Jorge Cordon 'Iortx'

"Oreka bilatu nahi dut"

Erkuden Ruiz Barroso 2020ko uzt. 21a, 14:33
Jorge Cordon musikaria 'Kimera' antzezlanean. LA BANDA CIRCO-TEATRO

Jorge Cordon 'Iortx' irurtzundarrak bere musikari alderdia azaleratu du 'Kimera' antzezlanean. Antzerkia, zirkua eta musika uztartzen ditu lanak, "batasun" bat sortu arte

Sakana aldean, agian, soinu eta argi teknikari bezala da ezaguna, baina Jorge Cordon Iortx musikaria da. Betidanik jotzen du pianoa, eta, orain, La Banda teatro-circo konpainiaren Kimera ikuskizunean parte hartzen du. Antzezlanaren musika sortu du ere. Egoera asko aldatzen ez bada, uztailaren 30ean Erriberriko Antzerki Jaialdian egonen da eta abuztuaren 30ean Altsasun izanen da, Nafarroako Zirku jaialdiaren barruan.

Zure lehenengo ikuskizuna al da?
Beti musikari lotua egon naiz. Sakanan teknikari bezala ezagutzen nauzue, baina ni musikaria naiz. Musikatik nator. Txikitatik jo izan dut pianoa. Musika orkestretan aritu naiz, baina musikatik bizitzea zaila zela iruditzen zitzaidan, eta soinu eta argi teknikari lanetik bizitzea erabaki nuen. Konturatu nintzen ongi moldatzen nintzela ere. Orduan, bizitza irabazteko teknikari bezala aritu naiz, baina musikari bezala gauzak egiten jarraitu dut. Antzerkian zenbait talderekin kolaboratu dut; kolaborazioak egitea eta jendea laguntzea gustatzen zait. Trasteandorekin, Haize Berriak bandarekin... Altsasun ia kolektibo guztiekin aritu naizela uste dut. Baina konpainia profesional batean ari naizen lehenengo aldia da. Proiektu hau asko gustatu zitzaidan antzerkia eta zirkua uztartzen dituelako, eta musika zuzenean egiten delako. Oso interesgarria iruditu zitzaidan.

Nola sortu zitzaizun parte hartzeko aukera?
Izaskun Lasarte, Txetxu Collado eta Nano Napal, La Banda teatrocirco konpainiako kideak, aurretik ezagutzen nituen. Nafarroan kulturaren mundua ez da hain handia, eta denok ezagutzen dugu elkar. Nano ezagutzen nuen gehienbat. Teknikaria da bera ere, eta noizbait zerbait egin behar genuela esaten genuen. Aukera hau sortu zen. Nanoren eta Izaskunen ideia bat izan zen eta "casting" antzeko bat egin zidaten. Pixka bat pianoa jo nuen, eta, dirudienez, gustatu zitzaien. Ni sartzea erabaki zuten. Ni, oso pozik. Gogoa nuen soinu eta argi teknikari lanetatik musikaren mundura pasatzeko.

Pianoarekin kolaborazioak egitera ohituta zaude, baina orain ikuskizun baten parte zara. Zer desberdintasun ikusi dituzu?
Kimera bezalako ikuskizun batean kontzeptua guztiz aldatzen da. Lauron arteko koreografia bat egiten dugu, eta laurak batera joan behar gara. Gauza bakarra bihurtzen gara; batasun bat lortu behar dugu. Horretarako, entsegu asko egin behar ditugu. Musikarekin jarraitu behar ditut haiek egiten dituzten mugimenduak; beraz, entsegu gehiago eskatzen ditu, eta nire aldetik inplikazio handiagoa ere bai.

Musika ere zurea da.
Bai. Parte hartzen dudan proiektu guztietan nire musika egitea eskatzen diet.

Eta nolakoa da zure estiloa?
Librea. Denetarik egiten dut. Talde batekin ari naizenean, moldatzen naiz. Lan honetarako, antzezlanak eskatzen duenera moldatu naiz. Joxerra Martinez zuzendariak obra guztian du buruan, eta badaki zer behar den eszena bakoitzean. Orduan, niri bururatu zaidana eta Joxerrak esan didana jarraitu dut musika sortzeko.

Zer kontatzen du 'Kimera'-k?
Nahiko ezohikoa da egiteko moduagatik; erabiltzen duen lengoaiagatik. Komedia ukituak dituen drama da, zirkuaren lengoaiarekin kontatuta. Denetarik dauka. Portu batera iristen den neskatxo baten istorioa da, eta bertan elkartzen den jendearekin daukan harremana kontatzen du. Migrazioaren inguruko lana da.

EZOHIKO EGOERA
Urtarrilean antzezlana mustu zenuten, eta, bat-batean, mundua gelditu zen. Zer moduz eraman duzu konfinamendua?
Kulturatik bizi edo kulturan ari garenok gaizki pasatu dugu, arlo ekonomikoari begiratuta. Ez dugu diru sarrerarik izan. Agian estatuaren dirulaguntzaren bat... Baina, beste alde batetik, konfinamenduan nahiko ongi ibili naiz. Uste dut entretenitzeko ahalmen handia dugula musikariok, jotzeko eta gauzak sortzeko aprobetxatu dut. Makalan taldea martxan jartzen ari ginen aurretik, eta bideotxo bat sortu genuen ere.

Kontzentratu egin zen kulturaren sektorea. Zer eskatu zenuten?
Gremio garrantzitsu bat bezala kontuan hartzeko. Garrantzitsua eta ezinbestekoa dela, eta balioa eman behar zitzaiola. Hasiera batean, kultura ez zuten beharrezkotzat ikusi, baina konturatu ziren jende asko dagoela kulturaren atzean, horrek suposatzen duen guztiarekin. Badirudi azkenean zerbait lortu zela, gutxienekoa bada ere.

Pixkanaka agertokiak bizitzara itzultzen ari dira, eta zuek Erriberrin egongo zarete. Zer da hori du zuretako?
Pozik nago. Antzerki klasikoko jaialdi bat da, eta guk antzerkia eta zirkua egiten ditugu. Ez da Erriberrin normalean ikusten dena, eta oso polita da gu deitu izana.

Hainbeste denboraren ondoren, berriz mustutzea bezalakoa izanen da. Urduri?
Urte honetan gertatu den guztiarekin ezerk ez nau urduri jartzen. Gogoa handiagoa da.

TEKNIKARIA ETA MUSIKARIA
Agertokiaren zer alde nahiago duzu?
Egia esan, bi gauzak gustatzen zaizkit. Teknikari lana oso sormenezkoa da, eta jende asko ezagutzen da. Gure artean giro oso polita izaten dugu. Bestalde, musikaren mundua desberdina da. Sorkuntza desberdina da, eta lana ere desberdina da. Nik biak uztartu nahi nituzke, orekatzea. Azken urte hauetan, teknikari bezala, lan asko egin dut, eta orain musikarekin uztartu nahiko nuke. Horretan ari naiz orain, oreka bilatzen. Agian, bat-batean, musikaren mundua gailentzen da. Bizitzaren faseak dira.

Batzuetan ikusezina da teknikariaren lana, baina ezinbestekoa da.
Askotan gertatzen da. Kultura, gaur egun ezagutzen dugun bezala, ezin da teknikaririk gabe ulertu. Ezinezkoa izango litzateke. Ikusten eta entzuten dena posible da teknikari batek bere arte ikuspegitik horrela jarri duelako, eta artistaren mezuarekin bat egiten du. Garrantzitsua eta polita da.