Areto futbola

Osasuna Magna Xota aurre denboraldiko entrenamenduekin hasi da

Guaixe 2020ko uzt. 22a, 12:08
Imanol Arregi datorren denboraldiko taldea egin eta saretze lanetan hasi da.

Areto Futboleko Lehen Mailako 2020/2021 Liga irailaren 5ean hasiko da, eta aurre denboraldian lagun arteko 6 partida jokatuko ditu talde berdeak

Atzo egindako bilera telematikoan, areto futboleko 1. mailako 2020/2021 liga irailaren 5ean hasiko dela erabaki zuen Espainiako Futbol Federazioko plenoak. Liga irailaren 5ean hasiko da, eta, ongi bidean, 2021eko maiatzaren 15ean despedituko da. Bestalde, abenduaren 18tik 20ra 2019/2020ko Errege Koparen Lauko Finala jokatuko da eta Espainiako Kopa 2021eko ilbeltzaren 9an eta 10ean erabakiko da. Espainiako Kopari dagokionez, 2021eko martxoaren 25etik 28ra jokatuko da. 

Ildo honetan, Osasuna Magna Xota, hilabete bateko atsedenaldiaren ondoren, aste honetan itzuli da lanera. Talde berdeak sei aste inguru iraungo duen aurre denboraldia prestatuko du, entrenamenduei ekingo die eta jokalariek mediku azterketak egin beharko dituzte. 

6 lagunarteko partida aurre denboraldian
Aurre denboraldian 6 lagunarteko partida jokatuko ditu Osasuna Magna Xotak. Abuztuaren 8an Futbol Emotion Zaragoza izanen du aurkari, Anaitasunan, eta abuztuaren 12an Servigroup Peñiscola, Anaitasunan. Abuztuaren 15ean Burelako bidea hartuko du talde berdeak Pescados Ruben Burelaren kontra aritzeko, eta abuztuaren 21ean Bartzelonara joango dira Barçarekin jokatzera. Abuztuaren 22an Peñiscolan ariko dira Xotako jokalariak, Servigroup Peñiscolaren kontra, eta abuztuaren 29an Burela taldeak bisita itzuli eta galiziarren kontra lehiatuko dira Anaitasunan.