. Guztiak aurrera egiteko gutxieneko bazkide kopurua ehunekoa zen. “Hiru hilabetetan 40 bazkide berri sartzea lortu genuen. Horrekin aurrera jarraitzea bideragarria zela ikusi genuen”. Egoitza berria 120 bazkiderendako diseinatu dute. “Udaren ondoren, jendea parte hartzera gonbidatzen hasiko gara berriro ere. Nahi badute, egoitza berria barrutik ezagutzeko aukera emanen diegu, eta bazkide egiteko ere bai. Bazkide gehiago izateak gauza gehiago egiteko gaitasuna eman liguke eta datozen 20 urteetako ekonomia karga, maileguko interesak, arinduko litzaiguke”. 

Duela bi urte sartutako bazkideak aurretik zeudenak baino gazteagoak ziren, eta elkartea gaztetu zuten. “Bataz besteko adina 40-45 urte izatetik 35-40ra pasatu zen. Espero dugu hurrnego bazkideak ere gazteak izatea”. 

Hirigintza
Hainbat arrazoirengatik egin zuten erositako erakina zaharberritzearen alde. Duela 15 urte, etxe horretan urbanizazio bat proiektatu zen eta han hainbat etxebizitza aurreikusten ziren. “Jende askori ez zitzaigun proiektu hura asko gustatzen. Krisiak proiektua bere horretan utzi zuen, baina arriskua hor zegoen. Guk, etxebizitza gehiago egin ordez, gure kultur proiektua etxebizitza horretan kokatzea erabaki genuen”. 

Hegoaldera plaza bat sortuko dute Pikuxarrekoek, barazkigunea eta Foru plaza lotzeko balioko duena. “Urbanistikoki Irurtzunendako zerbait aproposagoa da. Herri honek hirigintza arloan asko sufritu duela uste baitugu”. Etxea zaharberritu ez ezik, beste eraikin txiki bat ere gehituko diote, “nahikoa metro ez genituelako. Horrela, etxea handitu eginen da”. Etxebizitza zaharreko estetika mantenduko dute, baina atxikiko zaion eraikin berria “zerbait berria dela ikusiko da. Proiektuarekin kontent gaude”. 


Pikuxarreko bertso eskola.

Bideaz eta antolakuntzaz 
Pikukideen iritziz, 17 urteko ibilbidean “herrian euskaldunok elkartzeko erreferentzia fisiko bat lortu dugu. Irurtzundarren %35-40k badaki, baina egunerokoan gutxi erabiltzen da, %10 agian. Hasieratik Pikuxarren helburua erabilera bultzatzea izan zen. Horregatik, bermatzen dugu tabernariak, musika eta abar euskaldunak izatea. Horrekin batera, herrian kulturari bultzada txiki bat eman diogula uste dugu”. Elkartearen izaera irekia nabarmendu du Iriartek: “gure jarduerak ez dira soilik bazkideendako, baizik eta herriari irekiak. Horiekin udalak antolatzen dituen kultur jarduerak osatu ditugu”. 

Guztia garatu ahal izateko aurten despeditzen den plan estrategikoa egin zuten, eta “helburu guztiak ez, baina ildo nagusiak betetzen” ari direla esan du Iriartek. Zaharberritzea gauzatzeaz aparte, kultur proiektuari bultzada ematea ere jasoa zegoen plan horretan. “Kulturgintzaz aparte, euskalgintzan sakondu dugu, eta hainbat dinamika lagunduko ditugu. Eta herrigintzan herriko beste taldeekin harremanak sendotu ditugu”. 

Pikuxarrek aurrera egiteko, hainbat batzorde ditu, hilean edo bi hilabetean behin elkartzen direnak. Haien bidez osatzen dute herrian dagoen kultur jarduera. Horien adibideak dira azken hiru urteetan antolatutako Gau Beltza (Halloweenen bertako berezko ordezkoa), inauteriak edo Eguberrietako agenda. Kulturgintza, euskalgintza eta herrigintza lantaldeak zirenak bakarrean batu dituzte, “hobeki koordinatzeko”. 

Badituzte bestelako batzordeak: eraikin berrirako obra batzordea, finantzena eta komunikazioarena (bazkideen animazioaz eta kanpo harremanez arduratzen dena). Guztien gainetik, zuzendaritza batzordea dago. Kudeaketa batzordeak zuzendaritzari laguntzen dio. Eta finantza batzordeak badu laguntzen duen taldea bat, esaterako, herriko festetan barrak jartzeko, edo zozketak. “Oso aktibo gaude. Moldatzen joaten gara, jendea nekatzean, aldatu egiten dira taldeak. Horrek bazkideen arteko harremanak aberasten ditu, hainbat adin eta kuadrilletako jendea elkartzen duelako. Gure jakintzak trukatzeko ere balio du, ildo nagusietako bat ere badena”. 


Pikubestre lasterketaren irteera 2018an.

Mezenasak
Nafarroako Gobernuak interes sozialerako proiektua izendatu zuen Irurtzun Euskara eta Kultura. Haren helburuak dira Irurtzungo eta inguruko hizkuntza eta folklore ondarea babestea eta euskararen erabilera eta bertako kultur adierazpenak sustatzea. Hirugarren urtea da izendapena lortu dutena. “100 mezenas inguru lortu ditugu. 100 euro jartzen badituzte errenta aitorpenaren bidez %80 bueltatzen zaie, beraz, 20 euro besterik ez dute jartzen”. 

Iriartek azaldu duenez, “mezenas gehienak Irurtzun inguruko herrietakoak dira. Irurtzunen disfrutatzen dute aisialdiaz. Askotan Pikuxarren, gurekin. Ez dira Pikuxarko bazkide eginen, ez baitira Irurtzunen bizi, eta beraien herrietan elkarteak dauzkate. Baina herriari, kulturari, euskarari eta Pikuxarri bere ekarpen txikiari egin nahi diote eta horrela bideratzen dute”. Bazkideen gurasoek ere modu horretan laguntzen dute proiektua. 

Auzolana 
Pikuxarreko bazkideek lanean busti beharra dute. “Hasieratik aipatu genuen: ez da betiko gastronomia elkartea. Ez da bakarrik nire esertzeko aulkia eta bertan jateko eskubidea pagatzea. Dinamikoak gara, eta denen artean eginen ditugu gauzak, auzolanean. Horrela ari gara, eta oso kontent”. 

Pikuxarren auzolana betidanik izan da presente. Baina 2017an proiektu berriari bultzada eman ziotenean, auzolanen kudeaketaren inguruko zalantzak izan zituzten. “Gure asmo onenarekin auzolanak egiten hasi ginen, baina arautzeko beharra ikusi genuen. Eta, gutxi gorabehera denok berdin parte hartzeko araua egin genuen, betikoak lanean eta besteak begira ez egoteko. Oso ongi funtzionatu du”. Araua eguneratu izan dute, eta urtean bitan-edo batzar orokorrean bozkatzen dute. “Haren bidez bakoitzak sartzen dituen orduak jasotzen ari gara. Horrek bakoitzari lasaitasuna ematen dio, badakielako gutxieneko ordu kopuru bat egin behar duela. Batzuek hori kontuan izan gabe ordu pila sartzen dituzte. Denetarik dago”. 

Azken hiru urteetan gutxi gorabehera auzolaneko 15.000 ordu erregistratu dituzte. “Jendeak ematen duen denbora hartzen dugu kontuan, zerbait egiteko duen intentzioa, ez lana azkarrago edo hobeki egiten duen. Bilera orduak ere kontuan hartzen ditugu, ez bakarrik lan fisikoa”. Aurtengo lehen sei hilabetekoan 9 ordu egin dituzte auzolanean. “Egia da koronabirusagatik ezin izan dugula gehiago egin. Beste batzuetan, sei hilabetetan, 15 bat ordu izan dira”. 


Pikuxarren egungo egoitza.

COVID-19 
Martxoaren 13an itxi zituen ateak Pikuxarrek, eta hiru hilabete eman ditu horrela. Iriartek aitortu duenez, “ez da erraza izan. Segurtasun falta handia dago. Beldurra ere bai. Baina baita normaltasunera itzultzeko gogo handia ere. Beraz, pixkanaka”. Horregatik, goizez zabaltzen dute bakarrik. Ostiralean baino ez dute zabaltzen goizez eta arratsaldez.  

Elkartekideak jabetu dira jendearen ohiturak aldatu direla: “gutxiago joaten da tabernara, jende gutxiago ateratzen da ere. Tabernako ohiturak aldatu dira, eta, noski, parrandarik ez dago. Egoera berrira moldatzea pixka bat kostatzen ari zaigu”. Langileei aldi baterako lan erregulazio espediente erdia aplikatu diete. “Irurtzungo Udalaren laguntza lortu dugu, herrian kontsumoa sustatzeko bonuak egin dituelako. Eta Barazkigunean terraza jartzeko aukera eman digu. Guk, bestela, txiki-txikia baitugu, eta gaur egungo egoeran terraza izatea oso interesgarria da”. 

Asteroko martxari erreparatzen diote eta, horregatik, erabaki zuten larunbat arratsaldean ixtea, “herriko jendeak kanpora joateko aprobetxatzen duelako. Baina agian aurrerago irekiko dugu larunbat arratsaldeetan. Moldatzen joanen gara. Koronabirusaren garapena eta gobernuak ezarritako neurriak ikusi beharko ditugu. Egokitu egin beharko dugu”. 

Turismo informazio gunea 
2018ko garagartzaroaren erdialdetik martxora arte turismo informaziorako gunea izan da Pikuxarren. Hainbat turismo eskaintzaren berri ematen zuten esku-orriak opa zitzakeen bisitariak tabernan. “Konfinamenduaren ondoren, momentuz, ez dugu txoko hori berriro martxan jarri. Koronabirusa dela-eta segurtasun zalantzak ditugu: jendeak esku-orriak ukitzea…”. Hala ere, Pikuxarretik pasatzen diren bisitariek kontsultatzeko mapak utzi dituzte, “Pikuxarrera asteburuetan bereziki, eta uda garaian asko, kanpotarrak hurbiltzen dira, inguruko mendietan-eta ibili ondoren. Turismo informazio gehiago eskuratzeko aukera dute. Beraiendako oso interesgarria da. Etorkizunean turismo informazio gunea izaten jarraitzea espero dugu”.