Areto futbola

Osasuna Magna Xotak urriaren 18an ekingo dio ligari

Guaixe 2020ko ira. 1a, 13:47

Osasuna Magna Xotako ekipazio berriaren aurkezpena.

Espainiako Futbol Federazioak astelehenean publikatutako komunikatuan jasotzen da Lehen Mailako Areto Futboleko Liga urriaren 18an hasiko dela, eskatutako protokoloa betetzen bada

Atzo, astelehenean, Espainiako Futbol Federazioak, prentsa komunikatu bidez, 2020/2021 denboraldiko Lehen Mailako Areto Futbol Txapelketa urriaren 18an hasiko dela azaldu zuen, beti ere Gobernuak eskatutako protokoloak betetzen badira. Hasiera batean liga irailaren 5ean hasiko zela azaldu zen, baina federazioak atzo adierazi zuenez, hilabete luze atzeratuko da liga hasiera, urriaren 18raino hain zuzen ere. 

Wanderson eta Jesus, fitxaketa berriak
Bitartean, denboraldi berrirako taldea osatzeko lanetan burubelarri dihardu Osasuna Magna Xotak. Taldea berregiteko egindako bost fitxaketei –Dani Zurdo, Cesar Velasco, Fabinho, Toni Escribano eta Linhares– beste bi fitxaketa gehitu behar zaizkio, Imanol Arregik zuzentzen duen taldera beste bi jokalari berri helduko baitira: Wanderson eta Jesus. Horrela, aurreko denboraldian agur esan zuten sei jokalariek utzitako hutsunea betetzen ari da Tatono Arregi presidenteak gidatzen duen taldeak.  

Wanderson Carlos Alves Da Silva brasildarra atzelaria da, esperientzia handiko jokalaria, talde berdearen defentsa sendotuko duena. Brasilgo zenbait taldetan jokatu eta gero, azken denboraldian Kazajistango Ayat Futsal taldean aritu zen Wanderson. Imanol Arregi entrenatzailearen esanetan “defentsa bikaina da. Teknikoki ongi ibiltzen da, jaurtiketa bikainak egiten ditu eta pasatzaile bikaina da. Atzeko aldean lagunduko gaitu, eta Roberto Martil, Juninho eta Tonyren osagarri bikaina izanen da”. 

Beste fitxaketa berria Burgosko Jesus Preciado jokalari gaztea da, azken bi denboraldietan 2. mailako Tafatrans Vulcanizados Ruiz taldean aritu den 24 urteko hegal pibota. “Tafatrans taldean lan ona egitetik dator, gurekin darama aurredenboraldi guztia eta aukera bat izatea merezi du. Kategoria aldaketa handia izango da berarendako, baina aukerak izango ditu. Jokalari azkarra da, gola du eta ezkerra da. Pozik nago, gurekin egotea irabazi duelako” adierazi du Imanol Arregik. 

Wandersonek eta Jesusek adierazi dutenez, “oso pozik” daude talde berdeak eman dien aukerarekin eta denboraldi berria hasteko irrikitan daude. 

Jantzi berrien aurkezpena
Osasuna Magna Xotak 2020/2021 denboraldiko jantziak aurkeztu zituen agorrilaren 21ean, GIOS etxe italiarrak sortutakoak. Jantzi nagusia berdea da, eta bigarrena Osasunaren gorria. Hirugarren ekipazioa zuria da. Atezainaren jantzia horia izango da eta atezain-jokalariarena, aldiz, laranja. Roberto Martil, Mancuso, Bynho, Asier Llamas eta Linhares jokalariak izan ziren jantzi berriak aurkeztu zituztenak. 

Roberto Martil eta Asier Llamas izango dira kapitainak
Iazko denboraldian sei jokalarik utzi zuten Osasuna Magna Xotak eta taldea berregituratze bidean 7 jokalari fitxatu ditu talde berdeak. Imanol Arregik talde oso gaztea izango du bere aginduetara, eta jokalari berriak ongi integratzeko eta taldea sortu eta egiteko lanetan Imanolek kapitainen laguntza ezinbestekoa izango du. Roberto Martil jokalari irurtzundarrak kapitain lanetan jarraituko du eta Asier Llamas atezain irurtzundarra izango da bigarren kapitaina. Asier kapitain lanetan mustuko da. 

Aurre denboraldiko lagunarteko partidak, bertan behera
Osasuna Magna Xotak aurre denboraldian lagunarteko sei partida jokatzea aurreikusten zuen Futbol Emotion Zaragoza, Servigroup Peñiscola, Barça Futsal eta Pescados Ruben Burela taldeen kontra, baina partidak ezingo dira jokatu, federazioaren baimena ez dutelako jaso.