Uda, opor garaia, tokiak ezagutzeko baliatzen du jende askok. Bidaia horiek egiteko modu asko daude, eta gero eta gehiago erabiltzen denetako bat da autokarabana. Garbiñe Galartza Ezkurdiak badu halako bat. “Gurpildun ibilgailu baten gainean etxea da autokarabana. Hainbat motakoak daude: komunarekin, dutxarekin, ohea bakarrik, sukaldearekin. Denetarik dute, imajina dezakezun guztia dute: berogailua, funtsezkoa dena; sukalde osoa; komun osoa; toldoa; bizikletak eramatekoa… Azken finean, etxe guztia barruan duzu”.
Ibilgailu batetik bestera aldeak izaten dira. “Furgoneta txikiek ez dute dutxarik, ibilgailuaren altuerak ez baitu ematen barruan zutik egoteko. Batzuetan kanpoan dutxatzeko zerbait jartzen zaie”. Autokarabanak 12 Volteko argindarrarekin egoten dira normalean, baina transformadorea dute 220 Volteko korronte alternoko tentsioa emateko. Hala, etxe-tresna elektrikoak entxufatzeko aukera izaten da.
Halako ibilgailuak gidatzeko autoen gidabaimen bera behar da. Hala ere, autokarabanek pisu eta bolumen handiagoa dute. Galartzak argitu duenez, “gidatzea ez da problema. Problema da distantzia pixka bat hartzea aparkatzeko lekuan, eta halakoak. Bestela, moldatzen zara, auto bat aldatzen duzunean bezala, horiekin ere egokitzen zara”.
Bi batean
Autokarabanek alojamendua eta garraioa eskaintzen dute. Galartzak dioenez, “abantaila da biak izatea”. Berak duen furgonetak Iruñera zerbait egitera joateko balio dio, baina egunerokoan erabiltzeko ez, nahikoa handia baita. “Lehen txikiago bat nuen eta hura egunerokoan eta oporretara joateko erabiltzen nuen”. Irurtzunen lan egiten duenez, ez du autoaren beharrik eta “abantaila da hori”.
Ibilgailuek, gidarien eta laguntzailearen aulkiez aparte, beste aulki batzuk ere izaten dituzte gainontzeko bidaiariendako. “Denak elkarrekin joan daitezke. Baina inolaz ere ezin da lotara sartu eta lotan zaudela bidaiatu. Segurtasun uhala jarrita, segurtasun neurriak betez bidaiatu behar da”. Eta bidaiarietako batek komunera joan behar badu, edo sukaldetik zerbait hartu nahi badu, “hobe da gelditzea eta hartu beharrekoa hartu, egin beharrekoa egin, eta berriz ere martxan jartzea”.
Eta behin bidaian joanda, autokarabanistek ez dute hotel edo kanpinen bila egon beharrik, etxea gainean baitute. “Toki polita aurkitu, furgoneta ongi aparkatu, ohera sartu, afaldu, mendi-bueltaren ondoren garagardo freskoa hartu… Dena toki berean dugu”.
“Legeak esaten du zuk kanpatzen ez baduzu, turismo baten parekoa zarela eta edozein lekutan lo egin dezakezula. Norberaren autoan lotan gelditzearen parekoa da. Eta zer da kanpatzea? Sabai-leihoa irekitzea, aldeetako leihoak irekitzea, sartzeko maila irekitzea, mahaiak edo aulkiak uztea, toldoa zabaltzea…” Galartzak gaineratu duenez, “udal bakoitza mundu bat da eta bakoitzak bere interesen alde jokatzen du. Hotelak, kanpina edo ordaintzeko aparkalekuak baldin baditu, esaten du ezin dela herrian gaua eman eta isuna jarri ahal dizute”.
Horrekin tentuz ibili beharra dute autokarabanistek, eta herriei buruzko informazioa jaso behar izaten dute. “Espainian nahiko atzean dabiltza. Frantzian askoz aurrerapen gehiago daude. Ea entzuten duten eta, pitteka-pitteka, gune gehiago zabaltzen dituzten. Guk ez dugu inolako arazorik gune batera joan eta ordaintzeko. Baina leku askotan ez daude, eta, beraz, herri batean edozein tokitan egin behar duzu lo azkenean”.
Guneak abiapuntu
Autokarabanen guneek, normalean, aparkatzeko lekuak izaten dituzte. Ur grisak (dutxako eta harrikoko ur zikinak) eta komun kimikoa husteko aukera ematen dute. Ur garbiz eta argindarrez hornitzeko aukera ere badago autokarabanendako guneetan. Zerbitzu gehiago edo gutxiago izan ditzakete guneek. “Gutxienekoa urak hustea da”. Batzuk ordainpekoak dira (argindarra entxufatzeko); doakoak, besteak. Halako tokietan egoteko mugak gunearen araberakoak dira. “Batzuek 48 ordu uzten dute, besteek 76. Eta batzuetan ez dute deus jartzen. Udalaren araberakoa izaten da”.
Guneak oinez edo bizikletan egiteko txangoen abiapuntuak dira. “Horretarako oso erosoak dira. Nahi duzun gauza egiteko aukera ematen dute. Gauden egoeran egonda, guk oporretan jende gutxirekin elkartu nahi dugu. Bizikletak eta mendiko arropa hartu ditugu. Ez dakigu nora eta zein modutan, baina jende gutxi dagoen toki batera joan gara”.
Galartzarendako “autokarabanek ematen duten askatasuna da onena: nahi duzun lekuan lo egin, nahi duzun lekuan esnatu, eguraldi txarra badago beste leku batera mugi zaitezke. Eta planik gabe ibiltzeko aukera. Asteburuan nonbaitera joan nahi duzula? Hartu eta joan. Ez duzu lo-tokian, eguraldian eta halakoetan pentsatu beharrik, furgoneta hartu eta alde egin”. Galartzak azaldu duenez, normalean irteerak planifikatu egiten dituzte. “Baina opor hauek planifikatu gabe egin ditugu. Galiziara joatekoak ginen baina bidaia luzeagoa denez eta egoera nola dagoen ez dakigunez, nahiago dugu pixka bat hurbilago eta Leon aldera joan gara. Baina ez dakigu non bukatuko dugun, Galizian, Leonen edo Asturiasen. Jende gutxi dagoen tokia nahi dugu: erreka putzu batzuk hartu, mendian pixka bat ibili, baina bakarrik ibiltzea”. Horretarako, hozkailua eta izozkailua ongi beteak eraman dituzte.
Autokarabana gehienetan uda partean erabiltzen dutela esan du Galartzak. “Neguan ere erabiltzen dugu, baina 3 urteko umea dugu eta ez dugu eskiatzeko afiziorik. Ilbeltzean eta otsailean oraindik ez gara inora joan, baina, bestela, bai. Berdin da mendira joan edo herri txikitxo batzuk ikustera. Furgonetan ez da hotzik pasatzen”. Urte guztian erabiltzeko aukera dutenez, “nik uste autokarabanistek opor gehiago izaten ditugula urtean zehar. Astebururo joateko aukera dugu. Zorte hori dugu”.
Gordetzea, alokatzea
Prezioarekin batera, halako autokarabanen traba gordetzea da. Espazio handia behar da. Galartza zortekoa da, eta gurasoen bajera handian gordetzen du. Han hornitzen du urez eta argindarrez. Bestela “Irurtzunen badira kalean uzten dituztenak. Niri min handia ematen dit autokarabana bat kalean ikusteak. Baina, beno, jendearen egoera desberdina da. Badaude ere industrialdean edo herriren batean pabiloiren bat alokatzen dutenak. Ororbiako lagun batzuek Urritzolan daukate”. Autokarabana babesean izatearen aldekoa da Galartza: “astez ez baduzu auto gisa erabili behar, hoberena gordeta eta ongi zaindua izatea da”.
Errepidean gero eta autokarabana gehiago ikusten dira hara-hona. “Jendeak esaten du hotela gustatzen zaiola, baina behin probatuta, gustukoa bihurtzen da. Ematen dizun askatasunak ez du preziorik”. Erosi edo alokatu? “Erosi baino lehen probatu egin behar da. Nik erostea nahiago dut, alokairuek dirutza balio dutelako. Baina bakoitzaren egoeraren arabera: gordetzeko tokirik ez baduzu, erabili behar duzuna… Astebururo erabili behar badut, erostea komeni zait. Urtean behin, udan autokarabanan ibiltzeko bada, alokatu eta listo”.
Autokarabanen alokairuak gora egin du. “Hedabideek hori esan dute: dagoen egoerarekin, aurtengo oporrak autokarabanistenak izanen dira. Bai, aukera gehiago daude, baina egoerak horretara eraman gaitu. Baina aurretik ere joera bazegoen. Modan dagoen gauza bat da”. Bestetik, matxura izanez gero, betiko mekanika tailerretara eraman behar dira autokarabanak. “Altzariren batean, urarekin-edo arazoak izanez gero, erosi duzun etxera eraman beharko zenuke”.
Irurtzungo guneaz
Udalak Plazaolako trenbideko zubiaren ondoan autokarabanendako gunea eginen du. “Nik aspaldi eskatzen nuen herrian halako bat jartzea. Jendeak pentsatzen du autokarabanistok ez dugula herrian dirurik uzten. Baina guk ogia erosten dugu, kalean bazkaldu, edo garagardo bat hartzera joaten gara. Herrian dirua uzten du autokarabanistak. Berri oso ona da. Alkateak autokarabanistei albistea eman zigunean, oso pozik jarri ginen”. Galartzaren iritziz turistak etortzeko “puntu garrantzitsua da. Gainera, egon behar den lekua primerakoa da: Plazaolako bide berdea. Leku polita da”.
Udalak deituta, Irurtzungo autokarabanistek alkatearekin bilera izan zuten. “Eskertzekoa da guri aukera ematea. Azkenean, diru kontua da gauza gehiago edo gutxiago jartzea. Ez dakigu azkenean zertan geldituko den. Urak husteko izanen ditu. Itzala egiteko zuhaitzak jarriko dituzte, oso garrantzitsua dena. Merendero antzeko bat izanen du. Argindar hartunea, ahal balitz, bai. Bestela, etorkizunean jartzeko aukera legoke”.
Irurtzunera edo edozein tokitara joaten diren autokarabanistek izan beharreko jokabidea izan beharko litzateke: “jarrera irekia; natura eta herria ezagutzea; garbitasuna, norbere hondakinak eramatea, lekua oatzea gustatuko litzaizukeen bezala utzi behar duzu”.
COVID-19
Gaixotasunak eragindako pandemiak ohitura aldaketak ekarri ditu. Esaterako, pertsonen arteko distantzia mantendu beharra. “Ni familiarekin noa oporretara. Etxean elkarrekin egoten gara. Beraz, arazorik ez. Askatasuna ematen dizu edozein lekutan aparkatu, jende gutxirekin elkartu, mendira joateko. Ez dut hotel batera joan beharrik eta, beraz, ez ditut gauzak ukitzen eta ez dut tentuz ibili beharrik”. Salbuespena autokarabanendako guneetan ukituko luketena litzateke.
Autokarabana motak
Ibilgailu horiena “mundu bat dela” esan du Galartzak. “Gauza gutxiago dituzte, baina gaur egun auto txikiak ere egokitu egiten dira autokarabana gisa (Berlingo modukoak), ohea, sukalde txikitxoa… Kendu eta jartzeko aukera izaten dute”. Galartzak autokarabanak etxeekin alderatu ditu: “zenbat eta gehiago ordaindu, orduan eta hobeak eta gauza gehiago izanen ditu”. Norberak prestatzeko aukera dago. Furgoneta erosi, eta ondoren autokarabana gisa prestatu. Ibilgailuan egiten diren moldaketa guztiak homologatu egin behar dira. Hala dio legeak. “Enpresek badituzte halako homologazioak egiten dituzten langileak”.
Campers izena hartzen dute autokarabana gisa egokitutako furgoneta handiek, barruan zutik egotea ahalbidetzen dutenak, esaterako, Fiat Ducato edo Peugeot Boxer. Prestatuta erosten dira beste batzuk, Volkswagenen California modeloa esaterako. Haietan lau pertsonak lo egiteko aukera izaten da. Lau ereduetatik arinena da, eta erregai kontsumo txikiena du. Espazio muga handiena du ere. Ez da gainontzeko ereduak bezain nabarmena.
Galartzak esan duenez, “txikitan autokarabana bat marrazten genuenean, halakoak marrazten genituen”. Eta halakoei kaputxinoak deitzen zaie. Gidariaren kabina gainean ohe bikoitza izaten dute. Barne espazio handiaren sentsazio ematen dute. Zazpi pertsona arteko espazioa izan dezakete. Autokarabana eredu guztien artean pisu handiena dutenak dira, eta, beraz, erregai kontsumo handiagoa.
Perfilatuak aerodinamikoagoak dira eta, ondorioz, erregai kontsumoa txikiagoa da. Kaputxinoak baino pixka bat baxuagoak dira, gidariaren kabina gainean biltegia dagoelako eta ohea atzeko aldean. Autokarabanako egongela gainean ohe baskulagarria dute modelo berriek. Horrela bost plaza lortzen dituzte.
Integratuak guztietan aerodinamikoenak eta ikusgarrienak dira. Kristal handiagoa dute aurreko aldean. Gidariaren eta laguntzailearen aulkiak karabana barrurantz bueltatu daitezke, eta, horrela, gidari kabinak eta egongelak bat egiten dute. Jatorduetarako erabili daiteke. Ohe bikoitza gidariaren kabinaren azpian dago, barruak espazio handia uzten baitu. Goi mailako ekipamendua dute.
Elkarteak
Autokarabanismoa sustatzea, kideendako irteerak antolatzea, guneak sortzeko sustapen lana egitea, bazkideei gune, tailerren eta bestelakoetan abantailak eskaintzea… Halako egitekoak dituzte autokarabanisten elkarteek. Inguruan bi ditugu: Sorbeltz eta Tximeleta.