Pilota

Espinal eta Arbizu 28. Irurtzun Pilota Txapelketako txapeldunak

Guaixe 2020ko ira. 18a, 11:25
Finalista guztiak, alboan Nafarroako Kirol eta Gazteria Institutuko zuzendari Miguel Pozueta dutela.

Aurreko larunbatean jokatutako final handietan Retegi eta Azanza 12 tantotan utzi zituzten, final ikusgarrian. Promesen mailan  Bustince eta Azpiroz gailendu ziren. Asteburuan Irurtzun Pilota Elkarteak Espainiako Kluben Arteko Pilota Txapelketako azken fasea jokatuko du Labriten. 

COVID-19 birusaren agerpenetik Nafarroan jokatu den pilota txapelketa bakarra izan da 28. Irurtzun Pilota Txapelketa. Uztailean hasi zen eta larunbatean jokatu ziren final handiak, Irurtzungo Biaizpe pilotalekuan. Promesen mailan 12 bikote lehiatu ziren txapelketan eta senior mailan 9 bikote, eta onenek jokatu zituzten larunbateko finalak. Giro polita zegoen Biaizpe pilotalekuan eta jendea poliki bildu zen, beharrezko segurtasun neurriak hartuta. “Oso final politak izan ziren, eta sekulako giro ona zegoen Biaizpen. COVID-19 dela eta, 212 pertsonendako tokia zegoen eta 190 pertsona inguru bilduko ginen. Gustura, arratsalde pilotazale polita izan zen” azaldu du Irurtzun Pilota Elkarteko presidente Miguel Beraza Loidik.

Promesetan, Bustince eta Azpiroz faboritoak gailendu ziren
Aurreikusi moduan, final ederrak izan ziren. Bitxikeria moduan, jokatu ziren hiru partidak emaitza berberarekin despeditu ziren: 22 eta 12. Promesen mailan, Bustince eta Azpiroz Iriarteren eta Lizarragaren kontra aritu ziren. Lehenak ziren faboritoak eta ez zuten huts egin. Paretsu hasi zen partida, baina Azpiroz bikain aritu zen atzeko koadroetan, dominatu egin zuen, eta horrek Bustinceri jokaldiak behar bezala errematatzeko aukera eman zion. Presioa eta nerbioek eragina izan zuten Adur Lizarragarengan, gazteagoa izaki eta, azkenean, Bustince eta Azpirozek 12 eta 22 irabazi zieten Iriarteri eta Lizarragari, partida oso politean. 

Seniorretan, sorpresak
Senior mailan, lehenik eta behin 3. eta 4. postuak zehazteko partida jokatu zen. Ollo eta Aldabe izan zituzten aurkari Olaetxeak eta Bergerak. Bi bikoak primerakoak dira, baina Olaetxea eta Bergera ziren, akaso, faboritoak. Hala ere, partida gogor eta lehiatuan, Ollok eta Aldabek zezena adarretatik hartu eta gutxika abantaila lortzen hasi ziren, azkenean 22 eta 12 gailendu arte. Ikuskizun ikusgarria izan zen. “Egia esan, sorpresa eman zuten Ollok eta Aldabek. Partida oso lehiatua izan zen, gogorra, baina tantoak Olloren eta Aldaberen alde erortzen hasi ziren. Gehiago asmatu zuten” azaldu du Berazak. 

Bukatzeko, Irurtzungo Torneoko seniorren final handia jokatu zen. Espinal eta Aaron Arbizu, batetik, eta Retegi Bi eta Azanza, bestetik. Bi biko ikusgarri denboraldiko lehen torneoko txapela jantzi nahian. Retegi Bik eta Azanzak biko indartsua osatzen dute, baina Aaron Arbizu etxarriarrak atzeko koadroak dominatzen baditu, arerioak bezain arriskutsuak dira Espinal eta Arbizu, edo gehiago. Eta hori izan zen larunbatean Irurtzunen gertatu zena, Arbizu atzealdean gailendu zela eta, Espinalen laguntzarekin, Retegi Biren eta Azanzaren gainetik pasa zirela; 22 eta 12 irabazi eta Irurtzungo txapela jantzi zuten Espinalek eta Arbizuk. “Arbizu bikain aritu zen atzean, eta Espinali koadro alaietan guztia atera zitzaion ongi. Aldiz, Retegi Bi eta Azanza, faboritoak zirenak, atzean ibili ziren, erremolkean. Espinalek eta Arbizuk sekulako partida egin zuten eta merezita jantzi zuten txapela” gaineratu du Berazak. 

Irurtzunek Espainiako Kluben Arteko Txapelketako azken fasea jokatuko du asteburuan
Asteburuan Espainiako Kluben Arteko Txapelketako azken fasea jokatuko du Irurtzunek, Labriten.  “Ostiralean Espainiako Kluben Arteko Txapelketako finalerdiak jokatuko ditugu, Labriten, 17:00etatik aurrera. Banakako Txapelketan San Cosme (Burgos) du arerio Irurtzunek, eta, Binakakoan, Uharte Iruñea. Aurrera eginez gero, finalak igande goizean jokatuko dira, Labriten” aipatu du Berazak. 

Banakakoan Julen Retegi, Olano edo Armendarizek jokatuko dute orain arte, eta horietako bat ariko da. Binakakoan Ongai-Olaetxea edo Bergera-Arbil ibili dira lehian, eta lau pilotari horiekin osatutako bikote batek ordezkatuko du Irurtzun.  “Printzipioz, bai Banakakoan eta baita Binakakoan ere, finalerdi oso paretsuak aurreikusten dira, baina gainontzeko pilotariak jokoz nola ibiliko diren ez dakigu, hilabete hauetan ia ez baita lehiaketarik izan. Ikusiko da” nabarmendu du Irurtzun klubeko presidenteak. 

Espainiako Kluben Artekoa bukatuta, aurki, 15 egunetan, Nafarroako Banakako Pilota Txapelketa hasiko da eta bertan lehiatuko dira Irurtzun klubeko pilotariak. Eta azaroaren 7an, goizeko 10:30ean Euskal Herriko Kluben Arteko Txapelketa Nazionaleko finala jokatuko du Irurtzunek, Zumarragan. Oraindik ez daki nor izango duen arerio, Lemoak eta Ultzamako Buruzgainek oraindik finalerdia jokatu gabe dutelako. 

Txikien pilota eskolen hasiera urriaren 1era atzeratu dute
COVID-19 dela eta, hasiera batean irailaren 14tik aurrera ziren hastekoak kategoria txikien pilota eskola edo klaseak, baina urriaren 1era arte atzeratu dute hasiera hori. “Txikienen entrenamendu hasiera atzeratu dute, eta hori kontuan hartuta pentsatzen dut kategoria txikienen lehiaketa azarotik aurrera hasiko dela. Dena den, pandemiaren egoeraren arabera aldaketak egon daitezkeelakoan nago, eta ikusiko dugu nola ibiltzen garen” adierazi du Berazak.