Musika parkean eta beste, Irurtzungo agendan

Guaixe 2020ko uzt. 24a, 12:02
Aintzane eta Jaione abeslari altsasuarrek emanaldia eginen dute gaur Musika parkea zikloan. UTZITAKOA

Irurtzungo Udalak zinema, antzerkia, musika eta zirkua uztartzen dituen udako egitaraua prestatu du

Koronabirusaren ondorioz, martxoan, kultur ekimenak bertan behera gelditu ziren, baina pixkanaka agertokiak berriz betetzen hasi dira. Udalek udako agendak eta egitarauak egoerara egokitu behar izan dituzte, segurtasun tarteak eta edukiera mantendu ahal izateko. Emanaldiak plazetan eginen dituzte, eta eguraldi txarrarekin, frontoietan. Irurtzungo kasuan, besteak beste, Musika parkean zikloa antolatu dute. Sakanako musikariek parte hartuko dute herriko Gernika parkean eginen diren emanaldietan.

Jaione eta Aintzane abeslari altsasuarrek mustuko dute Musika parkean zikloa gaur, ostirala, 20:00etan. Igandean, hilak 26, 20:00etan, Fran Teno Band Irurtzungo musikaria ariko da Gernika parkean. Datorren ostiralean, 31n, Beietz talde arbizuarrak konfinamenduaren ondorengo lehenengo kontzertua eskainiko du Irurtzunen. Zikloa Makusai eta Makalan taldeek itxiko dute zikloa abuztuaren 21ean. Musika plazan ez ezik, antzerkia ere izanen da Irurtzunen: Etxe sorginduaren misterioa txotxongilo ikuskizuna abuztuaren 2an, Portamundos zirko eta antzerkia uztartzen dituen emanaldia abuztuaren 9an eta Zirko Dabitxiren ¿Y… Pepu? ikuskizuna abuztuaren 16an.