Areto futbola

Xotak Linhares fitxatu du

Guaixe 2020ko uzt. 20a, 12:33

Atzelari brasildarrak bi urterako kontratua sinatu du talde berdearekin

Osasuna Magna Xota taldeak Jhonatan Henrique Linhares brasildarra fitxatu du hurrengo bi denboraldietarako. Linharesek 26 urte ditu, atzelari-hegala da eta Italiako A mailako Signor Prestito CMB taldetik dator talde irurtzundarrera. Horrela, denboraldiko bosgarren fitxaketa egin du talde nafarrak, Dani Zurdo, Cesar Velasco, Fabinho eta Toni Escribanorekin batera. 

Linharesek azaldu du “oso pozik” dagoela. “Emandako aukera honengatik oso pozik nago. Munduko ligarik hoberenean jokatzea amestu izan dut beti, eta Osasuna Magna Xotan aritzea sekulako ohorea da, prestigio eta historia handia baititu. Taldekideak ezagutzeko eta abentura honi ekiteko gogotsu nago” nabarmendu du jokalariak. 

Imanol Arregiren esanetan, Linhares “hegal azkarra da, trebea, eta erasoan eta defentsan intentsitate handikoa. Oso lehiakorra da eta jokoaren irakurketa egiten azkarra”. Taldearen egitura berrian Linhares “jokalari garrantzitsua” izango dela uste du entrenatzaile irurtzundarrak. Izan ere, aurten 6 jokalarik utzi dute Osasuna Magna Xota, eta taldea berregiten ari da Imanol Arregi.